Amaitu da Arabako Bertsolari Txapelketako lehenengo fasea. Iragan otsailaren 5ean hasi zen lehia, Langraizen egin zen lehen finalaurrekoan. Azkena, berriz, igandean jokatu zuten, Dulantzin. Ander Solozabalek, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak, Asier Otamendik eta Jon Ruiz de Pinedok abestu zuten. Otamendik eskuratu zuen puntu gehien ariketa guztiak gauzatu ondoren: 237,5, hain zuzen ere. Bigarren egin zuenari, Pereari, bi puntu besterik ez zion atera. Inauterien ondotik ekingo diote txapelketan parte hartu duten hemezortzi bertsolariek bigarren faseari dagokion lehiari.
Igandeko saioaren ondotik, bertsolari bakoitzak noiz abestuko duen jakin du. Legution martxoaren 4an egingo den bigarren faseko lehen finalaurrekoan, esaterako, Manex Agirre, Jon Ruiz de Pinedo, Felipe Zelaieta, Iker Agirre, Peru Abarrategi eta Iñaki Viñaspre ariko dira bertsotan. Laudion martxoaren 11n, berriz, Xabi Igoa, Jagoba Apaolaza, Asier Rubio, Ander Solozabal, Rikardo Gonzalez de Durana eta Paula Amilburu bertsolariek egingo dute bertsotan. Fase horretako azken finalaurrekoa martxoaren 18an izango da, Aramaion, eta bertsolari hauek abestuko dute: Asier Otamendi, Izar Mendiguren, Zigor Enbeita, Andere Arriolabengoa, Sergio Lopez eta Oihane Perea.
Inauterien ostean egingo diren hiru finalaurrekoetan, lehen sei postuetakoren bat eskuratzeko ariko dira bertsotan. Izan ere, apirilaren 1ean, Gasteizko Printzipal aretoan, 17:30ean jokatuko den Arabako Bertsolari Txapelketakofinalean, sei lagunek soilik hartu ahal izan dute parte. Beraz, lehen itzulerako kantaldietako puntuazioak garrantzitsuak diren arren, oraindik sailkapena erabakitzeke dago. Aurten, hamahirugarren aldiz ari dira egiten Arabako Bertsolari Txapelketa; bi urtez behin egiten dute.
Nafarroan ere martxan
Iragan asteburuan jokatu ziren Nafarroako 43. Bertsolari Txapelketakolehenengo bi final-laurdenak. Larunbatean egin zen lehenengoa, Tafallan. Sei bertsolariren artean, puntu gehien Julio Soto gorritiarrak bildu zuen: 343,5 puntu. Hala, zuzenean sailkatu da martxoaren 18an Beran jokatuko den lehen finalaurrekora. Bigarren final-laurdena, berriz, igandean egin zen, Auritzen. Xabier Terreros izan zen garailea, eta, hortaz, martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den finalaurrekorako sailkatu da lesakarra. Aste honetan, final-laurden bakarra izango da, igandean, Lakuntzan. Martxoaren 4an eta 5ean Iruritan eta Uharten jokatuko diren final-laurdenekin amaituko da lehen fasea.
Otamendi nagusi Arabako Bertsolari Txapelketako lehen faseko saioan
Martxoaren 4an hasiko da bigarren itzulia, Legution. Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen bi finalaurrekoetan, Julio Soto eta Xabier Terreros izan dira garaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu