Euskadi Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuen Sorotan Bele taldeak 1992. urtean. Taldekide gehienek ez zituzten 20 urte ere, eta arrakastaren olatua gainera etorri zitzaien bete-betean. 1996an, taldea desegin zuten, noizbait Sorotan Bele berriz abiarazteko aukera mahai gainean utzita, baina oraindik ez da halakorik gertatu. Hala ere, taldearen kantak oholtza gainean izan dira azken urteetan, Sorotan Bele Gogoan taldearen bitartez. «Sorotan Bele Gogoan ez da Sorotan Bele, ez baikaude taldekide guztiak, eta hori oso argi utzi dugu beti», adierazi du Gorka Sarriegi abeslariak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1973). Orain, 2021ean sortutako proiektua Baionara iritsiko da, eta larunbatean eta igandean joko dute, ikastolen aldeko ekitaldi batean.
Xabier Zabala musikari eta konpositorearen ideia izan zen Sorotan Bele Gogoan proiektua martxa jartzea. «Xabierrek gure kanten moldaketak egin izan ditu, txistulari bandentzat gehienbat. Halakoak egitean, niri deitzen zidan, galdetzeko ea animatuko nintzatekeen txistulariekin batera kanta pare bat abestera. Geroago, Xabierrek halako zerbait proposatu zidan, baina, orduko hartan, udal banda batekin», esan du Sarriegik. Proiektu horretan parte hartzeari baiezkoa eman zion abeslariak, lehenago egindakoen modukoa izango zelakoan. Sarriegirekin batera, Urbil Artola musikari eta Sorotan Beleko kide ohia batu zen proiektura. «Urbili proposatu nionean, denbora hartu zuen erantzuteko, baina baiezkoa eman zidan azkenean. Orduan konturatu ginen 30 urte zirela Sorotan Beleko kideak elkartzen hasi ginela».
«Produkzio etxekoek Sorotan Bele izena agertzea nahi zuten, baina guk ez genuen nahi soilik Sorotan Bele izatea, taldekide batzuk falta dira eta. Horregatik, hainbat proposamen ikusi ondoren, Sorotan Bele Gogoan aukeratu genuen»
Lagunekin elkartu eta musikan lehen pausoak eman zituztenetik 30 urtera, Sarriegi eta Artola berriro igo ziren oholtza gainera. Larrabetzun (Bizkaia) izan zen Sorotan Bele Gogoan proiektuaren lehen kontzertua, 2021eko uztailean, eta, harrezkeroztik, 30 kontzertu inguru eman dituzte jada. «Produkzio etxekoek Sorotan Bele izena agertzea nahi zuten, baina guk ez genuen nahi soilik Sorotan Bele izatea, taldekide batzuk falta dira eta. Horregatik, hainbat proposamen ikusi ondoren, Sorotan Bele Gogoan aukeratu genuen». Lehen kontzertuaren berri eman zutenean, hainbat hedabidek plazaratu zuten Sorotan Beleren itzulera zela hura, eta taldekideei ez zitzaien gustatu. «Guk ez genuen hori nahi, eta disgustu handia izan zen». Taldekide guztiak ez daudenez proiektuan, partaideek erabaki zuten kontzertu asko ez ematea. «Ritxi Salaberria eta Aitor Etxaniz batu dira orain, eta soilik bi taldekide falta zaizkigu. Haiei ere proposamena egin diegu, noski, baina bizitzako beste garai batean daude, eta ulertzekoa da».
Sorotan Beleren lehen diskoko kantak interpretatzen dituzte ikuskizunean. «Oso hunkigarria da gure kantak berriro jotzea, eta gogo eta ilusio handiz egiten dugu». Sarriegik nabarmendu du Sorotan Bele Gogoan ez direla Artola, Salaberria, Etxaniz eta laurak soilik. Kontrara, Sorotan Bele Gogoan bi protagonistaz osaturiko taldea da: taldekide ohiak eta haiekin batera jotzen duen udal banda. «Xabierrek gure kanten moldaketak egiten dituenean, asko errespetatzen du kanta originala, baina bere lekua ematen dio bandari ere. Guretzat ikaragarria da, bandek asko janzten dituzte-eta gure kantak».
Mikel Errazkinen omenean
Ikusleek transmititzen dieten «berotasuna» ikaragarria dela adierazi du abeslariak. «Adin guztietako jendea etortzen da gure kantak entzutera. Batzuk oso gazteak dira, Sorotan Belek jotzen zuenean jaio gabeak zirenak alegia, eta, era berean, 90 urtekoak ere hor ibiltzen dira, aktibo egon ginen urteetan 60 inguru izango zituztenak. Oso polita da adin ezberdinetako hainbeste jende gure kantak abesten eta dantzatzen ikustea». Halere, proiektuaren arrakastak ez die beldurrik eragin taldekideei, haiek uste baino handiagoa bihurtu den arren. «Bere garaian bai, izan genuen beldur hori, dena bat-batean etorri baitzen, eta ez genekien non kokatuak ginen. Ez genekien neurtzen gertatzen zitzaigun hori».
Sarriegik, hunkituta, esan du proiektu berria Mikel Errazkin taldekide ohiaren omenean egin dutela. 2008an zendu zen Errazkin, osasun arazoak zirela medio. Taldeko kanta asko konposatu zituen, eta oholtza gainean txirula jotzen zuen. «Sorotan Bele Gogoan-en ikuskizunean, Mikelen argazki batzuk proiektatzen ditugu. Orain, ohitu egin naiz, baina hasieran gogorra egiten zitzaidan. Mikeli omenaldi txiki hori egitea oso hunkigarria eta garrantzitsua da guretzat».

Baionan, ikastolen alde
Asteburuan, lehenengo aldiz joko du Sorotan Bele Gogoan proiektuak Ipar Euskal Herrian. «Egin ditugun kontzertu askotan Ipar Euskal Herriko jendea bildu da, eta nabaritu dugu zale oso sutsuak direla. Duela gutxi norbaiti irakurri nion moduan, guardia azkar jaisten duten entzuleak dira [barrez]». Ikastolen aldeko kontzertuak izango dira. «Hasieran kontzertu bakarra izan behar zuen, baina, sarrerak hain azkar saldu zirenez, beste egun bat gehitu dute». Horrez gain, apirilaren 5ean, Mutrikuko udal bandarekin batera, ZEID Fest jaialdian izango dira, Barakaldoko BECen (Bizkaia).