Heldu den urteko bere saileko aurrekontua aletu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Guztira, 322,4 milioi euro kudeatuko ditu berak zuzentzen duen sailak, aurten baino %11,6 gehiago. Horietatik, 161,5 milioi euro EiTBrako baliatuko dituzte, eta gainerako 160,9 milioi euroetatik ia heren bat kultur proiektuak sortzeko eta zabaltzeko.
Zupiriaren hitzetan, bere sailak «apustu garrantzitsua» egingo du inbertsioetan. Besteak beste, honako hauetarako diru sailak izango dituzte: Orconera industria ondare higigarriaren zentrorako, 3,1 milioi euro; Albaola Itsas faktoriaren azpiegiturak handitzeko, 2 milioi euro; Sestaoko Labe Garairako, 2 milioi euro; eta Zallako artisten gunerako, 1,3 milioi euro. Sailburuaren hitzetan, inbertsio horietako batzuk 2022an hasi eta bukatuko dituzte, eta beste batzuk datorren urtean hasi eta hurrengoetan amaituko.
Halaber, sailburuaren esanetan, 2022a «urte garrantzitsua eta itxaropentsua» izango da kultur politikei dagokienez. «COVID-19aren pandemia hasi zenetik, gure politikak neurri handi batean pandemiaren kalteak arintzera eta sektore ezberdinei laguntzera bideratu ditugu. Gure aurrekontuak eta programak uneko premietara egokitu ditugu». Gaineratu du «sorkuntza sustatzea eta euskal sortzaileen jarduera bermatu eta laguntzea» duela bere sailak legealdirako duen konpromiso nagusietako bat, eta horri erantzuten diola aurrekontu proiektuak. Hala, Kultura sailburuordetzaren diruaren heren bat sorkuntza sustatzeko erabiliko dutela azaldu du. 20 milioi euroko aurrekontu horren barruan leudeke, besteak beste: sorkuntza bultzatzeko deialdiak, izendunak eta programa bereziak (13,7 milioi euro); Kultur eta Sormen Industrien (KSI) garapena (1,5 milioi euro); eta Etxepare Institutuaren bidez euskal sortzaileak nazioartean ezagutzera ematea 3,4 milioi euro).
Kultur eskaintza eta zabalkundea sustatzea ere konpromisoen artean dituztela ekarri du gogora, eta Kultura sailburuordetzaren aurrekontuaren %40 inguru jarriko dutela horretarako, besteak beste, honako hauek finantzatzeko: Euskadiko Orkestra; museo eta kulturgune handiak; kultur jaialdiak; eta irakurzaletasuna sustatzeko programak. Izango da diru sailik kultur transmisioa bultzatzeko eta kultur arloan digitalizaziorako urratsak egiteko ere.
EiTBrentzako diruari dagokionez, 13,8 milioi euro inbertsioetarako baliatuko dituzte. Besteak beste, Donostiako egoitza berritzeko, 1,5 milioi euro erabiliko dituzte, eta, Bilbokoa berritzeko, 1,6 milioi euro erabiliko dituzte.
Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak, berriz, 69,4 milioi euro izango ditu, eta «lau lehentasun nagusiri» aurre egiteko baliatuko ditu, zehaztu duenez: herritarren euskararen ezagutza handitzen jarraitzea; euskararen erabilera handitzen jarraitzea; herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea; eta euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza sendotzea. Nabarmentzekoa da HABEk, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, 46,5 milioi euroko aurrekontua izango duela.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzak, berriz, 12,2 milioi euroko aurrekontua baliatuko du, besteak beste, Basque Team Fundazioak ziklo olinpiko berriari hasiera emateko eta goi mailako euskal kirolariak laguntzeko (1,6 milioi euro); herri kirolak, pilota eta arrauna laguntzeko (150.000 euro kirol bakoitzarentzat); eta Frantziako Tourraren Grand Départ Pays Basque 2023 aurrera ateratzeko (300.000 euroko ekarpena 2022an).