Orkestrarekin, bakardadean

'A Letter Home' diskoaren ifrentzu gisa har daiteke 'Storytone', Neil Youngen lan berria. Hura kabina batean grabatutako 'lo-fi' diskoa zen; hau, berriz, 92 kideko orkestra batekin ondutakoa.

Neil Youngen ibilbidean 36. diskoa da Storytone. BERRIA.
mikel lizarralde
2014ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bere lanik ezagunenak, nolabaiteko kanona osatzen dutenak, modu akustikoetara (folka edo countrya) edo elektrikoetara —Crazy Horserekin edo gabe— lerratu badira ere, Neil Youngek (Toronto, Kanada, 1945) askotan izan du kanon hori ezbaian jartzeko joera ia bihurri bat. Adibiderik esanguratsuenak 80ko hamarkadaren hasieran eman zituen, Trans-ekin (1982) eta Everybody's Rockin'-ekin (1983), hurrenez hurren elektronikara eta rockabillyra jo zuenean, baina haren ibilbidean badira rhythm & blues lanak (This Note's for You), Sonic Youth eta enparauen eraginpean grabatutako zarata pasarteak (Arc) eta baita ilunpeen barrunbeetan osatutako lanak ere (Sleep with Angels).

Horregatik, jada ez dute harritzen azkeneko urteetako jauziek, nahiz eta horietako asko luzera handikoak izan, eta ezta haren inkontinetziak ere. Duela bi urte folk kantu tradizionalak (Americana) berreskuratu zituen, eta handik hilabete gutxira rock su-eragilera itzuli zen Psychedelic Pill-ekin. Aurten, berriz, estilistikoki behinik behin, zuritik beltzera egin du —edo alderantziz, nola begiratzen zaion—. A Letter Home kaleratu zuen maiatzean, bere ibilbideko lanik bitxienetakoa. Jack Whitek Nashvillen duen Voice-O-Graph 1947ko kabina zaharrean grabatua, bere garaikideen bertsioak jasotzen zituen —Bob Dylan, Gordon Lightfoot, Bruce Springsteen, Willie Nelson—, baina duela 70 urte grabatua izango balitz bezala. Gaur egungo parametroetatik soinu txarrarekin alegia, nahiz eta soinu hori bera den diskoaren oinarrietako bat.

Bi disko, kontzeptu beretik

A Letter Home-k harritu egin zituen Young zaharraren jarraitzaileak, eta neurri apalagoan bada ere, harrigarria da haren jarraipena ere: Storytone. Izan ere, heldu den aste honetan kaleratuko duen diskoa 92 laguneko orkestra batekin grabatu du musikariak. Baina, aldi berean, diskoko kantu guztiak biluzik —apaindurarik gabe, formatu erabat akustikoan— biltzen dituen beste disko bat ere grabatu du osagarri gisa.

Ez da hau orkestra baten aurrean jartzen den lehenengo aldia, Harvest (1972) disko historikoko bi kantu ere hala grabatu baitzituen —A Man Needs a Maid eta There's a World—, baina orain kontzeptu hura zabaldu nahi izan du. «Nahi nuen disko bat egin orkestra oso batekin», zioen kanadarrak diskoa grabatzen zuen bitartean: «Gertatzen dena ikuspuntu bakarretik erakusten duen benetako disko bat grabatu nahi dut; musikariak gertu edo urrun izanik, lehen egiten ziren bezala. Niretzat hori erronka bat da. Soinu zirraragarria da, eta ezin da beste edozein modutan lortu. Horregatik ari naiz hau egiten».

Plastic Flowers lehen kantuak mahai gainean jartzen du diskoaren esentzia. Orkestra konponketa dotoreekin hasten da, eta, pianoa sartzearekin batera, Neil Youngek harreman baten haustura / sorrerari buruz abesten du. Bidea markatzen duen balada bat da. Diskoko kantu ugari antzeko parametroetan mugitzen dira (Tumbleweed, I'm Glad I Found You), baina hau ez da Neil Young + orkestra batuketara mugatzen den diskoa, beste batzuetan apur bat atzean gelditzen direlako harizko tresnak gitarra akustikoari eta aho soinuari leku nabarmenagoa egiteko (When I Watch You Sleeping, All Those Dreams).

Neil Youngen disko sinfoniko gisa saltzen ari diren arren, ez da bete-betean hala. Izan ere, tonu dotore, ia liriko-elegiazko horretatik erabat aldentzen diren hiru pieza ere bildu ditu diskoan; jazzeko big band-ei edota R&B-ari atxikiagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.