Zinema

'Oteiza, 14 apostolu' ikus-entzunezkoa grabatzen ari da Oskar Alegria zinemagilea

EITBk eta Jorge Oteiza fundazioak sinatutako akordioari esker onduko dute filma. Hainbat herrialde eta arte diziplinatako hamalau lagunek friso bat osatuko dute elkarrekin, bakoitzak eskultorearen ibilbideko kontzeptu esanguratsu bat abiapuntu hartuta.

Xabier Morras, Vanesa Fernandez, Gregorio Diaz Ereño, Andoni Aldekoa, Jaione Apalategi, Oskar Alegria eta Lourdes Fernandez. OTEIZA FUNDAZIOA
Xabier Morras, Vanesa Fernandez, Gregorio Diaz Ereño, Andoni Aldekoa, Jaione Apalategi, Oskar Alegria eta Lourdes Fernandez. OTEIZA FUNDAZIOA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko apirilaren 6a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Jorge Oteizaren figurari bete-betean heldu dio Oskar Alegria zinemagileak. Oteiza fundazioak eta EITBk filma ekoizteko egin duten hitzarmenari esker onduko du Oteiza, 14 apostolu ikus-entzunezkoa Alegriak. Horretarako, hainbat herrialde eta arte diziplinatako hamalau lagun batuko ditu zinemagileak, eta denek ere «Oteizaren obrari eta pentsamendu estetikoari lotutako kultur interesen aniztasuna» irudikatuko dute. Hamalau artistek friso bat osatuko dute elkarrekin.

Filmak 30 minutu inguru iraungo duela aurreikusi du Alegriak. Ez da, baina, pieza bakarreko filma izango. Izan ere, atal guztiak «pieza independente gisa» pentsatuta daude. Hamalau parte hartzaileetako bakoitzak Oteizaren iruditeriaren barruko kontzeptu jakin bati helduko dio, eta bere modu batera interpretatu. Kontzeptu bakoitza maskara batekin lotu du Alegriak, eta, hain zuzen, egokitutako maskara horrekin lan egin beharko du parte hartzaile bakoitzak. Hala, antzezpen horien bidez mamituko da proiektuaren estruktura. Alegriaren hitzetan, «osotasun erritmiko artikulatu bati segituko dion partitura baten gisan» funtzionatuko du denen artean osatuko duten friso horrek.

Lehen fasea osatzen duten grabaketa horietako batzuk eginda daude jada. Esate baterako, Esther Ferrer artistarena. Hutsa eta isiltasuna gorpuztea egokitu zaio Ferrerri. Ignacio Aguero zinemagile txiletarrak Oteiza eta Huidobro izan du gaia, eta Alicia Otaegi artistak, berriz, Oteiza eta maskara. Josu Iztueta bidaiariak apostoluei eta Arantzazuko mendialdeari heldu die; Amorante musikariak, apostoluen doinuari. Emak bakia, Zumiriki eta Zinzindurrunkarratz filmen egilea kameraren bi aldeetan arituko da, parte hartzaile gisa ere agertuko baita. Alegriak Oteiza eta ipar-mendebaldea izango du gaia.

Laster Bertha Bermudez dantza garaikideko ikertzailearen txanda izango da, baita Jaione Apalategi Oteiza fundazioko lehendakariarena ere; Jorge Oteizak keinuarekin zuen harremanari helduko dio lehenak, eta euskararekin zuenari bigarrenak.

Gainontzeko grabazioak Euskal Herrian ez ezik Japoniako, Txileko, Parisko eta New Yorkeko zenbait agertokitan ere egingo dituzte, eta espero dute ekainean amaitzea.

Aurrera begirako akordioa

Lankidetza akordioa dela eta, pozik mintzatu dira bi erakunde ekoizleetako ordezkariak, atea zabalduko dielakoan Alegriak onduko duen lanari baina baita etorkizuneko aukera berriei ere. Jaione Apalategi Oteiza fundazioko presidenteak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak izenpetu dute akordioa, Altzuzako Oteiza museoan (Nafarroa). Mahai berean ziren, halaber, Gregorio Diaz Ereño Oteiza museoko zuzendaria, Xabier Morras Oteiza fundazioko patronatuko kidea, Lourdes Fernandez Artingeniumeko zuzendaria eta Oskar Alegria zinemagilea bera ere.

Apalategik Danok Oteiza programaren barruko proiektutzat jo du Alegriaren ikus-entzunezkoa. Oteiza fundazioak sustatua da programa hori, eta eskultorearen pentsamendua hedatzea eta haren figura gizarteari hurbiltzea du xede. Hain zuzen, hitzarmenak modua emango du ikus-entzunezkoa ETBn, Eitb.eus webgunean eta Primeran plataforman zabaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.