Zinema estreinaldiak

Oroimenak eraikitzen al gaitu?

Maitasun istorio bat da Michel Franco zinemagile mexikarraren azken film luzea: 'Memory'. Bere iraganari izkin egin ezin dion emakume baten eta iraganaz oroitzen ez den gizon baten arteko maitasun istorioa kontatzen du.

Michel Franco zinemagile mexikarraren 'Memory' filmeko irudi bat.
Michel Franco zinemagile mexikarraren 'Memory' filmeko irudi bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko ekainaren 19a
05:10
Entzun

Sylviak hamahiru urte daramatza alkoholik edan gabe. Pertsona nagusientzako egoitza batean egiten du lan, eta 13 urteko alaba bat du. Lanean, Alkoholiko Anonimoen bileretan, eta alaba zaintzen igarotzen du egunerokoa; asko arduratzen da nerabearengatik, eta alkoholarengandik edo mutilengandik urrun mantendu dadin saiatzen da. Sylviak gertuko harremana du ahizparekin eta haren familiarekin, baina amarekin ez da ondo moldatzen.

Institutuko ikasle ohien bilera batera joango da Sylvia, eta etxera bidean gizon bat jarraika duela ohartuko da. Etxera iristean atea giltzaz itxi eta ohera joango da, baina hurrengo goizean ikusiko du gizona atarian dagoela oraindik: dardarka dago, eta ez du argi non dagoen edo zergatik dagoen hor. Saul da gizona, Sylviaren institutu berean ikasitakoa, eta dementzia goiztiarra du.

Michel Franco zinemagile mexikarraren zortzigarren film luzea da Memory. Zinemagileak adierazi du ezagutzen dituen gauzei buruz idazten duela, baina, puntu batetik aurrera, haren lana intuizioak gidatzen du. Sylvia eta Saulen istorioarekin hala gertatu zen: institutuko ikasle ohien topaketarekin hasi zen, eta Francok bere buruari galdegin zion zergatik jarraituko ote zion Saulek Sylviari etxera. Lehen aldia zen nondik iritsitakoa zen ez zekien eszena bat abiapuntutzat hartuta idazten zuena. Memory iazko Veneziako jaialdian aurkeztu zen, eta Peter Sarsgaardek aktore onenaren Copa Volpi saria jaso zuen.

Maitasun istorioa da zinemagile mexikarraren azken lana, baina zinema erromantikoan ohikoak diren arketipoetatik urruntzen diren pertsonaiak ditu protagonista: oroitzapenetatik ihes egin ezin duen emakumea, eta oroitzapen maiteenak ere gorde ezin dituen gizona. Hala ere, Francoren filmak ezagunak dira pertsonaiek sufritzen dituzten egoerengatik, eta  Memory ez da salbuespena; kasu honetan, ordea, istorioaren iluntasuna eta krudelkeria bikote protagonistaren inguruak ekarriko du.

Francoren aurreko filmetan gertatu bezala, Memory-k apaindura gutxiko erregistroa du; soila. Soinu bandarik gabea da, ez dago kamera mugimendu handirik, eta aktore protagonistek ere emozio eta sentimenduei eusten diete. Mexikarrak distantzia hartzen du, ez du gehiegizko erromantizismoz betetzen eszena, eta Sylvia eta Saul errespetuz erretratatzen ditu. Kritikaren esanetan, Jessica Chastain eta Peter Sarsgaarden antzezpenek borobiltzen dute kontakizuna.

'memory'

Beste estreinaldi batzuk
 

Alumbramiento filmeko irudi bat
'Alumbramiento' filmeko irudi bat.

'alumbramiento'

Espainia, 1982. Marisak 16 urteko alaba Madrilera eramatea erabakiko du: nahi ez duen haurdunaldia eteteko. Lucia Peñagranden sartuko da, haurdun dauden nerabeentzako zentro batean. Bertan lagun handiak egingo ditu hark, eta ohartuko da oraindik ez duen hori kendu nahi diotela: alaba.

'Håndtering av udøde'

Udako egun bero batean, Oslon, hildakoak esnatzen hasiko dira, misteriotsu, eta hiru familia kaosean murgilduko dira beren hildakoak itzuli direla ikusita. Nor dira, eta zer nahi dute?

'Bâtiment 5 (Les Indésirables)'

Hiriko alkatea bat-batean hil ondoren, Pierre mediku idealista gaztea izendatuko dute haren ordezko. Aurrekoaren politikarekin jarraitu nahi du, langile auzoa birgaitzea amesten baitzuen. Haby, Maliko jatorria duen eta erortzear dagoen etxebizitza bloke batean bizi den gazte frantsesa, bere familia hazi zen auzotik kanporatua izatearen aurka azalduko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.