Oroimenaren basoan murgil

Iñaki Irazuk 'Zakur zaunkak' plazaratu du, bere bigarren poema liburua. Istorio bat besteari lotuz, 36ko gerratik hasi eta gaur arteko oroimen osoago bat jaso du

Iñaki Irazu. IÑIGO URIZ / FOKU.
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Errukiaren saria (Erein) poema liburuaren ondotik heldu da Zakur zaunkak (Susa), Iñaki Irazu poetak (Asteasu, Gipuzkoa, 1954) ondu duen bigarren lana. Aurreko liburua irakurri duenak «lehen begi kolpean poeta bera» ezagutuko duela dio Leire Lopez Ziluaga editoreak, «lerro guztiek antzeko luzera dutelako, bi kolpetan emanak direlako gehienetan, eta simetria moduko bat sortzen duelako liburu osoan».

Hortaz, forma da irakurlearen arreta erakartzen duen lehen elementua. Lopez Ziluagak, baina, hain begi bistakoa ez den zerbaitnabarmendu du beste ezeren gainetik. Alegia, tonua. Izan ere, «kontalari lasaiaren tonu batek ematen dio batasuna liburu osoari». Tonu narratiboa da, «nabarmentzen ez delako nabarmentzen dena». Poemaren lehen lerroan harrapatu eta «ia konturatu barik» eramaten du irakurlea.

Idazlea oroimenean murgilduta dabilela dio editoreak, «baina ez oroimen propio batean, edo ez soilik».Oroimen kolektiboa da Zakur zaunkak liburukoa, «eta pertsona fikzionatu batek ematen dizkion bideei tiraka» sortua.

36ko gerratik gaur egunera arteko mundua ageri du Irazuk. Euskal Herrian dago girotua, eta pertsona konkretuen kasuak batzen ditu: 36ko gerran jipoitutako baten kasua, eskola erlijioso batean esku luzeegiak zituen apaizarena, poliziek hildako militantearena,desagertutako umearena, tortura geletatik pasatutakoen hainbat kasu eta abar.

Bizitza «markatuak» dira denak, eta marka horren zergatia deskubritzen da irakurri ahala, «baina irakurleak ez ezik, bertako pertsonaiek ere zerbait ikusiko dute, zerbait ulertuko dute», Lopez Ziluagaren hitzetan. Kasu batzuetan, hil egingo dira horren ostean, «ulertzea bizitzaren helburuetako bat balitz bezala».

Liburua, ekoizpen soziala

Irazuk hitza hartu orduko nabarmendu du «ekoizpen soziala» dela liburua: «Ez da ni baten emaitza: gu bat da liburua». Argitalpen bakoitzean parte hartzen duen lantaldea hartu du gogoan, eta baita irakurleak ere.

Bide horretan, azalaren egile Alain Urrutiaren lana goraipatu du, eta zintzotasuna aitortu dio irudiari: «Liburua den objektuan konkordantzia handia du barruan dagoen mamiarekin».

Poemen lerro gehienetan bezala, «bi kolpe edo kolpe binarioa»ikusten duela gaineratu du. Irudi zuri-beltzean baso iluna dago atzean, eta bidezidor bat ageri da zurigunean: «Bidezidor hori ez da zuzena, heriotza bailitzateke zuzena balitz». Bikotasun horri jarraikiz, giro hotza islatzen da, baina bidezidorrak «basoaren itoa hausten du, askazia eragiten du barruan, irakurlea ibil dadin». Azkenik, abentura puntu bat ere iradokitzen duela dio, «ez baitakigu zer aurkituko dugun, edo zer ez dugun aurkituko, ibili horretan».

36tik aurrerako aroa

36ko gerraz geroztikoak literaturan izenburu ospetsuak izan dituela gogoratu du: «Bata, Tiempo de silencio [Isiltasunaren aroa], Martin Santosena, eta bestea, Longa noite de pedra [Harrizko gau luzea], Celso Emilio Ferreirorena».

Irazuren ustez, isiltasuna eta gaua hitzekin batera, hirugarren bat falta da: Izua. «Izan ere, izuak eragin zuen isiltasuna». Hitz hori bera du izenburu lehen poemak, eta hortik ateratzen da liburuko denbora markatzen duen gertaera. Baina, haren hitzetan, «denbora ez da hor geratzen, ez da erabat amaitzen, lehengoak orainean dirauelako, eta orainak irauten duelako gerora ere».

Ideia hori esaldi eta poeta askoren hitzetan aurkitu duela gogoratu du Irazuk, besteak beste Xabier Leteren obran, eta abesti zati bat errezitatu du: «Ez nau izutzen negu hurbilak/ uda betezko beroan/dakidalako iraunen duela/ orainak ere geroan».Leteren poema horrek «kategoria klasikoa» duela azaldu du: «Poema irakurriz, poemak gu irakurtzen gaituela sentitzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.