Ostiralean iritsiko dira Nur-en abenturak zinema aretoetara

Juanba Berasategi zenak zuzendutako 'Nur eta Herensugearen tenplua' lau hiriburutan estreinatuko da

Nur eta Herensugearen tenplua filmeko fotograma bat. LOTURA FILMS.
2017ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
ZINEMA. Orain artean Toti Martinez de Lezearen liburuetatik ezagutzen zena, ostiraletik aurrera zinema pantailetatik ere ezagutuko dute askok. Lotura Filmsen Nur eta Herensugearen tenplua pelikula egun horretan estreinatuko dute, izan ere, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hiriburuetan. Apirilaren 28an hil zen filmaren egilea: Juanba Berasategi, animazioko euskal zinemagintzaren aitzindaria.

Bederatzi urte dira Toti Martinez de Lezeak Nur protagonista zuen liburu sail bati hasiera eman ziola. Nur neskato bat da, eta idazlearen biloba. Gurasoekin Txinara bizitzera joan zenean, amona abenturak idazten hasi zitzaion. Liburu bakarra idaztekoa zen Martinez de Lezea, baina hamabi eman ditu argitara dagoeneko, Nur protagonista bihurtuta.

Berasategi zenak berak proposatu zion idazleari Nur zinema pantailara aldatzea, eta, bi urteko lanaren ondoren, halaxe helduko da etzi Hego Euskal Herriko hiriburuetako zinema guztietara. Txinako sinesmenetan ageri diren dragoiak eta Euskal Herriko mitologiakoak gurutzatzen dira filmean, besteak beste. Nur-en abenturak irakurrita dauzkatenek ere aurkituko dituzte sorpresak pelikulan, gidoian pasadizo berriak sartu baitituzte. «Balio hezitzaileetan jarri dugu arreta: adiskidetasunean eta elkartasunean. Betiere, irudimena oinarri hartuta», adierazi zuen pelikularen aurkezpenean Eneko Olasagastik. Hilaren 27an egin zuten aurrestreinaldia, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.