Musika

Ozeano sakoneko igerilariak

Ingalaterrako King Hannah bikoteak ‘Big Swimmer’ bigarren lan luzea aurkezteko kontzertu bira hasi du. Donostian ariko dira asteartean.

Craig Whittlek  eta Hannan Merrickek osatzen dute King Hannah taldea. KING HANNAH
Craig Whittlek eta Hannan Merrickek osatzen dute King Hannah taldea. KING HANNAH
edurne begiristain
2024ko abenduaren 8a
04:10
Entzun

Ziur asko, Hannan Merrickek eta Craig Whittlek ez zuten imajinatuko 2022an Ameriketako Estatu Batuetatik egindako biran ikusitako paraje idor, errepide zabal eta hiri erraldoi haiek bi urteren buruan onduko zuten diskoaren inspirazio izango zirenik. Baina, ohartuta edo ohartu gabe, Liverpoolgo (Ingalaterra) King Hannah bikoteak urte hartan kaleratutako I’m Not Sorry, I Was Just Being Me (City Slang) lehen lan arrakastatsua aurkezteko AEBetatik egin zuten bira luze hura iltzatuta geratu da Big Swimmer (City Slang) bigarren lan luzearen ariman, lehen abestitik azkeneraino. «Lan honek zuzenean edaten du AEBetatik egin genuen lehen bira hartatik. Han bizi izandakoek garrantzi handia izan zuten guretzat, guztiz markatu gintuen», aitortu du Merrickek.

Paisaia musikal ilunak eta emozionalki sakonak sortzen trebea da King Hannah bikotea, eta barruak mugiarazten dituzten lan horietako bat da Big Swimmer. PJ Harvey, Mazzy Star, Courtney Barnett, Nick Cave eta antzeko artisten eraginak nabarmenak diren arren, bikoteak berezko identitatea islatzen jarraitu du bigarren lan luzean. Merricken ahots apal baina boteretsuak sentipenez beteriko letra ilunak gidatzen ditu, eta gitarraren distortsio sotilei esker, entzulea ur sakonen barrena eramateko gai da. 

2017an sortu zen King Hannah taldea. Pare bat urte lehenago, Whittlek Merrick ikusi zuen Liverpoolgo taberna batean abesten, eta haren ahotsarekin txundituta geratu zen. Elkarrekin jotzeko proposamena egin zion abeslariari, eta, denbora batez elkarrekin konposatu eta jo ondoren, King Hannah sortu zuten. Hurrengo bi urteetan soinu eta nortasuna propioa landu eta findu zituzten, kanta batzuk grabatu eta Tell Me Your Mind And I’ll Tell You Mine EPa kaleratu zuten, eta arrakasta handia lortu. Kritikaren gorespena, berriz, lehen lanak ekarri zien, 2022an: I’m Not Sorry, I Was Just Being Me. 

‘Road movie’ bat

Eta haren arrakastaren itzalean eman dute orain bigarren lan luzea. Big Swimmer, nolabait, lehen lanaren jarraipen bat ere badela esan du Whittlek, taldearen estiloa aise identifika daitekeelako lehen abestitik bertatik, baina badituela ezberdintzen dituen bestelako elementuak ere. Heldutasuna izan daiteke horietako bat: «Mailan koska bat gora egin dugu. Uste dut kanta hobeak idazten ditugula, eta abesti berriek ez dutela egin dugun ezeren antzik».

Ez da ezaugarri bakarra, ordea. AEBetako istorioak modu zinematografikoan eraman dute musikara, Road movie bat balitz bezala. Hala, Somewhere Near El Paso kanta aireportutik gertu zegoen Philadelphiako motel «beldurgarri» batek inspiratuta konposatu zuten. Hannah: «Vending makinak, paretako odol orbanak... Hori guztia ahalik eta xehetasunik handienarekin idazten saiatu gara».

11 abestirekin osatu dute album berria, eta Merrickek idatzi ditu kanta gehienen hitzak. Berezko estiloarekin eta pop-rocka, folka eta indie doinuak bidaide, espiritualtasuna, malenkonia eta mundu abstraktuaren artean jauzi egiteko lizentzia hartu du bikoteak. Lanari izena ematen dion Big Swimmer kantak, esaterako, ongi biltzen du diskoaren arima: kaosetik edertasuna bilatzeko borroka ozeano sakonean igeri egitea bezain latza da.

Ali Chant ekoizlea izan dute lagun diskoaren grabazio prozesuan, eta Sharon Van Etten abeslariak bi abestitan kolaboratu du. Jadanik hasi dute kontzertu bira Europatik, eta Donostian izango dira asteartean, Dabadaban. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.