Abiapuntua, antzerkiaren, kultura garaikidearen eta historiaren inguruan egindako tailer batzuetan topatu zuten Matxalen de Pedrok eta Igor de Quadrak. Irudi zahar batzuei erreparatuz joan zen Iragan perfektua antzezlanaren ideia ernatzen. Lehenik, gaztelaniaz egin zuten obra, eta hainbat lekutan erakutsi zuten, Pasado perfecto izenburuarekin. Bihar, euskaraz estreinatuko dute, Kultura Maratila jaialdiaren lehen egunean, Kultur Leioan (Leioa, Bizkaia), 20:00etan.
De Pedrok eta De Quadrak 2010ean sortu zuten Horman Poster antzerki konpainia. Hasieratik, ikuslearekiko interakzioa lortzea edo ikuslearekin zer harreman izan litekeen ikertzea izan zen haien helburua, Follow Ni eta After You performanceekin, besteak beste.
Beste ikuspegi batetik, baina harreman hori lantzen saiatzen dira Iragan perfektua obran ere, ikusleari oroimen ariketa bat proposatuz eta haiengan zerbait sortu nahirik. Agertokian iraganeko argazki sorta bat, audio artxibo batzuk eta pare bat bideo ikusi eta entzun ahal izango dira, eta irudi bakoitzaren inguruan iruzkinak eta gogoetak egingo dituzte bi aktoreek. Irudiak 70eko hamarkadakoak izango dira. Arrazoi bat baino gehiagogatik hautatu dute hamarkada hori. «Batetik, auzitan nahi dugu historia zergatik banatzen den hamarkadetan. Gertakari asko ezin baitira esplikatu denbora tarte horietan. Hala ere, hamarkada horretara mugatu dugu antzezlana». Garai indartsua eta gatazkatsua izan zelako, batetik, eta, bestetik, «bera [Igor DeQuadra] 70eko hamarkadan jaioa delako eta ni geroago. Beraz, berak badu esperientzia bat garai harekin, haurretako oroimenak ditu, nik geroagoko ikuspegia. Beraz, elkarrizketa aberatsago bat sor liteke». Errealitatearen eta fikzioaren arteko lotura, gogoratzen denaren eta ikasi denaren artekoa eta historia ofizialaren eta memoria kolektiboaren artekoa planteatzen ditu lanak, besteak beste.
Ikusleaelkarrizketa eta kuestionamendu historiko batera gonbidatzea da lanaren helburua, De Pedroren hitzetan. «Irudien koreografia bat da, irudi sorta baten dantza. Gure memoriako artxibo historikoa osatzen duten argazkiekin lotura jostari bat eduki nahi genuen, eta elkarrizketa historiko bat sortu ikusleekin».
Antzezlanak 50 minutu inguru irauten du. Gaztelaniazko bertsioak izan zuen harrera on bera izatea nahi luke De Pedrok. «Euskaraz gauza interesgarri asko egiten ari dela uste dut, eta Kultur Maratila eta halako proposamenak oso egokiak dira sorkuntza horri bide emateko».
Horman Postertaldearen estreinaldiarekin hasiko da jaialdia, baina martxoaren 3ra bitarte izango dira arte eszenikoekin loturiko beste zenbait emanaldi. Ostiralean, Metrokoadroka kolektiboak Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek? lana emango du (20:30), eta Xabier Lizaso musikariak eta Andoni Egaña bertsolariak Bi arreba ikuskizuna eskainiko dute (22:00).
Martxoaren 2an, larunbatarekin, Rouge Eleak Biutz aurkeztuko du, antzerkia, zirkua eta bideoa nahasten dituen emanaldi bat (20:30); eta gauean, Anariren emanaldia izango da (22:00). Martxoaren 3an amaituko da Kultur Maratila, Tartean Teatroa / Ez Dok Hiru Bikoteatroa konpainien Lingua nabajorum (euskararen historia txoroa) lanarekin (20:30).
Ikuskizunetarako sarreren prezioa 6 eta 8 euro bitartekoa da, baina badago Maratila Bonua eskuratzeko aukera ere, 30 euroan.
Oroimen irudien koreografia
'Iragan perfektua' antzezlana estreinatuko du Horman Poster taldeak bihar Leioako Kultur Maratilan, memoriari erreparatutaIgandera bitartean estilo anitzetako bost emanaldi izango dira, euskaraz guztiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu