Donostiako 76. Musika Hamabostaldia

Oztopoak gaindituz zaildutako musikaria

28 urterekin hil zen arte, Jose Maria Usandizagak ehun lanetik gora sortu zituen; horietako asko, euskal folklorearekin lotutakoak. Hark osatutako 'Mendi Mendiyan' euskarazko opera oholtzaratuko dute bihar Donostiako Kursaalean.

2015eko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
G azte zela lortu zuen arrakasta, eta gazte hil zen, baina horrek ez zuen ekidin XX. mendeko euskal konpositore eta piano jotzaile entzutetsuenetako bat bilakatzea. Jesus Guridi konpositore gasteiztarrarekin batera, euskal operaren aitzindaritzat hartzen da Jose Maria Usandizaga, haren obrek izan zuten arrakasta eta kalitatearengatik. Erabili zuenteknikagatik eta euskal folkloreari eman zion tratamendu bereziagatik, eskola nazionalista berriaren erreferente bilakatu zen. Donostian jaio zen, 1887an, eta era goiztiarrean hil, 1915ean; hiri horretako musikari garrantzitsuenetakoa da, hil eta gutxira Donostiako Orfeoiak egin zion monumentuak erakusten duenez. Donostiako Hamabostaldian, haren obra ezagunenetariko bat izango da entzungai bihar Kursaalean, 20:00etan: Mendi Mendiyan euskarazko opera.

Euskalduna izanik, Usandizagak hainbat lan idatzi zituen euskaraz, tartean Umezurtza olerki sinfoniko korala, eta Mendi-Mendiyan bera. Guridi, Nemesio Otaño eta Aita Donostiarekin batera, oihartzun unibertsala eman zion euskal musikari, eta euskal kultura piztu zuen musika arloan. Haren lanei erreparatuz, ikus daiteke sormen handiko musikaria izan zela, tradizionalismo akademikokoa hasieran, eta askeagoa eta pertsonalagoa, berriz, ondoren. Giacomo Pucciniren obra dramatikoarekiko eta Errusiako musika nazionalistarekiko miresmen handia agertu zuen, ekoitzi zuen obran ikus daitekeenez. Oro har, Frantziako erromantizismoaren ondorengo arrastoa ikusten da haren lanean.

Bizitza osoan izan zuen itxura ahularen atzean, bestalde, haurtzarotik sortu zitzaizkion osasun arazoak zeuden. Izan ere, tuberkulosia pairatu zuen txikitatik. Bost neba-arreben artean nagusia zen, Usandizaga Donostiako giro burgeseko familia dirudun batean jaioa. Bazuen familian bertan musikarekin harremana zuen senitartekorik; izan ere, Candido Soraluze osaba ere konpositorea izan zen. Etxean ikasi zuen idazten eta irakurtzen, eta txikitatik hasi zen musikarekiko zaletasuna erakusten.

Bost urterekin, betiko herren geratu zen. Pianoaren inguruko lehen ezagutzak amarengandik jaso zituen, eta, bederatzi urterekin, Donostiako kontserbatorioan ikasten hasi zen. Adin horrekin konposatu zuen bere lehen lana, pianorako bals bat.

Parisen, lau urtez

Ordurako, bolo-bolo zebilen Donostian haur mirari bat zegoen zurrumurrua. Hamaika urterekin azaldu zen lehen aldiz jendaurrean, Donostiako Kasino Handian. Hortik aurrera, ez zen gelditu. Hamalau urterekin, Parisera abiatu zen, hango Schola Cantorum ospetsuan ikastera, eta hantxe bizi izan zen 1901 eta 1905 urteen artean. Parisen ezagutu zituen, besteak beste, Resurreccion Maria Azkue eta Jesus Guridi musikari euskaldunak. Zoritxarrez, Parisen lau urte zeramatzanean min hartu zuen eskuan, eta piano eskolak utzi behar izan zituen aldi batez.

Horren ondorioz, aldatu egin zuen bere orientazio musikala, eta musika lanen konposizioan bakarrik aritzeari ekin zion buru-belarri. Garai hartan konposatuzituen lanen artean nabarmenak dira Schola-ren orientazio katolikoa eta Frantziako organoaren tradizioa. 1906ko urtarrilean Donostiara itzuli zen behin betiko. Bere lanei esker euskal folklorean garrantzi handia bereganatzen hasi zen; horrela, konposizio arloko lehen sariak irabazi zituen Donostia, Elgoibar, Eibar eta Hernaniko euskal jaietan. Donostiako saria Irurak Bat lanarekin irabazi zuen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa eskualdeen batasunari erreferentzia eginez. Horretaz gain, Bidasoa, Euskal festara eta Fantasía Vascongada lanak konposatu zituen.

Jardun arrakastatsua

Haren hiru opera nagusiak geroago heldu ziren. Garrantzitsuena, Mendi-Mendiyan izenekoa—«euskal opera lirikoaren»sorrera ekarri zuena, adituen esanetan—, Bilboko Koru Elkartearen enkargu baten ondoren etorri zen, eta Bilboko Campos antzokian oso txalotua izan zen. Usandizaga bera aritu zen zuzeneko emanaldietan zuzendari. Lan hura euskal kulturaren pizkundean ardatz izan zen urte haietan. Donostian ere aurkeztu zuen, eta,gero, berriro ere Bilbon, Arriaga Antzokian. Zuen ospea zela-eta, Donostiako Udalak Usandizagari eskatu zion Donostiako sutearen mendeurrena gogoratzeko 31 de Agosto de 1813 ereserkia egiteko, eta, lan hari esker, Mendeurreneko Urrezko domina lortu zuen.

Las Golondrinas zarzuelarako obrari esker, arrakasta handia lortu zuen Espainia aldean, eta hango egunkari guztien onarpena jaso. Horren bidez, konpositore ezagun eta miretsienetako bat bihurtu zen Espainian. Hirugarren eta azken opera, La Llama izenekoa, amaitu gabe utzi zuen Usandizagak, eta, hil ondoren,haren anaia Ramonek amaitu behar izan zuen. 1918an estreinatu zuten Viktoria Eugenia antzokian; biraketa exotikoak eta euskal folkloreko hainbat elementu nahastu zituen lan hartan. Txikitatik pairatu zuen tuberkulosiaren eraginez hil zenean,28 urterekin, Donostian inoiz izandako dolu adierazpen jendetsuenetako bat jazo zen, eta hiriko biztanleek hainbat omenaldi egin zizkioten.

Usandizaga belle époque garaiko euskal kulturako eta Donostiako ikur nagusietako bat izan zen. Egun, Euskal Herriko kaleetan oraindik ere ageri da haren arrastoa, hainbatek haren izena baitaramate, hala nola Donostian bertan, Bilboko Zorrotza auzoan, Sestaon (Bizkaia) eta Errenterian(Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.