Memoria kolektiboan zintzilik geratu ziren hitzak dira: «Oso latza izan da». 1981eko otsaila hasieran esan zizkien Joxe Arregik Carabanchelgo espetxeko erizaindegian (Madril), hilzorian zela, alboan suertatu zitzaizkion hiru preso politikori. Handik egun gutxitara hil zen, jasandako tratu bortitzaren ondotik, eta lorratz sakona utzi zion horrek Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editore eta idazleari. Herritar gehientsuenek bezala, ordea, 2009ra arte ez zuen jakin zenbait lagunek isilpeko plan bat egin zutela, lurperatu eta egun gutxira, Arregiren gorpua hilobitik jaso, hilkutxatik atera, eta argazkiak egiteko, begi-bistan gera zedin gertatutakoaren neurria. Amagoia Gurrutxaga kazetariak eman zuen horren berri egunkari honetan, 28 urte geroago.
«Horrek eman zidan bidea», aitortu du Mendigurenek (Beasain, Gipuzkoa, 1964). Erreportajea irakurri zuenetik, buruko zoko batean izan duela gordeta pasadizo hura, harik eta udaberrian, ezustean, zerbait martxan jarri zitzaion arte. «Martxo bukaeran, Zizurkilgo eskolan [Gipuzkoa], bere umea jasotzen ikusi nuen Virginia Ameztoi, Bixente Ameztoiren alaba. Ondoan nuen emaztea; hasi nintzaion kontatzen, eta, ttak, hor ikusi nuen kontatzeko modua».
Zizurkilgoa zen Arregi ere, eta hango hilerriko gorputegian haren gorpuari argazkiak ateratzen aritu zirenean artean egon ziren Bixente Ameztoi artista eta Juan Kruz Unzurrunzaga ETApm-ko kide ohia —azken honek kontatu zizkion gertatutakoak Gurrutxagari—. Hiruko horri begira ondu du Oso latza izan da (Elkar) Mendigurenek. «Narrazio bat eraikitzeko, literaturan oso ondo funtzionatzen du pertsonaia ezberdinak elkarrekin jartzeak, eta Arregi, Ameztoi eta Unzurrunzaga oso izaera markatukoak ziren, zirkunstantzia oso diferenteak zeuzkatenak, bai soziologikoki, bai psikologikoki. Horrek eman zidan idazten hasteko ideia».
Kontatu duenez, ideia izan eta «berehala» jarri zen idazten. Idazten eta dokumentatzen, nahiz eta bigarren lanaren parte handi bat aurreratuta zeukan. Orain, aldiz, aipatutako lagunen ingurukoak elkarrizketatu ditu, eta, oro har, «kontatzeko gogoa» topatu duela aipatu du —aurkezpenean izan dira elkarrizketatuetako batzuk; Roberto Lertxundi politikari ohia eta Virginia Montenegro Ameztoiren alarguna, tartean—.
Testigantza zuzenak bildu arren, garbi utzi nahi izan du: «Ez dut fikzio bat idatzi, baina idazteko modua bada nobelista batena. Ez nuen saiakera bat, ez kazetaritza lan bat egin nahi. Fikziorik gabeko nobela bat da, Rodolfo Walshen eta Truman Capoteren estiloan. Kronika bat, baina modu literarioan idatzita».
Ukitu poetikoa, tragedia, umorea
Estiloan bada gorabeherarik, dena den. Liburuak badu «hats poetiko bat» hasieran eta azkenetan —egileak bere burua txertatu du kontakizunaren amaieran; zortzi atal dira denera—, baina tarteko gertakariak aletzeko «estilo estandarrago baten» alde egin du. Kontatzen direnak lazgarriak izanda, liburuaren tonua «tragikoa» denik ez du ezkutatu, baina aipatu du Unzurrunzagaren eta Ameztoiren bizitzek umore ukitua ere erantsi diotela testuari.
Aipatu du, halaber, zenbait gauza nahita utzi dituela liburutik kanpo, Arregiren heriotzatik gutxira gertatutako Antonio Tejeroren estatu-kolpe saiakera eta ETApm-ren behin betiko su etena, esate baterako. Kontatu nahi izan ditu, ordea, 1981eko otsailean gertatutako beste batzuk: Arregi atxilotu zuten egunean bertan, Juan Carlos Borboikoa eta Sofia Greziakoa Espainiako errege-erreginei ongietorria egin ziela Karlos Garaikoetxeak Gernikan (Bizkaia), eta juntetxera sartu eta diskurtsoa irakurtzen hasi zenean, Herri Batasuneko batzarkideak Eusko gudariak kantatzen hasi zirela, ukabilak airean. Edo nola Arregirena gertatu baino astebete lehenago hil zuen ETAk Jose Maria Ryan Estrada, Lemoizko zentral nuklearreko eraikuntzen ingeniariburua.
Mendiguren: «Liburua ez da politikaz asko mintzatzen —protagonistak beren ideiak zituzten eta horien konstatazio bat egiten da, ez horien aldeko apologiarik edo juiziorik—, baina bai torturari buruz, ze hitz egin behar da. Arregi, [Gurutze] Iantzi, [Mikel] Zabaltza aipatzen dira askotan, baina torturaren sistematikotasuna frogatuta dago, ez judizialki, baina bai testigantzen eta Pako Etxeberriak-eta egin dituzten txostenen bidez. 10.000 kasutik gertu egon gaitezke. Gurea bezalako herri txiki batean, izugarria da hori».
«ETApm oraindik indarrean zen»
Aurkezpenean, baina, garai hartako giro politikoaz aritu da Mendiguren. Gogora ekarri du, besteak beste, 1980ko hamarkadan eskuineranzko biratze bat orokortu zela Mendebaldean. «[Margaret] Thatcher igo zen boterera Erresuma Batuan, [Ronald] Reagan AEBetan, lehenxeago Juan Pablo II.a aita santua... Bigarren Mundu Gerratik 1980ra arte ezkerreranzko bira soziologiko bat egon zen bezala, buelta ematen zaio horri, eta bira kontserbadore bat hasten da. Euskal Herrian ere gertatzen da».
Euskal Herrian, «eskema politiko eta psikologiko bat» finkatu zen orduan, idazlearen ustez. Gutxienez hamar bat urte iraun zuena. «Labur esanda, Herri Batasunaren munduan sortzen da sinesmen bat garaipena posible dela, gogorra dela, gauza itsusiak egin beharko direla, asko sufrituko dela, baina garaipena, edo halako zerbait, posible dela. Eta hori ez da gertakari politiko bat bakarrik; horrek sortzen du RRV adibidez. Gizarte osoa blaitzen duen erresistentziako kultura bat, kontrabotereak sortzeko eskema bat».
Esan du, halaber, behin ETApm deseginda ez duela uste Arregiri egindako argazkiak posible izango zirenik. «Argazkiak ateratzen aritu ziren batzuk, Unzurrunzaga kasurako, ETApm-ren ingurukoak ziren. Garai hartan ETApm oraindik indarrean zen eta militarrekin gaizki konpondu arren, bazuten sinesmen bat borroka beraren parte zirela. Hori erabat aldatzen da hilabete gutxira, eta ETApm-tik zetozenak onartu egiten dute nolabait trantsizio espainiarra, eta asko urruntzen dira».
Urtetxo batzuk ziren Mendigurenek ez zuela argitaratzen, eta pozik azaldu da liburu berriarekin. «Urteak ziren ez nuela idazten. Batek nahi du zerbait diferentea esan liburu berri batean, bai edukiz eta bai estiloz, eta idazten hastean konturatzen nintzen idatziak ditudanen moldekoak ateratzen zitzaizkidala».
Andrea Mantegnaren Kristo hila-ren zati bat erabili du lan berriaren azalerako, eta hark aurreratzen du lanaren beste ezaugarri bat: sinbolismo erlijiosoari egin dion lekua. «Nire formakuntzagatik, beharbada, ezinbestez etorri zitzaidan gogora, eta ez dut ukatu nahi izan. Ez dut gehiegi azpimarratu, baina agertu, agertzen da». Garbi erakusten du lanaren azpitituluak ere: «Joxe Arregiren pasioa, herioa eta berpiztea».