Ozeano Barearen partiturak

'Mundubira musika bidelagun' proiektuaren hirugarren atala aurkeztuko du Euskadiko Orkestrak gaur hasiko den programan. Joel Merahk sortu du musika, Elkanoren bidaiaren etapa bat oinarri

Joel Merah konpositorea, Euskadiko Orkestraren egoitzaren atarian, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
Donostia
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestrak Mundubira musika bidelagun izeneko egitasmoaren hirugarren atala aurkeztuko du gaurtik hilaren 10era bitarte. Ziklo horrek Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500. urteurrena omentzea du jomuga, eta 2019-2020ko denboralditik dago martxan.

Mundubira musika bidelagun bost zati eta konpositoreren artean banatu dute, Elkanoren bidaiaren bost faseak irudikatzeko asmoz. Lehendabiziko bi atalak Mikel Chamizo eta Mikel Urkiza musikagileek abiatu zituzten: lehenengoak Elkanoren bidaiaren hasiera eraman zuen musikara, Navigare necesse est izenburupean; bigarrenak, ostera, Mis monstruos marinos tituludun pieza ondu zuen, Elkanoren bidaiaren lehen zatian jazotako pasadizo itsastarrak erakutsiz.

Orain aurkeztuko duten hirugarren atalari dagokionez, Euskadiko Orkestrak Joel Merah hautatu du konposizio lanetarako, eta Jakinduriaren usaina izeneko pieza aurkeztuko du. Merahk Elkanoren espedizioko hirugarren etapan ardaztutako obra sortu du, eta itsasgizonek Ozeano Barea gurutzatu zuteneko pasarteak musikara eraman ditu.

Merahk adierazitakoaren arabera, Elkano «beste edozein pertsonaia historiko bezala» ezagutzen zuen obra lantzen hasi baino lehen, eta proiektua gauzatzeko dokumentazio lanak egin behar izan ditu: «Behin espedizioaren nondik norakoak sakonki ezagututa, Elkanoren eta haren eskifaiaren sentimenetan, bizipenetan eta sentsazioetan sakontzen saiatu naiz». Merah, izan ere, Ozeano Bareko itsas etapako lasaitasuna interpretatzen ahalegindu da, eta, horretarako, «kontakizun historikoak beti argitzen ez dituen ñabardura psikologikoei» erreparatu die.

Ozeano Bareko pasartea jorratzerako orduan, Merahk «itsaso horren sosegua transmititzea» bilatu du, eta instrumentazio lanak lasaitasun hori irudikatzera bideratu ditu. Alde horretatik, adierazi du lagungarria izan zaiola proiektuaren atal bakoitza era independentean landu izana, modu horretan zati bakoitzak «zentzu propioa» hartu duelako, egitasmo bateratu baten barruan.

Gainontzeko etapen soinu bandak sortu dituzten konpositoreez itaunduta, Merahk azaldu du ez dituela pertsonalki ezagutzen, baina bai, ordea, haien lanak: «Denak ala denak egundoko sortzaileak begitantzen zaizkit, eta bereziki aipagarria iruditzen zait zati batetik besterako aldeak nola adierazten dituzten». Interpretazioen alde horiek, Merahren aburuz, «kolorea eta kontrastea» ematen diote proiektuari, «hala musikaltasunaren aldetik nola musika horrek transmititzen dituen sentimenei dagokienez».

Instrumentazioa izan da Merahk gehien zaindu dituen alorretako bat. Euskadiko Orkestra «hainbat musikari barnebiltzen dituen plaza oso handia» dela nabarmendu du, eta Robert Treviño zuzendari titularraren egitekoa azpimarratu: «Konpositoreon eta interpreteen arteko zubi lana egin du, eta eginbehar hori zutabea izan da proiektuan».

Lagun min bati omenaldia

Elkanoren Ozeano Bareko itsasaldiaren soinu bandak Jakinduriaren usaina izenburua izateak «esangura oso handia» du Merahrentzat. Joxean Artzeren poema baten izena da, konpositoreak egitasmorako beren-beregi hautatu duena. «Artze nire lagun oso mina zen, eta egitasmo honek, nolabait, badu harenganako omenalditik ere». Jakinduriaren usaina olerkiaren hitzek, era berean, «bikain» egin dute bat Merahk bere musikaren bidez transmititu nahi duenarekin. Eta, instrumentazioaren eta Artzeren testuaren arteko batasuna bilatzeko asmoz, zuzenekoetan soprano batek abestea erabaki du; Christina Daletska arduratuko da Artzeren lerroak abesteaz.

Kontzertuei begira, Merah «lasai baina aldi berean urduri» ageri da: «Euskadiko Orkestra hainbeste musikariz eta musika tresnaz osatuta egoteak proiektuaren handitasuna gogorarazten dit, baina orain arteko prestakuntzak eta entseguek erakusten dute lanak egoki eginda gatozela».

Menahren obraren ostean, beste bi pieza izango dira entzungai emanaldietan. Lehenik, Varvara pianistak Bela Bartoken pianorako 3. kontzertua interpretatuko du, eta, ondoren, Mei-Ann Chen zuzendariak gidatuko du orkestra Beethovenen 7. sinfonian.

Merahk miresmen hitzak baino ez ditu oholtzan izango diren bi musikariez mintzatzean: «Maila oso handiko interpretatzaileak dira biak; gainera, musika kontserbatorioko irakaslea ere banaizen heinean, Beethovenen piezak sakonki miresten ditut, eta izugarri atsegin dut Chenek Beethovenen musika taularatzeko duen moldea».

Estreinaldiari so, musikagileak uste du Hego Euskal Herrian musika klasiko garaikidea egiteko dauden «espaziorik egokienak» aukeratu dituztela. Izan ere, Elkanoren hirugarren etapa Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan aurkeztuko dute, gaurtik heldu den ostegunera bitarte. Bilboko Euskalduna jauregia, Donostiako Kursaal auditoriuma, Gasteizko Principal antzokia eta Iruñeko Baluarte dira mundu biraren musika eta itsas doinuak plazaratzeko hautatu dituzten agertokiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.