«Memoriaren tokia». Hala izendatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Euskadiko Artxibo Historikoa. 2007an aurkeztu zuten egitasmoa, eta atzo goizean zabaldu zuten artxiboa Bilboko Maria Diaz de Haro kalean. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak gidatutako gobernu taldeak egin zuen lehen aipamena, eutsi egin zion asmoari Patxi Lopez lehendakariaren taldeak, eta orain zabaldu du Urkulluk. Zazpi urteren ostean, hiru legealdiren ondoren. Hiru jaurlaritzetako ordezkaritza politikoa izan zen horregatik irekiera ekitaldian. Artxiboko arduradunen hitzetan, «Euskadiko historia ulertzeko erreferente izateko asmoz» sortu dute azpiegitura. Eta Urkulluk nabarmendu zuen haren garrantzia: «Izan garenaren kontakizuna egiten laguntzeko espazioa da, eta gure egungo eta etorkizuneko jardunen gidari».
XIII. mendetik gaur egunera arteko milaka dokumentu biltzen ditu artxiboak. Ez dute kontaketa zehatzik jakinarazi, baina, zehaztu dutenez, orotara, kilometro bete hartzen dute dokumentuek apalategietan orain. 20 ere har ditzake 11 solairuko eraikinak, ordea, eta urtez urte dokumentuak bilduz joatea da asmoa. Oraingoz beteta dauden apaletan Eusko Jaurlaritzaren Artxibo Historikoa da funts nagusia. 700 metro luze betetzen ditu, guztira, 1936tik 1979ra arteko dokumentu sorta horrek. Gerrakoak eta erbestekoak. Eta behin baino gehiagotan egin zion horregatik erreferentzia atzo Urkulluk lehen jaurlaritza hari. «Artxibotik metro gutxira egon zen lehen jaurlaritzaren artxiboa. Gerrak eraikina desegin zuen, baina bere arima mantendu egin zuten». Bergaran (Gipuzkoa) izan dira urte luzez dokumentu horiek, eta Bilbon izango dira aurrerantzean.
Hainbat familiaren funtsak ere hartzen ditu Bilboko eraikinak, eta baita zenbait partikularrenak eta gizarte mugimendu batzuenak ere. Horienak dira apalategietan beteta dauden gainontzeko 300 metroak. Eta dokumentu horietariko batzuk ere jarri dituzte ikusgai eraikinaren lehen solairuan dagoen erakusketa aretoan. 1772an euskaraz idatzitako komedia bat dago tartean, adibidez. Azkoitian (Gipuzkoa) Altzibar etxeko sukaldean jokatutakoa, eta Joaquin Altzibarrek Europan egindako bidaia kontatzen duena. Garaiko idazkeran eta eskuz idatzita irakur daitezke bertan protagonistak, besteak beste, Vienan eta «Yngelaterran» ikusi eta bizitakoak.
Gizartearekiko hartu-emana
Ez da harribitxi bakarra. Jesus Mari Leizaola lehendakariak erbestean izandako posta trukea ere jarri dute ikusgai, adibidez, eta baita 1945eko Euskadiko Sozialisten Batzorde Nagusiaren liburu bat ere, Mexikon inprimatutakoa. Ordenagailu pantaila batzuen bidez kontsulta ditzake ale horiek bisitariak. Artxiboan dagoen ondarearen lagin bat ezagutaraztea izan da arduradunen asmoa. Apalategi kilometro horretako zentimetro gutxi batzuk erakustea, alegia.
Gizartearekiko hartu-eman hori nabarmendu zuen atzo Borja Aginagalde Euskadiko Artxibo Historikoaren koordinatzailek. «Jendeak bere zergen bidez ordaindu du azpiegitura, eta ez da, beraz, espezialista talde txiki batentzako soilik izango». Horientzat ere bai, baina baita gehiagorentzat ere. Hori da asmoa behintzat, Aginagalderen arabera. Horregatik azpimarratu zuen sarerako egindako lana. Artxiboan diren dokumentuen %80 inguru baitaude jadanik digitalizatuta eta sarean kontsultatzeko moduan. Lehen jaurlaritzaren dokumentuak nabarmendu zituen adibidez. «Ikusgarria da Jose Antonio Agirre lehendakariaren artxiboa. Digitalizatuta dago, eta sarean. [Manuel] Irujo, [Telesforo] Monzon... Naziengandik ihesi zebiltzan, eta dokumentu asko galdu egin dira, baina hemen dago berreskuratutakoa».
Sakondu egingo dute Interneteko lana aurrerantzean ere. Webgune kolektibo bat sortzea da, izan ere, artxiboak 2014rako indarrean jarri duen programetariko bat. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako artxiboen eta dokumentu ondareak hartuko ditu atari horrek, eta hura diseinatu, garatu eta kudeatzea izango da artxiboaren egitekoa.
13.650.000 euroko aurrekontua izan du, guztira proiektuak. Hasierako aurrekontua baino %30 txikiagoa, Aginagalde zehaztutakoaren arabera.
Ordezkaritza publiko zabala izan zen irekiera ekitaldian atzo. Urkulluz gainera, Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia ere izan zen Bilbon, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea, Joan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Euskal Herriko beste artxibo historikotako ordezkariak, Mario Izeta Bilboko gotzaina eta Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria ere. Eta baita azken hiru Eusko Jaurlaritzetako Kultura Sailburuak ere: Miren Azkarate, Blanca Urgell eta Cristina Uriarte. Uriartek hartu zuen hitza: «Memoria eskuragarri jartzea ekintza demokratikoa da». Eta artxiboaren eta gizartearen arteko harremanean jarri zuen hark ere enfasia: «Hau ez da eraikin bat, herritar guztientzako zerbitzu bat baizik».
Artxiboa kontsultatu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.eah-ahe.org
Oroimenarentzako lekua
Zabalik da Euskadiko Artxibo Historikoa atzoz geroztik, eta historia ulertzeko «erreferente» bilaka dadin nahi duteEusko Jaurlaritzaren Artxibo Historikoa da eraikin berriaren funtsen oinarri nagusia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu