Ozonen 'Peter von Kant' filmak abiatuko du 72. Berlinale, gaur

Claire Denis, Hong Sang-soo eta Isaki Lacuesta lehiatuko dira Sail Ofizialean, besteak beste

François Ozonen Peter von Kant filma. BERLINALE.
Andoni Imaz
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Datorren ekainean beteko dira 40 urte Rainer Werner Fassbinder zinemagilea hil zenetik. Hilabete batzuk lehenago aurkeztu zuen Die sehnsucht der Veronika Voss filma (1982), Berlinalen, eta bere ibilbideko Urrezko Hartz bakarra irabazi zuen hari esker. Gaur bertan, François Ozonen Peter von Kant filmak inauguratuko du Berlingo 72. Zinemaldia, hain justu, Fassbinderren Die bitteren tränen der Petra von Kant (1972) filmaren moldaketa libre batek.

Gaur hasi eta hilaren 20ra bitarte egingo dute zinemaldia, aurrez aurre, iazko jaialdi ezohikoaren ondoren, neurri murriztaile zorrotzak hartuta. Aretoak erdiraino beteko dituzte gehienez, eta ikusleek, sartu ahal izateko, koronabirusa atzemateko test bat egin beharko dute egunean bertan, txertatze edo osatze agiria erakusteaz gain.

Hemezortzi filmek parte hartuko dute Sail Ofizialean. Ozonen lanaz gain, hauek ariko dira lehian: Nicolette Krebitzen AEIOU - Das schnelle alphabet der liebe, Carla Simonen Alcarràs, Claire Denisen Avec amour et acharnement, Ulrich Seidlen Rimini, Phyllis Nagyren Call Jane, Michael Kochen Drii winter, Rithy Panhren Everything Will Be OK, Ursula Meierren La ligne, Paolo Tavianiren Leonora addio, Mikhael Hersen Les passagers de la nuit, Kamila Andiniren Nana, Andreas Dresenen Rabiye Kurnaz gegen George W. Bush, Natalia Lopez Gallardoren Robe of Gems, Hong Sang-sooren So-seol-ga-ui yeong-hwa (The Novelist's Film), Isaki Lacuestaren Un año, una noche, Denis Coteren Un été comme ça eta Li Ruijunen Yin Ru Chen Yan (Return to Dust).

Ohorezko saria Hupperti

M. Night Shyamalan zinemagilea izango da epaimahai ofizialeko burua, eta aldamenean izango ditu Karium Ainouz, Anne Zohra Berrached, Tsitsi Dangarembga eta Ryusuke Hamaguchi zuzendariak, Said Ben Said ekoizlea eta Connie Nielsen aktorea.

Sail Ofizialetik kanpo, besteak beste, Mitra Farahaniren À vendredi, Robinson, Bertrand Bonelloren Coma eta Peter Stricklanden Flux Gourmet filmak emango dituzte Encounters sailean; Dane Komljenen Afterwater,Rita Azevedo Gomesen O trio em mi bemol eta James Benningen The United States of America Berlinale Forumen; eta Dario Argentoren Occhiali neri, Lucrecia Martelen Terminal norte eta Andrew Dominiken This Much I Know to Be True Berlinale Special sailean.

Isabelle Huppert aktoreari emango diote Ohorezko Urrezko Hartza, eta hark egindako zazpi film pantailaratuko dituzte jaialdian. Horrez gain, Carole Lombard, Rosalind Russell eta Mae West aktore estatubatuarrek 1930eko eta 1940ko urteetan egindako screwball comedy generoko filmak berreskuratuko dituzte atzera begirako atalean.

Alauda Ruiz de Azua zinemagile barakaldarrak Cinco lobitos pelikula estreinatuko du Panorama sailean, hark idatzi eta zuzendu duen lehen lan luzea. Kontziliazio arazoak dituen 30 bat urteko ama baten istorioa kontatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.