Oroitu ezin denaren emaria

W. G. Sebalden 'Austerlitz' itzuli du Idoia Santamariak, eta Igelak argitaratu. Memoria, bidaia kronika, irudia eta beste uztartzen ditu. Joseba Sarrionandiak idatzi du gibelsolasa

Idoia Santamaria itzultzailea, W. G. Sebalden Austerlitz (Igela) liburua eskuetan hartuta, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Normalean, beste hizkuntza batzuetara itzuli izan denean, festa bat izan da; badelako liburu bat nahiko klabea, oso zaila itzultzen, eta itzultzen den hizkuntzara beti ekartzen duelako estilo oso zehatz bat». Igelan editore lanetan hasi zenetik ekarri nahi zituen obretako bat zela ere onartu du Lander Majuelok, eta heldu da: W. G. Sebalden Austerlitz kaleratu du argitaletxeak, Idoia Santamariaren itzulpenean. Ez da edonolako liburua; 2001ean kaleratua, «egungo mendeak eman duen liburu originaletariko bat» dela diote, eta hala defendatu dute editore zein itzultzaileak ere. Joseba Sarrionandiaren gibelsolasarekin jantzi dute argitalpena, eta hala idatzi du hark: «Sebalden narrazioen gaia, ezein gertaera baino gehiago, dena delako hori azaltzeko ezintasuna da. Memoria baino lehenago, ahazmena dago, eta ondoren ere bai».

Kontatu ezina nola kontatu. Horri helduko zion Sebaldek bere literaturan. Bavariako Wertach herrixkan jaio zen, 1944an, eta aitarekin izan zuen biziko gatazka nagusia, «bere belaunaldiko askok bezala», Majueloren esanetan: «Alemanian, bere belaunaldia da zuzenean aitarekin hausten duena, aita gehienak egon direlako, gutxienez, armadan. Eztabaida oso era gatazkatsuan irekitzen da, galdera bakar batean oinarrituta: aitari galdetzea zer egin zuen gerran». Beste askorena bezala, hautsi egin zuen horrek Sebalden familia, eta Ingalaterrara egin zuen idazleak 21 urte betetzerako. Alemaniaren «ondare politikoari» bai, baina ondare kulturalari ez zion inoiz uko egin; literatura alemana irakasten jardun zuen East Angliako unibertsitatean. Hor argitaratu zituen lehen lanak, eta 43 urte zituen lehen eleberriak idazten hasi zenean.

«Eleberriak dei badaitezke», editoreak. Izan ere, memoria, bidaia kronika, azterketa literarioa eta beste nahasi zituen horietan Sebaldek —«artefaktu narratibo» deitu ditu Sarrionandiak—. Austerlitz-en kasuan, dena dator kasik paragrafo bakarrean josita eta 84 irudi ere kontakizunaren parte dira. Auschwitzen ondoren ezin zela poesia idatzi esan bazuen Adornok, hari erantzuteko Sebalden modua izan zen mota horretako literatura idaztea, editorearen ustez: «Nazismoa zuzenean bizi ez arren, hura herentzia gisa jaso zuen lehen generaziokoa izan zen, eta mota honetako eleberriekin erantzun zuen. Nahasketa horrekin sortzen duen tonua eta erritmoa esan ezin den hori esateko modu bat da».

Argumentua bera soiltzat har daiteke abiapuntuan. Ume zela identitatea ostu zioten pertsona bat topatuko du narratzaileak, Jacques Austerlitz. Ez du jakingo ezer bere jatorriaz, eta narratzailearekin izango duen zeharkako elkarrizketa luzean joango da identitate hori berrezartzen.

Azpiko korronte geldoa

Itzulpen oro abentura bat bada, lan hau «espedizio bat» izan dela aitortu du Santamariak. Gaztelaniaz zuen irakurria aurrez, eta gogoan zuen orduan eragin zion inpresioa. «Askotan pentsatu nuen irakurri ahala: nola arraio itzuli du hau!». Proposatu ziotenean, bada, beldurra eta desira batera sentitu zituela aitortu du.

Sebalden lanen artetik, nobelaren ohiko moldera gehien hurbiltzen den lana da Austerlitz, eta, hala ere, biografia, historia, liburuetako pasarteak... dena dator nahasian, Santamariak berretsi duenez. Oroimena edo, zehatzago, oroitu ezina jo du liburuaren ardatz gisa, eta formak ere horri erantzuten diola azaldu du: «Ez dago ordena kronologikorik, jauzika doa oroitzapen batetik bestera, elkarrizketa markarik ere ez dago... Baina, gezurra badirudi ere, digresio guztiak bere lekuan daudela sinetsarazten du autoreak, eta horrek lur azpiko ur korronte geldo moduko bat sortzen du, zoko guztietara iristen dena».

Hori zaio azpimarragarri itzultzaileari, esaten denaren azpitik esaten dena: «Liburuan esplizitatzen dena liburuaren zati bat da; asko dago isildua, baina iradokia. Hori da, nire ustez, liburuaren alderdirik eder baina baita mingarrienetako bat ere, ikustea nola idazkera bera bihurtzen duen istorioaren gidari nagusi».

1990eko hamarkadaren amaiera arte, literatur teoria idazten izan zuen ekoizpenik handiena Sebalek. Poema liburu bat atera zuen ondotik, eta fikziozko eleberrietan laugarrena izan zuen Austerlitz, istripuz hil baino gutxi lehenago argitaratu zuena. Bertan dator aurrenezko esplizituki aipatua holokaustoa —11 orrialdeko esaldi bat tarteko—, baina egon gabe ere bere obran beti dagoen auzia dela aipatu du Santamariak: «Aipatzen ez denean ere hor dago, hainbat eta hainbat adarrekin, baina hori da beti». Idazkera horren «eraginkortasuna» aupatu du, hain justu.

Egindako lanagatik zoriondu du Majuelok Santamaria —«benetan erraz irakurtzen da, duen sakontasuna galdu gabe»—, eta bidelagun izan dituenak eskertu ditu hark —Juan Garzia eta Xabier Olarra, tartean—. Izandako zailtasunen artetik, esaldi luzeen kadentzia eta haren «letania doinua» mantentzeko lana aipatu ditu, batik bat, baita Sebaldek hainbat eta hainbat eremuri buruz erakusten duen jakintza xehe ekartzea ere. Tximeleta klase ugari estreinakoz jarri dituzte euskaraz, adibidez. «Ikusteko noraino hel zaitezkeen Sebald itzultzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.