Oteiza museoa batu zaio Jardun Artistikoentzako Institutuari

Sortzaileentzako ikasketa programaren hirugarren aldian izena emateko epea ireki dute. Hiru hilabetez, hamasei artistak beren proiektuak garatuko dituzte, tutoreek lagunduta

Itziar Okariz eta Ibon Aranberri tutoreak —bi ertzetan—, JAI sustatzen duten kultur erakundeetako ordezkariekin, atzo, Donostiako Tabakalera kultura garaikidearen zentroan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Praktika artistikoari begiratzeko «denbora propio bat eraikitzea». Hitz horiekin laburbildu du Ibon Aranberri artistak JAI Jardun Artistikoentzako Institutuaren ardatza. Hasieratik, egitasmoaren hiru tutoreetako bat da bera, Asier Mendizabal eta Itziar Okariz artistekin batera. Duela ia hiru urte jarri zuten martxan sorkuntza artistikoa sustatzeko egitasmoa Donostiako Tabakalera zentroak eta Gasteizko Artium museoak. Hirugarren aldia izango du aurten ikasketa programak, eta parte hartu nahi duten artistek jadanik zabalik dute izena emateko epea. Bi berritasun dakartza aurten deialdiak: batetik, egitasmoarekin bat egin duela Jorge Oteiza Fundazio Museoak; eta, bestetik, parte hartzaile gehiagori lekua egingo dietela, iazko hamarren aldean, hamaseiri orotara.

Hiru hilabetez, ekainaren lehenetik abuztuaren 31ra bitartean, sortzaileek Tabakalerako Artisten Guneko Tailerrean jasoko dituzte prestakuntza saioak. Bertako espazio kolektiboez gain, bakoitzak estudio bat ere izango du prestakuntza aldiak irauten duen bitartean, eta tutoreek indibidualki ere egingo diete jarraipena beren lanei. Halaber, Oteiza museoa egitasmora batzearekin, Altzuzako zentroan (Nafarroa) ere egun batzuk igaroko dituzte sortzaileek, abuztuan. Era berean, programaren zenbait jarduera Artium museoan ere egingo dituzte. Bi gune horietan «proposamen konkretuak» garatuko dituztela azaldu du Aranberrik.

Aurreko aldietan bezala, Aranberri, Mendizabal eta Okariz tutoreak izango dira. Haiekin batera, hainbat sortzailek osatutako irakasle taldea izango dute bidelagun parte hartzaileek. Egitasmoa sustatzen duten erakundeetako programa eta erakusketetan parte hartu duten artistak aritu izan dira irakasle urtero, eta ildo berean osatu dute taldea aurten ere. Hamabi izango dira, guztira, artista-irakasleak: Rosalind Nashashibi, Georgia Sagri, Lea Porsager, David Bestue, Ainara Elgoibar, Alejandro Cesarco, Jon Mikel Euba, Mattin, Pierre Bal-Blanc, Isabel Herguera, Erlea Maneros eta Txaro Arrazola. Astero, txandaka, haietako baten eskutik jasoko dituzte saioak sortzaileek.

Institutuak ikerketa batzorde bat ere badu, hiru tutoreez gain Catalina Lozano Artiumeko komisario buruak eta Oier Etxeberria Tabakalerako programa publikoen arduradunak osatzen dutena. Batzordekide horiek izango dute eskola osatuko duten hamasei parte hartzaileak aukeratzeko ardura. Izena emateko epea apirilaren 14ra arte egongo da zabalik; Tabakaleraren, Artium museoaren zein Oteiza museoaren webguneen bitartez egin daiteke.

Sendotzeko bidean

Aranberrik azaldu duenez, praktika artistikoaren eta pedagogiaren inguruko hainbat gogoeta eta kezka komun izan ziren ikasketa proiektuaren abiapuntua. «Orain arte izan duen gorputza gehiago hurbiltzen da prototipo batera. Hirugarren urtera iritsita, esan dezakegu oraindik ikusteko dagoela zein den horrelako egitasmo baten benetako eskala edo dimentsioa». Erantsi duenez, aurreko bien aldean aurtengo aldia hasierako ideiatik hurbilago dago ziurrenik.

Hain zuzen, JAIk ibilbidea «pandemiaren garairik konplikatuenean» hasi zuela ekarri du gogora Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendariak. «Hala ere, udan martxan jartzea erabaki genuen, nahiz eta prototipo gisa izan. Iaz ere programa prototipo bat izatea suertatu zen, baina aurten aukera izan dugu programa sendotzeko eta apustu hori berritzeko». Bide horretan, pozgarritzat jo du aurten bai parte hartzaile gehiagori lekua egitea, bai Oteiza museoa egitasmora batu izana.

Juan Pablo Huercanos Oteiza museoko zuzendariordeak adierazi du pozik egin dutela bat, JAI hasieratik segitu dutela azalduta. Jorge Oteiza «artisten artista» gisa definitu du, eta haren obraren transmisioan sakontzeko sorkuntza garaikidearekin harremanetan jartzea funtsezkoa dela gehitu. Horretarako ere balioko du JAIk, haren ustez.

Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak ere azaldu du praktika artistikoa «pentsatzeko, ikertzeko eta banatzeko leku bezala» ulertuta sortu zela JAI. Eta, espazio hori eraikitzeko, artisten bidelagun izango diren tutore eta irakasleen «ahotsen aniztasuna» aipatu du. «Indarrak eta ikuspuntuak batzen dituzten halako egitasmoek modua ematen digute erronka anbiziotsuei heltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.