Hamarkada bat betetzear delarik eman du estudioko laugarren lan luzea Brightoneko (Ingalaterra) Porridge Radio musika taldeak. 2015ean ekin zioten bideari, Misery Radio estreinako lana kaleratuta. Eta, ordutik, taldeak trebeziaz jorratu eta eman ditu dozenaka kantu —izan diskoetan zein single erara— indie rock doinuak lagun, kritikaren onespena nabarmen bereganatzeraino. Hasiera-hasieratik, Dana Margolin gitarrista eta abeslariaren (Londres, 1993) kantaera sentsibilitatez eta indarrez betea izan da Porridge Radioren bereizgarrietako bat, eta hori nabarmen bistaratu da udazken honetan emandako diskoan ere: Clouds in the Sky They Will Always Be There for Me. Martxoaren 23an, Donostiako Dabadaba aretoan taularatuko dute.
Orain arte, 2022ko udaberrian kaleratutakoa zuten azken diskoa: Waterslide, Diving Board, Ladder to the Sky. Margolinek aitortua duenez, ahitu antzean bukatu zuen hura kaleratu ondoko kontzertu bira, eta maitasun kontuei loturiko hainbat atsekabe ere izan zituen garai horretan. Hain zuzen, orduko bihozminaren itzalik bada disko berrian. Margolin: «Izan ere, iragazkiak baztertzen ahalegintzen naiz, zintzo aritzen; nahiz eta erreparoa eman».
Hain zuzen, laukoteak 11 kantu bildu ditu albumean, eta horietako askotan mintzo da Margolin minaz, arranguraz. Besteak beste, depresioak erdiz erdi jota, «gaitza indarrez astinduta ere» hura inoiz joanen ez delako usteak eragindako sentipena iradokitzen du sarri. Baina maitemindua izateari buruz ere mintzo da kantaria, eta berezko duen indarrez oihukatzen du, hainbat formatan, maite duela bizitza hala eta guztiz. «I am sick of the blues/ I'm in love with my life again/ I'm sick of the blues,/ I love you more than anything else», dio abeslariak diskoa ixten duen abestiaren hondar-hondarrean, garrasika, intzirika. Eta goibeletik argirako bidea egiten ari delako ideia helarazten dio entzuleari hala.
Album berrirako konposatutako lehenbiziko kantek Margolinek idatzitako poema batzuetan dute jatorria. Kontatu duenez, inoiz kantu bihurtzeko anbiziorik gabe idatzi zituen olerkiok, «aski inozoak» ere iruditzen zitzaizkion hasieran, eta sinetsia zegoen haietatik nekez atera litekeela deus interesgarria. Bistan da oker zela azkenerako, eta, preseski, poemak kantu nola bihurtu ziren erakusteko-edo, zenbait pista ere utzi ditu han-hemenka abeslariak. Esate baterako, sare sozialetan jarri du Lavender, Raspberries kantua abiarazi zuen olerkia. «And then I have the urge/ to jump off of the balcony/ —land with a splash/ (almighty crash)/ in the gentle river below». Egun, abestiaren bigarren bertsoan kantatzen ditu Margolinek hitzok, moldaketa batzuekin.
Hain zuzen, Margolinek Lavender, Paspberries kantuan —diskoko hirugarrenean— erakusten ditu nabarmenen bere kantatzeko maneraren indarguneetako batzuk: kasik uluka aritzen da tarte batzuetan, eta halako katarsi bat irudikatzen du —grabaketan saturazioa eragiteraino—, bien bitartean gitarrak eta bateriak ozen aditzen direlarik.
Leun eta hipnotiko
Bestelako airea transmititzen dute, esaterako, I Got Lost eta In a Dream I'm a Painting abestiek: delikatuagoak, leunagoak dira kantaeran, eta, beraz, eztiagoak, akaso, belarrietarako. Eta, batik bat bigarrenean, taldeak bete-betean erdiesten du atmosfera kasik hipnotikoak sortzea. Ahotsak bata bestearen gainean teilakatuta, besteak beste.
Porridge Radiokoek Secretly Canadian diskoetxearekin eman dute lan berria, eta Don Monks ekoizlea izan dute lagun prozesuan. Egun, Margolinek ez ezik, kide hauek ere osatzen dute taldea: Georgie Stott (teklatua), Maddie Ryall (baxua) eta Sam Yardley (bateria). Jada hasi dute kontzertu bira, Londresen aritu dira asteon, eta 30 emanaldi inguru iragarriak dituzte, Donostiakoa tartean. Bigarren aldia izanen dute Dabadaban.