Zinema

Oskar Alegriak 'Zinzindurrunkarratz' filma aurkeztuko du Seminci jaialdian

Artazu bere herritik Andimendira asto batekin egindako bidea kontatuko du Alegriaren hirugarren lan luzeak: «Oinez eginiko film bat da». Super-8 formatuan filmatu du osorik.

Oskar Alegria eta Paolo astoa, 'Zinzindurrunkarratz' filmatzeko bidean. OSKAR ALEGRIA
Andoni Imaz
2023ko abuztuaren 23a
12:19
Entzun

Lau urte igaro dira Zumiriki Veneziako Zinemaldian (Italia) estreinatu zutenetik, eta Oskar Alegria zinemagileak lan berri bat aurkeztuko du datozen hilabeteetan, Zinzindurrunkarratz izeneko bere hirugarren film luzea —lehena Emak Bakia baita izan zen (2012)—. Gaur jakitera eman dute urrian Valladolideko Seminci zinema jaialdian (Espainia) lehiatzeko hautatu dutela.

Nazioarteko estreinaldia, berez, irailean izango du, Alegriak azaldu duenez, oraindik iragarri gabeko atzerriko jaialdi batean. Gainera, urrian, Japonian ere aurkeztuko du lana, Yamagatako Dokumentalen Nazioarteko Jaialdian.

Zinemagileak Artazu bere herritik (Nafarroa) Andimendira arteko artzainen bidean sortu du Zinzindurrunkarratz. Familiako Super-8 kamera zaharrarekin filmatu du osorik, eta Paolo izeneko asto bat izan du bidaide: «Oinez eginiko film bat da, isiltasunarekin eta lainoarekin, oroitzapenaren hauskortasuna grabatzeko aliaturik onenekin», Alegriaren hitzetan. «Andimendiko soinu toponimiarekin» osatu du 89 minutuko filma.

Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' filma. (OSKAR ALEGRIA)

Seminci jaialdi berrituak Tiempo de Historia dokumentalen sailean lehiatzeko hautatu du Alegriaren lana. Izan ere, jaialdiaren 68. aldian, urriaren 21etik 28ra artean, Jose Luis Cienfuegos izango da zuzendaria lehenengoz; azken urteetan, Sevillako Europako Zinemaldian aritu da (Espainian), eta aurretik, luzaz, Gijongo jaialdian (Espainia).

Jaialdiko hautaketa taldeak hau esan du Alegriaren film berriaz: «Aurkikuntzaz eta harriduraz betetako esperientzia ludikoa da, eta bere iragana eta euskarri zinematografikoarena bera berreskuratzen ditu, arte honetan oraindik ikertzeko asko dagoela erakutsiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.