Arabako Bertsolari Txapelketak azken-aurreko geltokia izan du gaur, Dulantzin, hilaren 16an egingo den finalaren aurretik. Gasteizera zuzenean joateko txartel bat eta zeharka joateko beste lau izan dira jokoan, eta horietan lehena Asier Otamendik eskuratu du. Alde handiz nagusitu da, eta merezimendu osoz irabazi du bigarren eta azken finalaurrekoa. Manex Agirrerekin batera, Principal antzokian izango da, horrenbestez. Bi finalerdietako irabazleez gain, txapelaren lehian izango dira Peru Abarrategi, Iñaki Viñaspre, Paula Amilburu eta Aroa Arrizubieta ere, sailkapen nagusiari erreparatuta.
Marta Ugartek aurkeztu du saioa, eta haren atzetik igo dira sei bertsolariak oholtza gainera: Paula Amilburu, Aitor Ugarte, Xabi Igoa, Asier Otamendi, Izar Mendiguren eta Aroa Arrizubieta aritu ziren kantuan bigarren finalerdian. Kultur etxeko aretoa goraino bete dute gaur ere ikus-entzuleek; kanpoan negu beteko eguraldia egon arren, erantzun beroa eman diete bertso gosez zirenek oholtza gainekoei. Agurretan, eguraldia aipatu du batek baino gehiagok, hain zuzen.
Zortziko handiarekin ekin diote saio puntuagarriari. Gaitasun handiko alaba baten gurasoen roletik abestu dute Amilburuk eta Ugartek. Sare sozialetan jazarpen handia jasaten duten kazetariak izan dira Igoa eta Otamendi. Eta, azkenik, kartzelan azken gaua duten bi presoren ahotik abestu dute Mendigurenek eta Arrizubietak. Oro har, bertsoaldi txukunak egin dituzte denek, baina estropezu bat baino gehiago egon dira, urduritasunak eraginda.
Saioak beste tonu bat hartu zuen zortziko txikian, gaiek lagunduta. Asko txalotu da Otamendik eta Mendigurenek aita-alaben roletik abestutakoa. Donejakue bidea egitera zihoan alabak aitari deitu dio bila etortzeko. «Asto bat behar nuen/ karga eramateko», bota du Mendigurenek. Eta honela erantzun dio Otamendik: «Hortarako daukazu/ taxi zerbitzua». Osoena, baina, Amilburu eta Arrizubietaren artekoa izan da akaso. Igarlearen eta lanpostu hobea iragarri dio bezeroaren rolean aritu dira: «Zure errua izan zen/ nigan sinestea», aurpegiratu dio batek, eta «erdi ustela duzu /zure eminentzia» erantzun besteak.
Tonu berean jarraitu du saioak hamarreko txikian ere. Rol hauek hartu dituzte bertsolariek: artelanei pintura botatzea zilegi ote den zalantza egiten dutenena, enpresa ixtear direla aurretiazko erretiroa onartu edo grebara jo nahi dutenena, eta amaren moduan medikuntza ikasi ordez antzerkia nahiago duen semearena. Rolak ongi definitu nahian aritu dira bertsolariak.
Ganbarakoan, Martxoaren 8ari buruzkoak izan dira erantzun beharreko hiru puntuak. Gizonek hartu beharreko ardurez eta berdintasunean aurrera egiteko nahiez jardun dute bertsolariek.
Nekazariak helduleku
Hau izan da bakarka abestu behar izan duten gaia: «Zure aurreiritziak direla eta, hanka sartu duzu berriro». Hizkuntza hautua, genero rolak, lanpostuen eskala, bozak… askotariko ideiak izan dituzte bertsolariek, eta helduleku ezberdinenak topatzen saiatu dira. Otamendi izan zen, ordea, gaia aktualitatera gehien hurbildu duena, nekazarien protestez eta lehen sektorearen egoeraz jardun baitu.
Honela amaitu du lehen bertsoa: «Twitterren sartu ta arinkeriz/hor ipini dut nik bela/Gaur eguneko nekazariak/ ondoegi bizi direla». Eta horrela bigarrena: «Denok laguntza behar diegu/ eman gainditzeko hainbat traba/haiek bizirik iraun ezean/denok goaz pikutara».