Oroimenaren zinemagilea

Etengabeko berrikuntza, zortzi hamarkadaz: horra zer izan zen Alain Resnaisen zinema. Memoriari eta irudikatzeko ezintasunari buruzko film ikonikoak dira haren 'Nuit et brouillard', 'Hiroshima mon amour' eta 'L'année dernière à Marienbad' lanak, modernitatez beteak. Bihar da mende bete jaio zela.

Alain Resnais zinemagilea, 2012an, Cannesen, Vous n'avez encore rien vu filma aurkezten ari zela. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Andoni Imaz
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Pertsona bat dabilen memoria bat da», esaten du Mon oncle d'Amérique filmeko pertsonaia batek (1980), eta esaldi horrek balio lezake Alain Resnais zinemagilearen obra osoa biltzeko (Vannes, Bretainia, 1922 - Paris, 2014). Oroimenaren mekanismoetan murgildu zen hainbat lanetan; haren pelikulak ezagutzen ez dituztenek Serge Daney kritikariaren esaldi honen bidez irudika dezakete horrek zer esan nahi duen: «Hitz gurutzatuak egiten dituztenek ulertuko dute zer esan nahi dudan Resnaisen film bat ikustea kirol zerebraltzat har daitekeela diodanean». Bihar beteko dira ehun urte jaio zenetik.

1943an, Resnais edizioa ikasten hasi zen Zinematografiako Goi Ikasketen Institutu berrian, Parisen; lehen promoziokoak izan ziren Yannick Bellon eta biak. Eta muntatze lanak haren zinemagintzan duen garrantzia agerikoa da: garai bateko eta besteko gertakizunen joan-etorriak, irudizko eta soinuzko atmosfera bereziak... hor daude beti.

Ikasketak amaituta, soldadutzara joan zen, Alemaniara eta Austriara, okupazio indarrekin. Handik itzuli zenean ekin zion zinemagile ibilbideari, labur batzuk sortuta, enkarguz. Vincent van Goghen koadroei buruzko Van Gogh filma (1948) da aipagarriena: sari bat irabazi zuen Veneziako Bienalean, baita bi bobinako filmik onenaren Oscarra ere.

«Heriotza/ bihotz-ikara»

Ordu laurden eskaseko film bat. Horixe da oraindik ere Gernikako bonbardaketak (Bizkaia) zineman izan duen errepresentaziorik nabarmengarriena. Resnais, Robert Hessensekin batera, Pablo Piccasoren koadrotik abiatu zen, eta Paul Eluardek 1938an idatzitako Gernikaren garaipena poemaren hitzekin jantzi zituen irudiak Guernica filmean (1950). Errealitateaz eta haren errepresentazioaz aritu zen, baita tragedia indibidualez eta kolektiboez ere; bere obraren oinarriak errotzen hasi zen: irudi absenteek utzitako hutsunea betetzen.

Jean-Luc Godarden arrangura ezaguna da zinemak huts egin zuela, ez zutelako kontzentrazio esparrurik filmatu, eta zinemak izan behar zuelako, hain justu, gertakizun haren lekukotasuna emateko tresna. Lehen film esanguratsua Resnaisek egin zuen, haiek askatu eta hamar urtera: Nuit et brouillard (1955); eta hura bilakatu zen Auschwitz irudikatzeko lehen mugarria. «Gaur kontzentrazio esparruez aritzea iruzurra da. 1943an egin behar zen. Zerbait egitea lortu duen bakarra Resnais da, ez duelako egin pelikula bat kontzentrazio esparruei buruz, baizik eta horien memoriari buruz», esan zuen Godardek, 1961ean.

Film haren jarraipena izan zen Hiroshima mon amour (1959), Marguerite Durasek idatzia. Hark esan zuen ezinezkoa zela Hiroshimaz hitz egitea, eta, ondorioz, Hiroshimaz hitz egiteko ezintasunaz hitz egitea zela egin zitekeen gauza bakarra. Cannesko Zinemaldian estreinatu zen, François Truffauten Les quatre cents coups-ekin batera.

Resnaisen filmik ezagunenak nouvelle vague-ren garaikideak izan ziren, eta mugimendu harekin lotu izan dute bera ere, nahiz eta bere burua kanpokotzat zeukan. Paris ezkerraldekoak ez ziren Cahiers du cinéma-ko kritikariak; modernismoarekin eta ezkerreko politikekin zuten konpromisoak elkartu zituen Resnais, Jacques Demy, Chris Marker eta Agnes Varda.

Ezintasunen eszenaratzea

Resnaisen L'année dernière à Marienbad filma (1961) modernitatearen ikur bat da. Hark «abestirik gabeko musikal» gisa deskribatu zuen. Egitura ezin nahasiagoa dauka, denboran aurrera eta atzera doa etengabe Alain Robbe-Grilletek idatzitako gidoia. Zinemak memoria berreskuratzeko balio du, baina horretarako bideak bihurriak dira, eta zaila da jakiten zer den garrantzitsuagoa, benetan gertatutakoa ala narratzaileak gertarazitakoa.

Zinemaren formek beste bide batzuk hartu zituzten ordurako, narrazio klasikoa astinduta: espazio-denboraren jarraitutasuna, plano-kontraplanoen mekanismoak, travellingaren logika... Dena hankaz gora zegoen. Andre S. Labarthe kritikari eta zinemagileak zera idatzi zuen Cahiers du cinéma-n, 1961ean: «Zinemagilearen lana jada ez da istorio bat kontatzea, baizik eta film bat egitea ikusleak istorio bat deskubritu dezan. Zinema tradizionalaren benetako ondorengoak ez dira Resnais eta Robbe-Grillet, baizik eta Marienbad-en ikusleak».

Resnaisek ia hogei film luze egin zituen: besteak beste, Muriel ou le temps d'un retour (1963); Je t'aime, je t'aime (1968); Providence (1977); Smoking / No Smoking (1993); eta Les herbes folles (2009). Ez dute zinemagile askok egin zortzi hamarkadako ibilbiderik. 2014ko martxoaren 1ean hil zen, 91 urterekin, Aimer, boire et chanter bere azken lana Berlinen estreinatu berritan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.