Felix Palomero. Baluarte fundazioko zuzendaria

«Orkestrak kultur sarearekin konektatuta egon behar du»

Baluarte fundazioa eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa gidatzen ditu Palomerok 2016tik. Orkestra gizartearekin lotzeko premia ikusten du, eta hori lortzeko pausoak ematen ari da. Nafarroako musikaren historia «aparta» dela dio.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Musikaren munduan eskarmentua duen profesionala da Felix Palomero (Leon, Espainia, 1962): Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutua zuzendu zuen, baita Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartea ere. 2016ko irailetik, ordea, Baluarte fundazioko zuzendari kudeatzailea eta NOS Nafarroako Orkestra Sinfonikoko kudeatzailea da. NOSek kudeaketa arazoak izan ditu azken urteotan, baina Palomerok argi izan du hasieratik zeintzuk izan behar duten kudeaketaren ardatzak egoerari aurre egiteko: nortasun artistikoa finkatu, bertako musikariak sustatu eta gizartearekin lotura sortu.Eraikitzen izenburupean,NOSen 2018-2019 denboraldia aurkeztu berri dute. «Komunitate orkestra» bat sortzea dute helburu.

Zergatik erabaki zenuen Baluarte fundazioaren kudeaketarako lehiaketa publikora aurkeztea?

Proiektua Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin lotuta zegoen, eta orkestra hori estatuko zaharrena da: 1879an sortu zuten. Jardunean ari den orkestrarik zaharrena da oraindik ere, eta ospe handikoa da. Gainera, Nafarroa, musikaren arloan, punta-puntakoa da. Bestalde, Kultura Departamentuak, lehiaketa horren bitartez, Baluarte fundazioaren eredua zabaltzea proposatu zuen, programaziorako tresna zena Nafarroako kulturaren zerbitzura egongo zen tresna bilaka zedin. Hori dela eta, ikusi nuen aukera egokia zela kultur politika interesgarriak garatzeko.

Zergatik sartu zuten NOS Baluarte fundazioan?

2011. urtearen inguruan, orkestran ekonomia eta kudeaketa arazoak hasi ziren. Arazo horien jatorria honako hau da: orkestra, sorreran, sozietate pribatu bat zen, baina denborarekin hori bideraezin bilakatu zen, eta diru laguntza publikoak jasotzen hasi zen. Laguntza horiek gora egin zutenean, administrazioak erabaki zuen bitarteko fundazio bat sortzea: Pablo Sarasate fundazioa. Bada, krisialdi garaia heldu zenean, kudeaketa arazoak egon ziren fundazioan, eta Kontu Ganberak txosten bat egin zuen. Zenbait irregulartasun aditzera emateaz gain, esan zuen orkestraren iraupena arriskuan zegoela, eta hainbat aukera zeudela egoera konpontzeko. Orduan, gobernuak erabaki zuen orkestra fundazio publiko batean sartzea: Baluarte fundazioan.

Zeintzuk izan ziren Pablo Sarasate fundazioaren kudeaketa okerrak?

Funtsean, kudeaketa ereduarekin lotutako arazo bat izan zen, denborarekin narriatuz joan zena: berez, eredua publiko-pribatua zen, baina baliabide gehienak publikoak ziren. Haatik, fundazioak ez zuen administrazio publikoaren kontrolik, eta hori ezinbestekoa da orkestraren baliabide gehienak publikoak direnean, orkestraren gastuak oso handiak dira eta.

Egin den urratsarekin orkestra publikoa da. Hori positiboa da?

Nire iritziz, bai. Uste dut Nafarroako Gobernuak oso erabaki ausarta hartu zuela. Baloratu zuen orkestra kultur eragile historiko bat dela, oso tresna egokia dela Nafarroako kulturarentzat, eta, hortaz, mantendu behar dela. Orain guztiz publikoa da; horregatik, zorionez, askotariko kontrolen mende gaude.

Zeintzuk dira orkestra bereizten duten alderdi positiboak?

Oso malgua da, jotzeko gogo handia du, eta oso ongi moldatzen da errepertorioetara. Gainera, alde instrumentaletik, kalitate handia du. Eta egun, agian garai zail bat igaro izanaren ondorioz, musika egiteko gogo izugarria du, baita enpatia handia ere.

Kudeaketa ereduari dagokionez, zeintzuk dira zure ildo estrategikoak?

Batetik, pertsonala sendotu nahi dut. Zerbait teknikoa da: orkestra, kopuru aldetik, txikia da, eta lehen egiten zuten errepertorioa orkestra handi baterako zen. Horrek eskatzen zuen musikariak etengabe kontratatu behar izatea eta orkestraren izaerari huts egin behar izatea. Orkestra baten soinua bere errepertorioaren araberakoa da; hortaz, nik ongi zaindu nahi izan dut hori. Uste dut aurten nabaritu dela, eta datorren denboraldian ere nabarituko da. Bestetik, estatutu bat garatu nahi dut, baina hitzarmen kolektibo bati aurre egiten ari gara, eta hori izan arte itxarongo dugu.

Orkestrari kalitatea eman nahi diozula ere aipatu izan duzu.

Kalitatea badu, baina nik nortasun artistikoa eman nahi diot. Gure orkestra ez da egokia astero Xostakovitxen sinfonia bat egiteko; tarteka egin dezakegu, baina gure errepertorioaren funtsa klasizismoa eta erromantizismoa dira, eta hori landu behar dugu, horrek emango baitigu oxigenoa.

«Komunitate orkestra» bat sortzeko beharra azpimarratu duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Hasieratik proposatu nuen bai fundazioak eta bai orkestrak Nafarroako kultur sarearekin konektatuta egon behar zutela. Horretarako, lotura sortu behar dugu publikoarekin, lurraldearekin, musikaren sektorearekin, musikaz kanpokoarekin... Horrekin batera, sortzaile guztiengana gerturatu behar dugu: ateak ireki behar dizkiegu orain arte Baluarten espaziorik ez zutenei.

Orkestraren hurrengo denboraldiaren izena Eraikitzen da. Komunitatea eraikitzeko behar horrekin lotuta dago?

Horrekin du zerikusia, baina baita beste gauza batzuk eraikitzeko beharrarekin ere: nortasun artistikoa, sonoritatea... Bestalde, eraikitzen hitzak baikorra, aktiboa eta indartsua izan nahi du.

Datorren denboraldiko berritasun bat kultur zuzendaria da. Zergatik aldatu duzu?

Asko estimatzen dut orain arte egon den zuzendariaren lana, Antoni Witena, baina Manuel Hernandez-Silva jartzea erabaki dut, haren profila bat datorrelako etorkizunerako proposatu dudan proiektuarekin. Egokia iruditzen zait komunitate orkestraren kontzeptua lantzeko; izan ere, kolektiboaren buru den norbait behar dugu, komunikatzeko gaitasuna duena, publikoarekin eta konpositoreekin erlazionatzen dena...

Nafarroako musikariak sustatzen saiatu zara. Zergatik?

Nafarroako musikaren historia aparta da. Bitxiki, oraintxe bertan ez dago horren indar handiarekin gailentzen ari den musikari gazterik, baina aurreko belaunaldietan konpositore itzelak egon dira: Pascual Aldabe, Fernando Remacha, Jose Maria Goikoetxea, Teresa Catalan... Uste dut ez zaiela eman merezi zuten arreta, eta ezinbestekoa da musika berriari laguntza ematea. Gu hori egiten saiatuko gara, gure eginbeharra baita. Datorren urtean Fernando Remacharen bi obra garrantzitsu izango ditugu, eta Jesus Maria Etxeberriaren beste bat ere bai.

Bertako musikariak sustatzeko,kontserbatorioak garrantzi handia du. Elkarlanean ari zarete?

Bai, berriki aurkeztu dugu elkarrekin egin dugun lehenengo obra, eta oso esperientzia positiboa izan da; eta dagoeneko hasi gara prestatzen datorren urtekoak. Baina elkarlanerako aukera mugatua da; izan ere, Nafarroako populazioa erlatiboki baxua da, eta badira urteak zeintzuetan espezialitate guztiak ez dauden beteta. Hala ere, esfortzu handia egiten ari gara bi aldeetatik.

Zein da euskararen alde egin duzuen apustua?

Ni iritsi nintzenean, orkestrak ez zuen ezer publikatzen euskaraz. Orain, ordea, egitarauaren zati batzuk ele bitan jarri ditugu. Oraindik ezin izan dugu osorik itzuli, baina ahalegina egin dugu, eta asko zaintzen ari gara hori: adibidez, Baluarte Txiki programan, produktua euskaraz eskuratzeko aukera badugu, bi saio egiten ditugu: bat gazteleraz eta bestea euskaraz.

Konpontzeke dagoen auzi bat orkestraren egoitzarena da. Zein da egoera gaur egun?

Aukerak aztertzen ari gara, baina oraindik ez dugu irtenbiderik aurkitu. Orain Atarrabian entseatzen ari gara, eta poz-pozik gaude, baina hori ez da gure berezko egoitza. Instituzioaren historiaren bi unetan aukera egon zen egoitza bat sortzeko, baina ez zuten emaitzarik izan. Batetik, Musikaren Hirian espazio egoki bat zegoen, baina ezin izan zen egin. Bestetik, Baluarteko eraikina diseinatu zutenean ez zuten kontuan hartu orkestra bat izateko aukera; eta gauzak jatorrian egiten ez direnean, gerora moldatzea zaila izaten da. Beraz, uste dut etorkizunean punturik kritikoena hori izango dela.

Zeintzuk dira zure helburuak datozen urteetara begira?

Nire lehenbiziko denboraldiak hiru urte iraungodu. Tarte horretan itxita utzi nahi dut jada martxan dagoen guztia: hitzarmen kolektiboa, estatutua, zuzendari berria, pertsonala sendotzea... Hori konponduta dagoenean, beste proiektu mota batzuk abian jarriko ditugu, hala nola birak eta grabazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.