Ostegunean ‘Kristalezko begi bat’ liburua irakurriko dute berrehun lagunek Bilbon

Miren Agur Meaberen lana aukeratu du aurten Bilbo Zaharra euskaltegiak Literatur Klasikoen XVI. Irakurraldirako. Bilboko Arriaga antzokian irakurriko dute, goizeko zortzietatik eguerdiko ordu biak bitarte. 

Bilbo Zaharra Forumeko ordezkariak, gaur goizean, Bilboko Arriaga antzokian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko ekainaren 6a
13:30
Entzun

Hamar urte bete dira aurten Miren Agur Meabek Kristalezko begi bateleberria kaleratu zuela. Idazleak helduentzako idatzitako lehen nobela izan zen hori, eta berehala lortu zuen oihartzuna: 111 Akademiaren saria eta Zazpi Kale saria irabazi zituen, besteak beste. Efemeridea aprobetxatuz, beraz, liburu hori aukeratu du Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen Irakurraldi Jarraitua egiteko. Ez da efemeride bakarra izango, ordea: Bilbo Zaharra euskaltegiak ere 50 urte bete ditu aurten. Irakurketa jarraituaren hamaseigarren aldia izango da aurtengoa, eta berrehun bat lagun elkartuko dira Bilboko Arriaga antzokian, 08:00etatik 14:00etara.

Helburu jakin batekin hautatu dute liburua, Arantza Camarero Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkariak azaldu duenez: «Gaur egun lehen lerroan dauden emakumezko guztiak omentzea izan da asmoa, literaturako ahots eta begirada berriak jasotzea, eta klasikoetatik orainera zubiak eraikitzea».

Egileak berak irakurriko ditu lehen lerroak, eta, haren ondotik, beste berrehun bat pertsonak parte hartuko dute. Autofikzio gisa definitu du liburua Camarerok, baina zuzenketa egin du jarraian: «Idazlearentzat egokiagoa da autoimitazio kontzeptua». Meabe bera da protagonista, baina protagonistari gertatzen zaion dena ez zaio gertatu Meaberi. Zorigaiztoko bizipen pertsonal batetik abiatzen da nobela: «Begi bat galdu nuen, ezkerrekoa, hamahiru urte nituenean. Ama hil zitzaidan, hiru hilabete eta erdian, obarioetako minbiziaren kausaz, hogeita hamazortzi urte nituela».

Meaberen ibilbidean «mugarri» izan zen liburua: «Zoritxarretik sormenera egiten den bidea oso aberatsa izan daitekeela irakatsi zidan». Pozik agertu da aitortzarekin: «Duela hamar urte liburua aurkeztu nuenean, ez nuen pentsatu ere egingo gaur hemen izango nintzenik».

Irakurri gehiago: «Intimitatea baliotsuagoa da zerbait sortzeko lehengaia denean»

Axularren Gero-rekin hasi zuen ibilbidea Klasikoen Irakurketa Etenik Gabeak, eta euskal literaturako beste hainbat testu klasiko eta garaikide hautatu izan dituzte ondoren. Meabe izango da laugarren emakumezko idazlea. Aurrez, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Itxaro Bordaren %100 Basque eta Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian irakurri zituzten.

Gaur eta bihar, hitzaldiak

Osteguneko irakurraldiaz gainera, hiru hitzaldi sorta ere antolatu ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak. Horietan guztietan, gainera, Meaberen obra izango dute hizpide. Joan den otsailean egin zuten lehenengoa, eta gaur eta bihar egingo dituzte hurrengo biak, 19:00etan, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Josune Muñoz eta Seroie taldea arituko dira gaur arratsaldean, Kristalezko sabaiak apurtuz hitzaldian. Bihar, berriz, Meaberen txanda izango da: Flash batzuk nire begi kutunari. «Ahaleginduko naiz liburuaren mini remake moduko bat egiten», aurreratu du idazleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.