Gaizka Insunza. Audience taldeko kidea eta EHUko irakaslea

«Oso kontserbadore jokatu dute musika enpresa nagusiek»

Diskogintzaren industria ikertu du Insunzak. Sektorea krisi betean dagoen bitartean inoizko musika kontsumorik handiena dagoela dio, eta paradigma aldaketa baten aurrean deskribatzen du diskogintza.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2017ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Barrutik eta kanpotik bizi du musika Gaizka Insunzak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1978). Audience taldeko kantaria da, eta irakaslea ere bada EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Ekonomiaren esparrutik jarri da musikaren munduari begira, eta Europako diskogintzaren egoera aztertu du bukatu berri duen tesian. Berrikuntzak nabari ditu Isunzak: produktuen formatua, industriaren antolaketa eta merkatuak aldatu direla dio. Eta, ondorioz, paradigma aldaketa baten aurrean dagoela diskogintza.

Diskogintza paradigma aldaketa baten aurrean dagoela ondorioztatu duzu tesian. Zein da aldaketa hori?

Azken hamarkadetan faktore askok izan dute eragina kulturgintzan. Aldaketa teknologikoak eta globalizazioak, besteak beste, nabarmen eragin dute diskogintzaren industrian ere. Lau esparrutan izan diren berrikuntza prozesuek jarri dute sektorea paradigma aldaketa baten aurrean; produktu, prozesu, industria antolaketa eta merkataritza estrategietan izandako aldaketek, alegia. Produktuei dagokienez,emandako aldaketa da, akaso, nabariena. Musikaren merkatua produktu fisikoetan oinarritu da orain arte, CDetan, kasurako. Informatikaren eraginez joera hori aldatu egin da, eta euskarri fisikoak zirenak birtualak dira orain.

Euskarri fisiko gutxiago badago ere, areagotu egin da musikaren ekoizpena.

Analogikotik digitalera emandako jauziak abantailak ekarri ditu musikagintzaren edizio eta ekoizpenean. Esan daiteke musika ekoizteko ezagutza musikal gutxiago behar dela gaur egun. Ekoizpena asko zabaldu da informatikaren ondorioz. Duela gutxi oso garestia zen estudioetara joatea, baina nabarmen egin dute behera grabazioari lotutako gastuek. Musika ekoiztea merkeagoa da, eta horrek industriaren antolaketa ere aldatu du. Gero eta gehiago dira merkatu txikietan espezializatzen direnak. Euskal Herrian, adibidez, nabarmen egin du gora autoekoizpenak. 300 disko kaleratu dira azken urteetan, eta horien erdiak autoekoitzitakoak dira.

Eskuragarritasunaren eraginez jaitsi egin al da musikaren kalitatea?

Musika kritikarien egoera izan daiteke horren adibideetako bat. Azken urteetan, desagertzen ari direla nabarmendu dute askok. Sare sozialetan, askok, edonork hartzen du rol hori, eta, ondorioz, edozein bihurtzen da kritikaria. Eremu guztietan gertatzen ari den joera da. Nik neuk sarritan jotzen dut Herbert Alexander ekonomialariaren esaldi famatura. Informazio ugaritasunak atentzio pobrezia dakarrela zioen berak. Eta, musikaren munduari dagokionez, paradoxikoa da egoera; izan ere, musika gehien kontsumitzen den aroan gaude, musikaren industria krisian dagoen momentu berean.

Zein da krisiaren oinarria?

Industria ez da gai gaur egungo kontsumo bideak kapitalizatzeko. Orain, Interneteko zerbitzua ordaintzen dugu gehienek hilero, eta, trukean, Internetetik deskargatzen dugun guztia doakoa izatea nahi dugu. Internetera bideratzen dugun diru hori diskoetan gastatzen genuen lehen. Hortaz, esan dezakegu musikara edo kulturara zihoan diruaren zati hori bere egin dutela teknologia enpresek. Eta hori da paradoxarik handiena: inoiz baino musika gehiago entzun eta kontsumitzen den aroan, ez da monetizatzen. Spotify musika zerbitzaria bezalako enpresek streaming bidez eskaintzen dute musika, eta publizitate bidez lortzen dute dirua.

Diskoetxeak nola ari dira egoera horretara egokitzen?

Konbergentzia ematen ari da kultura, informatika eta telekomunikazioaren artean. Nik tesia hasi nuenean, adibidez, bost diskoetxe nagusi zeuden, merkatuaren %80 kontrolatzen zutenak. Azken urtean fusionatu egin dira horietako gehienak. Duela gutxi arte, EMI zen Europako multinazional bakarra, adibidez. Eta Universal eta Warner enpresek erosi dute orain. Gaur egun, Warner, Universal eta Sonyk dominatzen dute diskogintza. Azken hamarkadetan oso era kontserbadorean jokatu dute enpresa nagusiek; ez dute ezer arriskatu.

Musikariengan eragina du horrek?

Sentsazioa dut azkenaldian ez dutela artista berrietan inbertitu ere egin. Ez dago ibilbide luzeko talde askorik. Gero eta iraupen gutxiagokoak dira musika taldeak, eta norabide horretan jokatzen dute diskoetxeek ere: talde bat denbora gutxian esplotatu, eta beste talde bat esplotatzera jotzen dute gero. Epe laburra gailentzen da merkatuan, eta ez dute luzerako inbertsiorik egiten, Beatles edo U2 edo antzeko taldeekin egin zen bezala.

Autoekoizpenak tokia kenduko dio diskoetxeen industriari?

Eztabaida asko sortzen duen gaia da. Nik Euskal Herriko kasua aztertu dut gehien, eta ez dakit gainontzeko herrialdeetan zer-nolako joera dagoen. Egia da hemen autoekoizpen indartsua dugula, autoantolaketarako kultura bat ere badugulako. Horrek ekosistema berezia sortzen du. Eta hizkuntzarena ere badago. Multinazionalek ez dute interesik euskarazko musikan, ezin dutelako mundu mailan esplotatu.

Musikaren industria zerbitzu bihurtzen ari dela ondorioztatu duzu ikerketan.

Lehen, musikaren industria produkzio industria zen; produktuan oinarritutako ekosistema, alegia. CD bat saldu eta grabatzen zen, adibidez. Baina gaur egun musikaren merkatua zerbitzu gisa ulertzen dute enpresek. Ez dago euskarri fisikorik, eta musikaren eskubideak dira saltzen direnak, bideo jokoetan, pelikuletan eta telesailetan, besteak beste. Ikus-entzunezkoetan boom-a dago, eta musika era anitzetan esplotatzen zentratzen da negozioa. Red Hot Chili Peppers musika taldeak, adibidez, bideo joko batean bere musika jartzeagatik irabazi du diru gehien. Hori duela hamar urte pentsaezina zen. Kontzertu edo diskoen salmentatik lortzen ziren irabaziak.

Sorkuntza prozesuen aldaketa ekarri du horrek?

Kulturgintzaren logika aldaketa izan da. Hor dago gakoetako bat, eta ikertzea interesgarria litzatekeena, gainera: industria ekosistemaren aldaketak nola eragiten dio sormenari? Nola eragiten dio musikaren edukiari? Nola sortzen dugu orain? Aditu askok diote industriaren egoerak eragina duela sortzen den musika motan. Arau orokor bezala onartzen da kulturaren ekoizpenean enpresak edo boterea oso kontzentratuta daudenean eskaintza kulturala homogeneoagoa dela. Eta aniztasuna dagoenean, aldiz, gizarteak sortzen duen ondasun kulturala aberatsagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.