Dagoeneko atera dute argitara aurten BBK Liven oholtzaratu diren bakarlari eta taldeen zerrenda osoa. Laurogei formaziotik gora ariko dira guztira, eta, gaur eginiko iragarpenen artean, honako hauek nabarmendu ditu festibalak: Damiano David —Maneskin taldeko abeslari ohia—, Kaytranada eta Sparks. Dena dela, izen gehiago ere eman dituzte aditzera, adibidez: Sidonie, Heartworms, Maria Arnal, Xsakara eta Eider. Horiek eta beste batzuek ere joko dute Bilboko Kobetamendin aurten; uztailaren 10etik 12ra eginen dute jaialdia.
Ikusi gehiago
Kartela osatuta, BBK Livek datu hau utzi du Euskal Herriko artisten ordezkaritzari dagokionez: zortzi talde dira bertakoak. Izan ere, emandako informazioaren arabera, Xsakara eta Eider ez ezik, Janus Lester eta Malko ere izanen dira jaialdian. Eta, gainera, aurrez zegoen jakinarazita Amaia, Mirua, Hofe x 4:40 eta Tatta & Denso ere ariko direla. Amaiak salbu, gainerako guztiek taularatuko dute euskara beren kontzertuetan.
Artista guztien zerrenda BBK Liven webgunean kontsulta daiteke, eta artista bakoitza zer egunetan ariko den ere iragarria dago dagoeneko —orduak zehaztea falta dute—. Sarrerak abendutik daude salgai, baina martxoaren 27an zabalduko dute eguneko sarrerak erosteko aukera. 65 euroan salduko dituzte.