Ornitorrinkoa erakusleihoan

'Dendaostekoak' kronika literarioa aurkeztu du Uxue Alberdik. Denda baten historia kontatzen du bertan. Hibrido sailkaezin bat da, idazlearen arabera: «Ornitorrinko bat»

GORKA RUBIO / @FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Pitxintxu. Denda bat Elgoibarko (Gipuzkoa) San Frantzisko kalean. Sarreran, korridore labur bat, eta bi erakusleiho alde banatara: batean maindire eta eskuoihal brodatuak, bestean liburu politikoak eta diskoak. «1978a da, eta etxe zokoan enkarguz josten eta brodatzen aritzen diren bi ahizpak denda bat irekitzea erabaki dute tailerrez, tabernaz eta saltokiz beteriko kalean, krisi betean, ibaiaren hegian». Izaskun eta Mari Jose Estibaritz dira ahizpok. 20 eta 21 urte dituzte, eta askatasuna praktikatzen hasi nahi dute.

Baita hasi ere. Beren dendaosteraino sartzen dira manifestazioak, beharginen barreak, lagun anarkistak, troskistak eta feministak. Dendaosteraino bizitza. Dendaosteraino Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984) ere, iazko urritik joan den martxoraino, bizpahiru orduz asteazkenero. Denda horretan 42 urte egin dituzten bi emakumeen bizipenak jasotzeko.

Dendaostekoak. Alberdiren seigarren liburua, idazlearen seigarren liburua, Aulki bat elurretan (Elkar, 2007), Aulki-jokoa (Elkar, 2009), Euli-giro (Susa, 2013), Jenisjoplin (Susa, 2017) eta Kontrako eztarritik (Susa, 2019) lanen ostean. «Kronika literarioa» eman du oraingoan, liburuaren kontrazalak dioenez. Atzo aurkeztu zuten, Donostian, Alberdik berak eta Susako editore Leire Lopezek. «Denda kontatzen du liburuak, baina garai bat ere bai», zioen azken horrek. Gerra kronikarik ez da, hala ere, orriotan; ezta kazetari kronikarik ere. «Elkarrizketetatik jasotako informazioa antolatzeko, idazlearen eskuak egin du lan, kazetariarenak baino gehiago», Lopezen iritziz.

Nola kontatu denda bat, baina? Kasu honetan, lehen pertsonan; elkarren segidan antolatutako atal laburrekin. Bi ahizpa euskaldunberriren arteko maitasun eta konplizitate istorioa kontatuz. Jendez eta gauzaz beteriko paisaia bat eraikiz. Kale bat biziaraziz. «Hitz txikiekin» idatziz, Alberdiren esanetan. Aztarka. «Historiaren dendaostean; hizkuntzaren dendaostean; familia baten, jende baten, garai baten dendaostean. Gauzak nondik eta zein berbarekin kontatu, ahotsa nori eman pentsatuz; zeri deitu zikina eta zeri garbia, zeri deitu literatura. Hori ere bada auzia». Eta liburua ebazpen.

«Karnabal bat»

Alberdiren ebazpena: «Igurtziari buruzko lan bat atera da, bizitzeko arteari buruzkoa. Gauzak perfektu egiteak baino, egin egiteak duen inportantziari buruzkoa. Karnabal bat da, disparate eder bat, festa bat». Eta festaren puntu honetan, 2020 betean, aldatu da kalea, aldatu da ibaia, aldatu dira ahizpak. 64 eta 62 urte dituzte. Dendak Elgoibarko San Frantzisko kalean jarraitzen du, hala ere: alde batera kalea; bestera ibaia. «Mugimenduaren ideia beti izan dut presente idaztean, denda bezala, liburua beti mugimenduan egon dadin. Ibaiak denboraren joanaren funtzioa bete du. Eta kalea ere bada ibai bat». Eta asko aldatu da ibaion ibilera.

«Zer da liburu hau?», galdetu izan omen die idazleak editoreari, zuzentzaileari, bere zirriborroa irakurri duten adiskideei. Xabier Gantzarainek diseinatu dion azalean dakusa erantzunik azertatuena. «Liburu hau ornitorrinko bat da. Hibrido sailkaezin bat. Desagertzeko arriskuan dagoen espezie batentzako paperezko etxe bat bere irudira egina».

«Eta zer diote bi ahizpek liburuari buruz?». Mari Luz Esteban idazle eta antropologoak galdera bota zion atzoko aurkezpenean Alberdiri, entzuleen artetik. «Kale hori, denda hori, ahizpa horiek ezagutzen ez dituztenena irakurketa bat izango da; eta beste irakurketa bat, herri mailakoa. Hori izan da nire kezketako bat: partikularra den horrek zenbateraino balio dezakeen zabaltzeko eta estrapolatzeko beste herri, leku eta irakurle batzuetara». Partikularitate hedagarri horren eraikuntzan, ziur omen da bi ahizpek dendaren beste historia bat kontatuko luketela. Berak idatzi du, baina.

Horretarako, «liburutik kanpo» egon behar zuela sentitzen omen zuen, nahiz eta materiala edo informazioa biltzeko orduan kazetari gisa jardun, «kazetari gisa jardutea deitzen baldin badiogu galderak egiteari». Zeri buruz galdetu du, baina? Datez, ekintzez, gertakariez, usainez, ibaiari lotutako edozein oroitzapenez, familiaz, lagunez, dendako pertsianaz, erakusleihoez... «Eta dakitenaz; eta dakitela ez dakitenaz».

Hitzak josteko ordua etorri zen gero. «Istorio hau nirera ekartzeko, literaturaren beharra neukan. Fikzioa ez izan arren, artefaktu bat da, errealitatearen irudira egina. Hau asmatua balitz, edo Euskal Herrian ez bageunde, agian, hau nobela bat litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.