Agus Perez.
KRITIKA. Antzerkia

Orreagatik honaino

2024ko irailaren 25a
05:10
Entzun

'Orreagatik iragan hurbilera'

«Adin desberdinetako Segurako hogei herritar gara, antzezle amateurrak, eta helburua gure historian gertaturiko pasarte bat taularatzea da». Horrela aurkezten dute beren burua, apaltasun osoz, Historia Oroituz taldeko partaideek. Orain Bergaran ikusi dugun antzezlanaren aurretik beste bi taularatu dituzte: Ez dira aspaldiko kontuak 2014an eta Iragana lahar eta larrosa 2017an. Oraingo hau 2022an estreinatu zuten, eta, aurreko biak bezala, Euskal Herriko historia antzerkiaren bidez erakustea du xede.

Historia Oroituz izenaren harira, hemen aipatu nahiko nituzke Imaz gidoilari eta zuzendariaren adierazpen hauek: «Antzerkia oso baliabide egokia da historia transmititzeko. Dokumentu eta liburu asko daude, baina horretara jarri egin behar zara. Antzerkian, berriz, ikusten ari zarela, modu errazean zureganatzen dituzu hainbat gauza».

Orreagatik iragan hurbilera deitu da oraingo lana, eta emanaldian zehar  gure historiako bi muturrak elkartu dira, bietan azpimarratuz Euskal Herriak mendeetan zehar jasandako erasoak eta aro bakoitzean herriak emandako erantzuna. Xede horri begira, bi ataletan banatu dute antzezkizuna, hasierakoan Orreagako guda mitikoa gogoratuz eta bigarrenean frankismo garaiko bizimodu zapaldua irudikatuz. Lehen atalean hamalau urte inguruko bederatzi neska-mutil ikusi ditugu herri xehearen roletan, Karlomagno eta Eneko Aritzaren pertsonaiak adinez nagusiko bi gaztek jokatuta, eta nagusien txandan beren buruari planteatu diote beraiek frankismo pean jasandako bizimodu tristea agerraraztea.   

Horren harira, pasarte dibertigarri batzuk antzeztu dituzte, eskola frankista, soldaduska eta erlijio katolikoaren nagusikeria tarteko. Bide horietatik, izaera didaktiko nabarmena hartu du planteamenduak –ez dezagun ahaztu Imazek ibilbide oparoa egin duela irakasle eta ikerlari gisa ikastolen mugimenduan–, kutsu horrek antzerkiak behar duen misterio izaera apaldu duen arren.

Eszenaratzea, singlea baina egokia izan da, eta agertokian jantzien esekitokia eta garaian garaiko aulkiak izan dira elementu eszeniko bakarrak. Gazteen taldeak euskal dantzaren bidez irudikatu dituzte Orreagako guda eta azken agurra, eta guztiek –gaztetxoek zein helduek– ganoraz gorpuztu dituzte beren rolak, betiere antzerki amateurraren parametroetan. Azkenik, eta emanaldiaren geldotasuna gorabehera, herri-duintasunaren eta gure izaeraren aldeko mezu sendoa eta ilusionagarria helarazi digute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.