Lehena Elizabeth II.aren erretratu hotza izan zen, 2006. urtean Stephen Frearsek zuzendu zuen The Queen. Filmak oso kritika onak izan zituen, eta Helen Mirren beteranoari emakumezko aktore onenaren Oscar saria eman zion. Bigarrena, berriz, hizketarako arazoak zituen George VII.aren inguruko istorio efektista izan zen, Tom Hooperrek iaz egindako The King's Speech arrakastatsua. Sari mordo bat sartu zuen zakutoan, horien artean lau Oscar sari. Horietako bat, errege totelarena egiten zuen aktorearentzat, Colin Firthentzat.
Aurrekoekin inolako loturarik izan gabe, Phyllida Lloyd zuzendariaren The Iron Lady sail horretako hirugarrena dela esaten ahal da. Hiru filmak Erresuma Batuko ekoizpenak dira; hirurak pertsonaia eta gertakari historikoetan oinarrituta daude; hirurak pertsonaia horien alderdi gizatiarra jasotzen saiatu dira, eta, azkenik, hirurek aktore protagonista sendoak dituzte. Joera bat sortu da, orain arte komertzialki ongi funtzionatzen ari dena, eta hori profitatu beharra dago.
Argi dago Meryl Streepek bere hirugarren Oscar saria lortzea dela filmaren helburu nagusietakoa. Aktore estatubatuarrak ez du deus demostratu beharra: handien artean dago aspalditik. Hala ere, oraindik ere harritzeko gaitasuna du. Bi Oscar ditu irabaziak, aspaldi samarrean: 1979an ailegatu zitzaion lehena, Robert Bentonen Kramer vs. Kramer filmean egin zuen lanagatik; hiru urte geroago eskuratu zuen bigarrena, Sophie's Choice draman (Alan J. Pakula, 1982) egin zuen lanari esker.
Halaber, ezaguna da Streepek marka ia gaindiezina duela. Oscarretarako izendapen gehien duen aktorea da: hamasei ditu oraingoz. Eta ia segurutzat ematen ahal da hemendik gutxira hamazazpigarrena lortuko duela, Margaret Tatcherren interpretazio horri esker.
Eskuindar petoa
1925. urtean jaio zen Margaret Tatcher,Erresuma Batuko politikari garaikide ezagunenetakoa. Kimika ikasketak egin ostean, gaztetan hasi zen lan politikoan, betiere Alderdi Kontserbadorearen alde. Denis Tatcher negoziogizon aberatsarekin ezkondu zen, eta abokatu ikasketak egin zituen. 1959. urtean, aurreneko aldiz, eserlekua lortu zuen Komunen Ganberan. 1975ean, berriz, Alderdi Kontserbadorearen lidergoa eskuratu zuen, eta handik lau urtera gobernuburu izatea lortu zuen. Postu horretan izan zen 1990ean dimisioa ematera behartu zuten arte.
The Iron Lady goitizena jarri zioten sobietarrek, komunismoaren kontra zuen jarrera gogorragatik. AEBetako presidente Ronald Reaganekin batera,bikote beldurgarri eta atzera- koia osatu zuten 80ko hamarkadan.
Tatcherren agintaldi luzean garrantzi handiko gertakariak izan ziren Erresuma Batuan zein munduan: IRA eta INLAko preso politikoen gose greba luzea, Malvinetako gerra Erresuma Batua eta Argentinaren artean, meatzarien protestaldi gogorrak, Poll Tax zergaren ezarpena, Berlingo Harresiaren erortzea... Horietan guztietan izan zen protagonista Erresuma Batuko lehen ministro izandakoa, eta orain Londresen bizi da, lasai antzean.
Lloyden filmak testuinguru hori izan du kontuan, baina ez da guztiz pelikula historiko edo politikoa. Thatcherren alderdi ezkutuagoan arakatu nahi izan du Abi Morganen gidoiak —Steve McQueenen Shame filma ere hark idatzi du—. Batetik, Denis senarrak harengan izan zuen eragina eta bien arteko erlazioa dira istorioaren ardatz nagusietakoak. Horrekin batera, gizonezkoek bere egin duten mundu batean, politikarenean, emakumezko batek aurrera egiteko zer- nolako arazo eta oztopo izan zituen jaso nahi izan du The Iron Lady-k.
'THE IRON LADY'
Zuzendaria. Phyllida Lloyd.
Aktoreak. Meryl Streep, Jim Broadbent, Anthony Head, Richard E. Grant, Roger Allam, Olivia Colman, Nicholas Farrell.
Herrialdea. Erresuma Batua.
Urtea. 2011.
Iraupena. 105 minutu.
Estreinaldia. Bihar estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Oscar saria nahi duen politikaria
Margaret Tatcherren alderik gizatiarrena erakutsi nahi du 'The Iron Lady' filmak, Phyllida Lloydek zuzenduriko lan biografikoakOscarretarako hamazazpigarren hautagaitza eman diezaioke Meryl Streepi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu