Oroimenerako betekada Mendizorrotzan

Michel Caminok eta Tomatitok ostiralean Mendizorrotzan eman zuten kontzertuaren irudi bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Michel Caminok eta Tomatitok ostiralean Mendizorrotzan eman zuten kontzertuaren irudi bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2024ko uztailaren 21a
05:10
Entzun

Eddie Mejia Quintet feat. Magda Garre; SumrrA & Niño de Elche; Michel Camilo & Tomatito

Lekua: Gasteizko Principal antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: uztailaren 19a.

Eddie Mejia jazz laukotearen egoitza Bartzelona den arren, haien jatorria izugarri anitza da. Taldearen burua, Mejia gaztea, mexikar gitarrista dugu, zeinak saioko pieza guztiak konposatu zituen. Aurretik kaleratutako lan bat eta etortzear dagoen beste baten estreinaldia nahastuz, tema dotorez josi zuen arratsaldea.

Masa Kamaguchi (kontrabaxua), Ramon Prats (bateria) eta bereziki Bill McHenryk (saxo tenorea) saioa alaitu zuten. Azken hori proiektuaren oinarria dugu baita ere, Mejiaren pare. Berarekin lan egin aurretik Paul Motian edota Norah Jonesekin aritua den musikaria dugu, besteak beste. Gauak aurrera egin ahala, taldekideak jaialdiak eskaintzen duen Gauerdiko Jazz-a espazioan agertu ziren, kontzertuaren ondorengo jam session-ean parte hartuz, eta entzuleei musika are gehiago oparituz.

Niño de Elche, paregabea

Nortasun paregabea eta une oroko hausnarketen emaitza ditugu Niño de Elchek erakusten dizkigun toki esperimentalak. Bere burua flamenko ohitzat duen artista ahotsa eta pieza desberdinen mugen miaketaren inguruan aritzen da erosoen; etengabeko berrikuntzan eta lengoaia berrien bilaketan jarduten den esploratzailearen antzera.

Manuel Gutierrez (pianoa), Xacobe Martinez Antelo (kontrabaxua) eta Lar Legido (bateria) izan ziren bere bandako kideak; alderdi musikal esperimentalaren gakoak. Bateriak soka luzeaz lotutako sukalde pote sorta zirudienak erabili zituen bateria konbentzionalaren gainean botatzeko. Sortzen zituen soinu eta zaratek abestiaren une desberdinak maisukiro lotzen zituen. Kateak eta beste zenbait elementu ezohiko naturaltasunez gehitu zituen emanaldian zehar.

Gaueko konposizioak Gutierrez, Martinez edo Niño de Elche-renak izan ziren, haien arteko estutasuna defendatuz, norbanako ideiak elkar eramanez aurrera. Solea Bailable haietako bat baino ez bada ere, aipagarria iruditzen zait, berezitasun nabariagatik. Dena den, kontzertu kohesioduna izan zen oso, eta jazz abangoardian aurrerapausoa ematen duena sendo. Entzule ugarirentzat entzuterraza suertatzen ez den soinua bada ere, artista larrien unibertsoetan murgiltzea da giltzarri, aldez aurretik ezagutzen eta atsegin ditugun gauzak alde batera utziz une baterako.

Tomatito eta Michel Camiloren aztarna

Mendizorrotzako aurreko kontzertuak gainezka utzi zuen kiroldegia; Tomatitok eta Michel Camilok eszenatokia hartu zutenerako ez zen gutxiago izan. Solemnitatez aurrera egin zuen kontzertua izan zen, pieza klasikoz josia. Aurkezpena behar izan ez zuten bi artistek musikaltasunez ekin zioten, haien artekiko begirada etengabeari eutsiz. Klasiko horien guztien artean Tomatito beraren A mi niño José pieza dugu, Gasteizen aspaldi aurkeztu zenChick Corearen Spain pieza, Alfonsina y el mar mitikoa, Camiloren Remembrance, Chucho Valdesen mambo bat, edota Aranjuerezko kontzertuaren Adagioa, gitarra jotzaile askorentzat tema gorena. Entzuleek arreta bereziz bizi izan zuten gau-ekitaldia, nota bakoitza nabarituz, eta emozioz bereganatuz. Ohiz kanpoko bi figura hauen topaketa Mendizorrotzako emanaldian suertatu zen, Gasteizko jaialdiaren zaleentzat aztarna utzi duena dagoeneko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.