begona del teso
Eppur si muove

Orratzaren neska Otxarkoagan balitz...

2025eko martxoaren 28a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bada gure karteldegian zeluloide zuri-beltz dentso eta lodian filmaturiko pelikula argi-ilun bat; ipuinek, ipuin garratzek orok, darabilten krudeltasun bera dario eta joandako mendeetako pobrezia fisiko eta moralaz da bildua. Zinemaren mugetan, zinezaleon babes/konfort zonatik at, aise ibiltzen diren zuzendari horietako batek, Magnus von Horn-ek, hots, seduzitu egiten gaitu bere magia beltzaz.

Danimarkatik dator, Oscarretan izan zen finalista, pasa diren urteetan min gozoz dastatu beste hamaika filmek gure baitan utzi duten marka ahaztezina berpizten du. Bihotza estutzen digu amoros eta anker, bizirik irautea zeinen behar bortitza den gogoratuz. Pigen med nålen /The Girl with the Needle/ La chica con la aguja du izenburu eta bainuetxeko eszenan ikusiko duzuen bezala, hemen orratza ez da josteko erabiltzen. Aspaldi zaharrean ikasi behar izan zituzten gure ahizpek orratzaren beste erabilerak...

True crime generoko pieza oso-osoa bada ere, Pigen med len izan zitekeen, arazorik gabe, duda izpirik pe, apirilean hasiko den Giza Eskubideen Zinemaldiko programazioan. Zinema soziala ere bai baita, Patuak eta Gizarteak bihozgabe bazterturiko horiek protagonistak direlako haren fotogrametan.

Horiengan ditu, hain zuzen ere, jomuga, kamera eta iparrorratza jaialdiak. Horiengan eta Denbora existitzen ere existitzen ez zen denboratik, Gizadiak ezagutzen dituen mamuengan, guk geuk aske, suelto utzi ditugun piztiengan, behin baino gehiagotan guk sortuak diren horiengan.

«Danimarkatik dator, Oscarretan izan zen finalista, pasa diren urteetan min gozoz dastatu beste hamaika filmek gure baitan utzi duten marka ahaztezina berpizten du. Bihotza estutzen digu amoros eta anker, bizirik irautea zeinen behar bortitza den gogoratuz. 'Pigen med nålen /The Girl with the Needle/ La chica con la aguja' du izenburu»

Badira XXII. edizio horretan galdu ezinezko dozena bat film, gure ezin hainbaten ispiluaren aurrean jarriko gaituztenak. Izango dute batzuek esperantza punturik. Utziko gaituzte beste askok seko etsirik. Apunta itzazue segidan doazkizuen izenak. Ikasiko duzue bertan zer-nolako borrokatan (batzuk aspaldian galduak badira ere) parte hartzen duen zinemak.

Legend of the Vagabond Queen-ek, esaterako, Nigeriako Lagos hirian gertaturiko etxe(auzo) jabetze zital eta kriminal baten berri ekartzen digu. Aldi berean, ederki asko ulertuko duzue bertan zergatik den Nigeriako zinemagintza Afrika osoko erreferentzia eta miraria. Konprenituko duzue arras ondo zergatik bihurtu den bertako superheroi eta liderra Jawu emakume gazte fina. Ohartuko zarete kamera batek izan dezakeen libertate basaz, antzemango duzue istorioa Afrikako ipuin kontalariek propio dituzten baliabideekin azalduta dagoela. Alta, zuhur jokatzen dute egileek eta gaur egungo zinemak berezko duen narratibarekin egiten dituzte jolas, joko, salaketa eta ametsak.

Hiru ordu irauten duen pelikularik bada programazioan; apirilaren 10ean Tabakaleran emango dena etsenplu. Badu izenburu deigarria: Henry Fonda for President eta Vienako zinemaldia zuzendu izan duen Austriako Alexander Horwarth historiagilea dugu autorea. Anbizio handiko lan honek badu abiapuntu, oinarri eta ardatz bitxia; izan ere, John Forden western-etan eta Hollywoodeko hainbat zeluloidezko altxor bilakaturiko ziento bat pelikulatan ikusitako aktore eta gizaki fin eta honest hori da dokumentalari zentzua, izana, emango diona. Haren bizitzaren eta lanen bitartez, haren arbasoak erreferente harturik, haren hautu moral eta politikoak kamera aurrean jarriz, Estatu Batuetako historia gureganatzen du filmak, film ondratu, balent, harrigarri honek, zeinen muntatzeak zor eta lor uzten zaituen, zeinen izaera filosofikoak liluratu baino gehiago arnasestuka uzten zaituen. Horrelako filmik ez duzuela ez inon eta ez inoiz ikusi jokatuko nuke nik lepoa...

The Girl with the Needle filmeko fotograma bat.
The Girl with the Needle filma.

Ba al da jaialdian alaitzeko modurik, betarik, paradarik? Bai horixe. Hasi berritan dagoela, apirilaren 5ean, Lara Izagirreren Empoderio-k ustekabean utziko zaituzte. Duela pelikula eta hilabete batzuk, bildu ziren zinema eta antzerki tailer batean Bilboko Otxarkoaga auzoko hainbat emakume ijito. A zer-nolako libertatea, zer-nolako distira, zer-nolako suzko haserrea, zer-nolako alaitasun mikatza, zer-nolako atrebentzia, zer-nolako etorria eta jarioa, zer-nolako balentria(k) beraiena!

Asko ikasiko luke La chica de la aguja-ko Karolinek Otxarkoagako emakume horien konpainian. Asko ikasi, asko partekatu. Lagunak egingo zituen bertan, eta elkarri mina(k) arinduko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.