Otxote materialista bat eskaileran

Juan Perez Agirregoikoa artistaren 'Concierto para puño alzado' soinu instalazioa abiatuko dute gaur Tabakalerako eskailera nagusian

Juan Perez Agirregoikoa artista, atzo, Tabakalerako sarrera nagusian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Ohartarazi dituzte Donostiako Tabakalerako eskailera nagusian gora eta behera dabiltzanak: konturatzerako, El menú, Beti eskamak kentzen, Ume eder bat eta Viva Aragón txistukatzen ariko dira datozen hilabeteetan. Izan ere, Juan Perez Agirregoikoa artistak (Donostia, 1963) kanta horiek berrikusi ditu Concierto para puño alzado (Ukabil goratuko kontzertua) soinu instalazioan, Scala programaren barruan. Gaur inauguratuko dute, 20:00etan, Ozenki zortzikotearen zuzeneko emanaldi batekin, eta, aurrerantzean, egunero aktibatuko dute ordu erdiro, ekainaren 26ra arte.

Ozenki zortzikoteak abestutako lau piezak osatzen dute instalazioa: El buen materialismo, La matriz de la apariencia, Canción de amor eta Viva Lacan. Aurrez aipaturiko lauren moldaketak dira; Miguel Arregik idatzitako «solomillo asado con patatas fritas» hitzen ordez, «le matérialisme n'est pa une vision de monde» entzungo dute bisitariek.

Perez Agirregoikoak lau «filosofo eta antifilosofo» materialistaren testuetan oinarrituta moldatu ditu kantetako hitzak: Jacques Fradin, Gilles Grelet, Jacques Lacan eta Guy Lardreau. Hauek dira gaiak: «Materialismoa, ekonomiak gure irrikaz baliatzeko duen modua, praktika itxuraren matrize gisa eta iraultza beti huts egiten duen proiektu gisa».

Instalazioaren izenburuari keinu bat eginez, protesta kantatzat har litezke. Horri buruz ere hausnartu du: «Protestaren ekintza iraultzailerik behinena gurasoak ahaztea da, eta hor sartzen da berriro autoritatea. Hori gertatzen zaie iraultzaile guztiei: azkenean nagusi bat nahi dutela».

Proiektua 2003. eta 2004. urteen artean jarri zuen abian, Artelekurekin kolaborazioan. «Zailena ez zen izan filosofoen hitzak moldatzea, baizik eta otxotea konbentzitzea hura proiektu serio bat zela», azaldu du artistak. Kantak grabatu zituzten, eta proiektuak nazioartean bere bidea egin du ordutik, baina lehen aldiz emango dute orain Donostian. Gainera, Perez Agirregoikoak irudiz jantzi du instalazioa, eta kantutegi itxurako fanzine batean bildu ditu hitz guztiak, bisitariak har dezan.

«Trilili, tralala»

Oier Etxeberria Tabakalerako programa publikoaren arduraduna izan da komisarioa, eta Xabier Erkizia musikari eta artista aritu da ekoizten eta espaziora egokitzen. Etxeberriak esan du instalazio hau desberdina dela Scala programan orain arte izan dituztenetatik, bere ezaugarri nagusietako bat delako entzuleak ondo ezagutzen duela entzuten duen hori.

«Hor dago operazioa: egitura sinpleak dituzten kanta horiek zer erakusten duten desiraren ekonomiaz eta kontsumoaren ekonomiaz. Barneratzen oso errazak diren egiturak erabiltzen dituzte: errepikak, melodia sinpleak... Eta harreman misteriotsu bat sortzen da, burutik ezin kentzeraino barneratzen ditugulako». Manuel Lekuonaren Literatura oral euskérica liburu «zoragarriko» aipu bat erabili du hizkuntzaz haragoko zera hori esplikatzeko: «Trilili, tralala, kantu guztien ama da».

Concierto para puño alzado Tabakalerako Scala programako laugarren instalazioa da. Askotariko piezak jarri dituzte eraikineko eskailera nagusian, jendearen zirkulazio gunean, musika eta soinua hautemateko moduez hausnartzeko asmoz. Proiektua 2020ko abenduan abiatu zen, Pauline Oliverosen Sound Patterns lanarekin; gero, Niño de Elcheren La pena y el alivio pieza egon zen, eta, ondoren, Maialen Lujanbioren Bizitza happening.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.