Ustekabean heldu zaio heriotza Aitor Aramaio ondarroarrari, eta euskal zinemak gidoilari eta zuzendari bat galdu du. Etxean aurkitu zuten gorpua, igandean, lo zegoela hil baitzen zinemagilea, eta medikuak zergatik hil zen aztertzen ari dira orain. Atzo, Lea-Artibaiko belatokian egon zen gorpua egun osoan, eta erraustu egin zuten ondoren. Datorren larunbatean egingo diote azken omenaldia, arratsaldeko 17:00etan, Ondarroako Jai Brian tabernan.
Herri hartan jaio zen, orain 40 urte, eta egun Legorretan bizi zen, bere bikotekide eta 3 urteko alabagaz. EHUn egin zituen ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak eta Andoaingo zinema eta bideo eskolan eta Urnietako Sarobe gunean zuzendaritza eta gidoigintza ikasten aritu zen gero. 1999an, Los Angelesen, zuzendari laguntzaile lanetan ibili zen, Julia izeneko filmean. 2000. urtetik aurrera hainbat programa eta spot grabatu zituen, banku zein konpainientzat, eta ETBn ere aritu zen errealizadore lanetan.
Terminal film laburra izan zen Aramaiok estreinakoz zuzendu zuen lana; 2003. urtean, hain zuzen. Bilbon bizi diren bi lagunen bakardadea kontatzen du bertan. Autobus gidaria da pertsonaietako bat. Sarritan ikusi ohi duen drogazalea hil delako susmoa du, eta damu da hari lagundu ez izanaz. Hogei bat sari lortu zituen lan horri esker, Berlinen, Venezian, Kordoban eta Kroazian, besteak beste. Horrela hasi zuen Aramaiok ibilbidea.
Film luze bakarra, Un poco de chocolate, 2008an aurkeztu zuen. Zuzendari eta gidoilari lanak egin zituen Unai Elorriagaren SPrako tranbia eleberrian oinarritutako film horretan. Portu Zaharrean, Bilbon eta Gorlizen grabatu zuen filma.
Bertan, Lucas (Hector Alterio) eta Maria (Julieta Serrano) anai-arreba zaharrek Marcos (Daniel Bruehl) eta Roma (Barbara Goenaga) bikote gaztea ezagutuko dituzte. Zaharren bizimoduak gazteengan izango duen eragina kontatzen du istorioak. Hector Alteriok Shisha Pangma mendira igo nahi duen 80 urteko zahar batena egiten du filmean, eta, alzheimerraren ondorioz, etengabe nahasten ditu errealitatea eta ametsak.
Hasiera batean, jatorrizko hizkuntza euskara izatea nahi zuen Aramaiok. Baina ekoizleek gaztelaniaz grabatzea gomendatu zioten, eta Hector Alterio aktore argentinarrak baiezkoa eman zionean, hala egitea erabaki zuen.
Horrez gain, hainbat bideoklip grabatu zituen Aramaiok; besteak beste, Kepa Junkera, Berri Txarrak, Pi L.T. eta Mikel Urdangarin musikarientzat.
Hilberria. Aitzol Aramaio
Orotariko gidoilari eta zuzendaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu