Miren Asiain. Ilustratzailea

«Oso prozesu luzea izan zen; egin eta berregin aritu nintzen»

J. FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Ilustrazioaren munduan bide luzea egindakoa da Miren Asiain (Iruñea, 1988). Nazioartean hainbat erakusketatan parte hartu du, eta sari ugari ere jaso ditu lan horiengatik. Bereziki hunkigarria iruditu zaio, ordea, aitortza Euskal Herrian jaso izana.

Epaimahaiak zure estilo pertsonala aitortu dizu. Nola jaso dituzu hitzok?

Tira, saiatzen naiz nire lanarekin zintzoa izaten. Prozesuari garrantzi handia ematen diot, ordu asko sartzen ditut, eta uste dut hori nabaritzen dela azkenean norberaren estiloan.

Zientzia liburu bat da oinarrian, eta aitortu duzu «erronka izugarria» izan dela. Nola egin zenion aurre?

Oso zaila izan da, oso erronka handia izan da niretzat. Nik normalean album ilustratuak egiten ditut, eta honetan baziren gauza zehatz asko, ezin nituenak edozein modutan egin: batetik, izan behar zuen lan poetikoa, niri hala gustatzen zaidalako; baina, bestetik, gauzak diren bezalakoak erakutsi behar nituen. Alex Nogues liburuaren idazlea izateaz gain geologoa ere bada, eta sarri zuzentzen zizkidan marrazkiak. Egin eta berregin aritu nintzen, eta eskuz egiten dut nik lan gehienbat. Oso prozesu luzea izan zen.

Nazioartean asko aritzen zara, baina aitortza «etxean» jasotzeari eman diozu garrantzia.

Bai, niretzat oso hunkigarria izan da. Lan asko egiten ditut atzerrirako, eta nabarmen gutxiago etxerako, baina horrelako errekonozimendu bat hemen jasotzea oso polita da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.