Esan daiteke jada: beste aro historiko batean sartu da euskal musikagintza. Pabiloien aroa dei geniezaioke, horretarako kontsentsurik balego. Bukatu zen Euskal Rock Erradikalaren sasoia. Gizarte mugimenduetatik gertu sortutako jaialdiak fase berri batean dauden zantzuak iragarri ditzake Hatortxu Rock-en aurtengo agurrak. Aparraldiaren ostean egonkortuta dirudi makrojaialdien garaiak. Eta, orain, beraz, bete-betean sartu gara taldeek eurek sortutako makroekitaldien garaian. ETS taldeak BEC erakustazokan egindakoa izan da azkena, baina berehala datoz Chill Mafiaren agurra, Izaroren Cerodenero diskoaren biraren amaierako kontzertua, Fermin Muguruzak ekainean Anoetan egingo duena, eta, urrunxeago, Zetak taldearen iraileko hiru emanaldiak Donostian, Fermin Muguruzaren birako azken kontzertua, eta, abenduan, Gatiburen azken agurra. Hori dena, seguruenik ez kasualitatez, koronabirusaren krisia piztu zenetik bost urte bete diren honetan.
ETS taldeak 45.000 pertsona bildu ditu hiru egunez Barakaldon (Bizkaia), eta biharamunean saldu ditu 2026an Madrilgo Movistar Arena betetzeko 15.000 sarreretatik ia-ia guztiak, eta hurrengo egunean iragarri dute Bartzelonan beste hainbeste egiteko asmoa. 45.000 ikusletik gora biltzea ez ezik, kopuru hori normalizatzea da, akaso, honetan guztian berria dena. Eta, kasu honetan, euskarari erabateko zentraltasuna emanda egin du hori ETSk. Erresonantzia kutxa handi batekin. Hedabideek sustatutako ikusgaitasunarekin. Eta, ez dadila aipatu gabe geratu: hala erakunde publikoen nola babesle pribatuen oniritziarekin eta babesarekin.
Aro aldaketa ez da gogoeta kritikorik gabe gertatu, halere.
Jakin aldizkarian mikatz egiten zuen analisia Beñat Goitia Bennizze musikariak. «Eraikitzen ari garen sistema kulturala kapitalismoaren parametroetan eraikitzen ari da, asimilatzen gaituen erdal sistema maioritarioaren parametro beretan». Eta gero: «Globalizazio basatia iritsi da. Minoritarioa dena are minorizatuago dago. Hurkoa garaitzea da helburu bakarra. Llados. Eta euskaldunok azken hamarkadetan izerdi eta sufrimendu handiz eraikitako sistema guztia korrontea babesten eta elikatzen ari da. Gu ere mainstream-aren bilaketa itsuan sartu gara. Euskalmainstream-a da gurea, bai, baina mainstream-a. Eta baztertua den komunitate txiki batek ez du mainstream-ean jokatzeko gaitasunik».
Eta baietz Odei Barrosok ere, egunotan Zazpika aldizkarian Sustrai Colinak egindako elkarrizketan. «Zetak-ek Nafarroa Arena bi aldiz leporaino betetzea ona da euskararentzat, baina horietako zenbat joaten dira euren herrian antolatzen diren kontzertuetara? Oasiaren kultura da nagusi. Gauza bera gertatzen da Korrikarekin, Herri Urratsekin... Oasiak sortzen ditugu, urte osoko desertuei ez heltzeko».
Herriko festak hartu ditu inspirazio iturritzat ETS taldeak urteurren kontzertuetarako —aurrez Zetak-ek inauteriak hartu bezala—, baina hain justu ere hori falta izan da emanaldietan: herria. Eta, noski, zilegi da emanaldi bat osatzeko edozein iturri baliatzea. Ez da berria ariketa, izan ere. Eta gaur egungo euskal kultura ez litzateke inolaz ere gaur egun den hori izango baldin eta birkokatze eta esanahi berritze horiek gertatu ez balira. Ez Dok Amairuk egindako tradizioaren berrinterpretazioa, Artze anaiek txalapartari emandako esanahi garaikidea, eta halako mila. Baina zilegi da horrek piztutako gogoetak ere plazaratzea.
Testuinguru jakin bati oso lotutako kultur adierazpenak baitira bai herriko festak, bai eta inauteriak ere, eta, hain justu, gertakari horiek testuinguruz gabetzeko joera horrek indartu egiten du beste kultur aro batean sartu izanaren errezeloa. Leku eta garai jakin batean gertatzen diren kultur adierazpideak hartu, eta BEC, Nafarroa Arena, Movistar Arena edo antzeko beste ezleku batera eraman dituzte emanaldi erraldoi horiek. Eta mugimendu horrekin, testuinguru jakin horietan metatuz joandako esperientzia eta legitimazio kultural guztia merkatuaren logikaren arabera eraikitako testuinguru batera lekualdatzen dira. Sold out-aren logikara. Aurresalmenten antsietatera. Euskara sustatzeko asmoarekin ere bai, ezin da ukatu hori, baina kontsumoaren logikaren arabera eraikitako inguru batean, halere. Eta bi logika horien arteko tentsioak ere bistakoak izan dira, besteak beste, BECen.
Noiz-eta Kutxabankeko zuzendariak euskarazko hezkuntza atzerriko talentua erakartzeko traba izan daitekeela esan zuen egun berean, BBK bankuaren logotipoak eta iragarkiak ikus zitezkeen ETSren kontzertuko pantailetan, emanaldia hasi aurretxoan. Eta detailea aski zukutsua izan zitekeen arren —ez zuen gehiago egiteko beharrik ere, baina—, zeharkako aipamena baino ez zion egin adierazpen haiei Jon Maia bertsolariak larunbateko emanaldian bertan.
Antolakuntzarekin eta babesleekin aurrez adostutakoak baino ez du lekurik makroekitaldi horietan. Onerako, bai, horri esker bestela lortzen ezinezkoa izaten den zentraltasuna izaten baitute euskarak —ziur— eta genero berdintasunak —bai mezuetan, baina ez hainbeste artisten kopuruetan— . Baina izan dezake itzalik ere. Eszenatokian eta bozgorailuen bidez antzematen den euskararen nagusitasuna tapaki moduko bat ere izan baitaiteke eszenatokitik kanpoko diglosiarentzat.
Eta agian horregatik, gatazkak esplizitu ez egiteagatik, dute gustuko erakundeek eredu hori.
Neurri batean, diseinuko aisialdi gune horietan gertatzen den salbuespenezko egoera linguistikoa gune errealetara eramateak behar luke hurrengo urratsa. Testuingururik gabe sortutako euskararen zentraltasun hori, adibidez, berriz ere testuingurua duten lekuetara eramatea. Eta horixe kantatu zuen Maddalen Arzallus bertsolariak, herriko plaza bateko balkoi baten erreplika gisa BEC erakustazokako bazter batean dekoratu zioten atrezzoko balkoitik. «Etorkizun horretan/ nor ez da euskaldun?/ Nola ez harro sentitu/ eta euskaraz jardun./ Festaz festa herri hau/ osatu dezagun,/ eta elkartzen garenez/ horrenbeste lagun:/ herriko plazak ere/ konkista ditzagun».
Izan ere, gatazka egon badago. Beti. Kultura bat bizirik dagoen artean, behintzat.
Eta iragar daiteke kultur ereduari buruzkoa ere izango dela eztabaida hurrengo urteetan. Makroekitaldi horiez gainera, ezinbestekoa baita era ezkutuagoan eta gatazkatsuagoan joan ohi diren esparru txikiago eta lokalagoetako lana ere. Eta, seguruenik, erakundeei hori gogoraraztea izango baita pabiloien aroak iragartzen dituen beste erronketako bat. BECeko betekada ezin baita izan egunerokorik xeheenari lotutako kultur proiektuentzako babesa murriztearen bizkar. Eta jadanik hasiak dira halako abisuak.
ETS taldearen BECeko kontzertuetako baten biharamunean bertan egunerokorik xeheenari lotutako kultur proiektu batera joan, eta kultur egitaraua bertan behera uztear daudela entzun baitiezaiokezu arduradunari, haren hitzetan, besteak beste, erakundeek esandakoaren arabera, ez dutelako horretarako dirurik. Gertatu daiteke eta gertatu da. Etorkizunean gerta ez dadin lortzea da erronka.
