Kae Tempest idazle, poeta eta abeslariaren liburua euskaratu berri du Itziar Diez Ultzurrunek: Antzinako berri-berriak. Poema luze bat da, eta gomendio bat egin die irakurleei: ozen irakurtzeko, eta ahal bada norbaiti. Mitologia eta egungo bizimodua lotu ditu egileak, eta «poema epiko» bat sortu du. Tirada batez leitzeko obra dela nabarmendu du, errezitatzeko sortua.
Testu idatzia euskaratu du Diez de Ultzurrunek, baina, jakinarazi duenez, proiektuak baditu bestelako moldeak ere —ikus-entzunezkoak, antzezpenak...—. Beste zerbait sortzeko aukera ematen duen «langaia» dela uste du: «Euskaratu duguna testu idatzia da, baina bide luzeko proiektu bat da». Ele bitan dago Igela argitaletxeak kaleratutako liburua: ingelesez eta euskaraz. Modu horretara, irakurleak «jolas» egiteko balia dezake, jatorrizkoa eta itzulpena alderatuz; itzultzailearen arabera, baina, «muga» batzuk ekarri dizkio horrek.
Liburuan, «jende xumearentzat» mitologia berri bat eraikitzen saiatu da Tempest poema epiko baten bitartez; antzinako moldeak hartu, eta egungo langile klaseko bi familiei buruz hitz egiten du: «Agertzen direnak ez dira, inolaz ere, bizitzan irabazleak, eta zuzenean lotzen ditu ezagutzen dugun mitologia indartsuenetariko batekin: greziar mitologiarekin», azpimarratu du Lander Majuelo editoreak. Teknika «zaharrak» hartu, eta gaur egunera ekarri ditu egileak.
Diez de Ultzurrunen arabera, testua bere inguruari erreparatuta osatua dago: «Sei edo zazpi pertsonaia nagusi daude, eta haien bizitzen zertzelada batzuk ematen dizkigu, in crecendo doan istorio batean». Askotarikoak dira jorratutako gaiak: indarkeria, ausardia, maitasuna, aukera desberdintasunak, bizitzaren alde materiala... Egilearen asmoa zein den azaldu du itzultzaileak: «Antzinako mitoetan edo kontakizun zaharretan ikusten den dramatikotasun hori guk bizitza itxuraz hutsal edo xume horietan ikustea. Eguneroko epika txikietan ere badago heroitasuna».
Tempestek begirada «gizatiarra» duela uste du, eta azaldu du «bere buruari sakon begiratzea eta errukia izatea» direla haren lanak ezaugarritzen dituen bi berezitasun. Horrez gainera, Diez de Ultzurrunen esanetan, klase kontzientzia sendo batetik idazten du Tempestek.
Liburuan begirada hori erabiltzen du, besteak beste, «irabazle eta galtzaileen legearen kontra» egiteko. Loturen garrantzia ere nabarmendu du: harremanak, sustraiak, erroak... Eta gorazarre egiten dio heroitasunari: «Heroitasun hori ez litzateke izango, garai batean bezala, konkista batetik datorrena, baizik eta geure burua eta besteak errespetatzean erakusten dugun duintasun hori». Mezu bat identifikatu du Diez de Ultzurrunek: kultura klasikoaz eta tradizioaz birjabetzearen beharra egungo jende arruntaren alde erabiltzeko.
Errimen indarra
Itzultzailearen arabera, eserialdi batean hasi eta buka daitekeen liburua da. Errimaz josita dago, eta badu erritmoa ere. Euskaratzerako orduan, argi adierazi du zer egin zaion konplikatuena: «Nola lortu edukia euskaratzea itzulpena sobera bihurritu gabe, aldrebestu gabe, ilundu gabe, sintaxia korapilatu gabe». Errimen indarra mantentzen ahalegindu dela dio. Era berean, adierazi du saiatu dela edukiari «zintzoa» izaten eta testua «ez bortxatzen»: «Ahal bezain hurbil eta behar bezain urrun».
Itziar Ugarte Irizar BERRIAko kazetariak eta idazleak gibelsolasean idatzitako hitz batzuekin laburtu du obra: «Iragankorra eta betierekoa elkar ukitzen, eta tartetik oharkabeko bizitza. Hor doan hori da jainkotiar Tempestentzat». Norbanakoak jainko izatearen ideia hori nabarmentzen da kontrazalean ere: «Jainkoak edonon daudela, metroaren esperoan edo loteria erosten. Jainko bat edonor izaten ahal dela, makulu baten laguntzaz aldapan gora doan señora, bi haur sakelakoari begira, gizon nekatu bat bere gelan pornoa kontsumitzen. Olinpoa zure auzoa dela, berdin Iruñeko Etxabakoitz edota Londresko Lewisham izan».
Spoken word-aren eremuan —«hitzari loturiko ekintza performatiboa»— hazitako artista bat da Tempest, eta joera horri eusten dio testu honek ere. Ibilbide artistiko oparoa duen artista bat da. Besteak beste, bost poema bilduma ditu idatziak, nahiz eta askok musikari gisa ezagutzen duten. Aurten kaleratu du The Line Is A Curve estudioko laugarren diskoa.
Liburu hau da Igela argitaletxearen Mintaka sail berrituko lehen alea.
Ozen irakurtzeko poema bat
Kae Tempesten 'Antzinako berri-berriak' liburua euskaratu du Itziar Diez de Ultzurrunek, eta ele bitan argitaratu dute. Igelaren 'Mintaka' sail eraberrituko lehen alea da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu