Euskadiko Orkestrak gaur hasiko du aurtengo kontzertu denboraldiko bigarren programa. Astebete iraungo du birak, eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuak bilduko ditu, Mamuak izenburupean. Musikaren bitartez lantzeko gaitzat hartu dute barne gatazkei eta beldurrei aurre egiteko modua, obra guztiek jorratzen dutelako iruditegia antzekoa: kondaira mitologikoak, ilunabarrak eta mamuak barne dituena. Roberto Foresek zuzenduko ditu kontzertuak. Lehen aldiz arituko da valentziarra Euskadiko Orkestraren buruan, batuta eskuan.
Modest Musorgskiren Gaua mendi gorrian lanak irekiko du entzunaldia, eta Piotr I. Txaikovskiren 4. Sinfoniak itxi. Tartean, Gary Carpenterren Mamu kantak interpretatuko ditu orkestrak, Easo Gazte eta Easo Eskolania abesbatzekin batera. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan entzun ahal izango da lehen aldiz eta euskaraz: urriaren 28an eta azaroaren 4an, Donostiako Kursaal auditoriumean; urriaren 31n, Iruñeko Baluarte auditoriumean; azaroaren 2an, Bilboko Euskalduna jauregian eta azaroaren 3an, Gasteizko Principal antzokian. Kontzertu denak izango dira 19:30ean.
Gaua Mendi Gorrian lana errusiar musikariaren olerki sinfonikoa da. Nikolai Gogol idazlearen ipuin bat dauka oinarrian: nekazari batek San Joan bezperan Kieven dagoen Zamkova Hora menditik ikusten duen akelarre baten kontakizuna da.
Ondoren, Easo Abesbatzako 60 gazte oholtzaratuko dira, 11 eta 19 urte bitartekoak denak. Orkestrarekin elkarlanean estreinakoz abestuko dituzte konpositore britainiarraren Mamu kantak. Obra hau lau orkestra britainiarrek —Royal Scottish National Orchestra, City of Birmingham Symphony Orchestra eta Royal Liverpool Philarmonic Orchestra— eta Euskadiko Orkestrak propio enkargatutakoa da.
Orkestra haien zerbitzura
Lanaren ezaugari nabarmenena abesbatzaren «zentraltasuna» da, Gorka Miranda Easoko zuzendariaren esanetan: «Zaila da esparru sinfoniko-koralean orkestra abesbatzaren zerbitzura jartzen duen obra bat aurkitzea». Orotara, hogei minutuko emanaldia izango da, sei kantutan banatua. Kultur ondare anglosaxoiko poemak dira gehienak, Marion Angusek eta Robert Louis Stevensonek idatzitakoak. Mirandak zehaztu du «mundu oniriko bat» irudikatzen dutela. Jatorriz ingelesez idatzita dauden arren, Marta Garciak moldatu ditu kantuak euskarara. Lan handia egin dutela azpimarratu du Mirandak: «Joan den martxotik ari gara obraren montajea lantzen abesbatzarekin. Gazteek, errepikatu ahala, buruz ikasi dute jada. Horri esker, orain azken ukituekin orkestrazio lanean buru-belarri gabiltza».
Kontzertuen hirugarren ardatza, Txaikovskiren Laugarrena da. Obra autobiografikoa da, eta bertan islatu zituen egileak barruko tirabira eta izuak.
Gasteizko Principal antzokian, Carpenterren Ghost Songs ordezkatuko du Antonin Dvoraken Eguerdiko sorginak. Izan ere, obra horren dimentsio teknikoak eragotzi egiten du bertan interpretatzea. Dvorakek AEBetan egindako egonaldiaren ondoren konposatu zuen. 1985ean, Pragan idatzitako poema sinfoniko ilun honek Karel Jaromir Erbenen Polednice poema du ardatz. Euskadiko Orkestrak ere lehen aldiz interpretatuko du. Bi obraren estreinaldia lehen aldiz ikusteko aukera, beraz.