Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitzan du bulegoa Oriol Roch orkestrako zuzendari nagusiak (Bartzelona, 1964). Bertan daramatza hamar urte, kasik. Ordutik hona taldeak izan duen hazkundeak pozten du; bai baitaki taldeak egindako lana dela «nazioartean zein etxean» lortutako arrakastaren sekretua. Goia jota amaitu dute denboraldia, eta datorrenak ere osagai guztiak ditu, antza, publikoa gozarazteko.
Garai latzak izan zituen kultur sektoreak pandemiaren ondotik. Horri buelta ematen jakin zenuten, eta arrakasta betean amaitu duzue denboraldi hau.
Begira, nik beti pentsatu izan dut beti dagoela aukera bat gutxienez. Pandemiak era negatiboan eragin zion, noski, gure orkestrari, baina egia da izan zuela onetik ere garai hark. 2020ko martxoaren 14an konfinatu gintuzten, eta gu izan ginen, neurri ugari tarteko, maiatzaren 14an entseatzen hasi ginen lehen orkestra. Uste dut merezi duela kontatzea zergatik egin genuen hori.
Zergatik egin zenuten, bada?
Gure egitekoa arriskuan ikusi genuelako, nolabait esatearren. Herrialdeko orkestra baten helburua kolektibo baten hazkundea gauzatzea da, baina baita pertsonen hazkunde indibiduala gauzatzea ere. Hori sustatzen jarraitzeko egin genuen. Izan ere, gu ez gara aisialdirako tresna bat, kultur tresna bat baizik. Entseatzen hastea erabaki kolektiboa eta ahalegin partekatua izan zen. Hori da alde negatiboari atera genion alde positiboa.
Nola eboluzionatu du orkestrak harrezkero?
Bada, ikusi dugu ikusleen portaera zoragarria izan dela. Batzuek gauza berriak egin ditzagula eskatzen digute, doinu berriak entzun nahi dituztela, alegia. Eta, alderantziz, badira orain dela bospasei urte interpretatu genituen sinfoniak berriro interpretatzeko eskatzen digutenak ere.
Alde horretatik, uste dut orkestrak fronte horiek guztiak betetzen dituela. Eta ez horiek bakarrik; horiez gain, ikasleekin, familiekin eta aniztasun funtzionala duten pertsonekin ere egin dugu lan, besteak beste. Izan ere, musika entzule berrietara hedatzeko nahiak bultzatua, Euskadiko Orkestrak askotariko taldeei ireki die bere jarduera eskaintza.
Beraz, zein izan den pandemiaz geroztik orkestraren bilakaera? Bada, orkestrak aldaketa nabarmen bat egin duela erantzungo nioke galdera horri; ikuspuntu artistiko batetik, hazkunde garrantzitsu bat egin duela, alegia.
Bestalde, kostuen garestitzeak eragina izan du sarreren prezioetan. Itzuli al dira auditoriumak pandemia aurreko kopuruetara?
Bai. Are, pandemiaren aurretik saltzen genuen baino gehiago saltzen ari gara orain. Dena den, ez diot pandemiari egozten hori; pandemia baino lehen ere gora egiten ari baikinen saldutako sarreren kopuruan, eta eusten diogu publikoaren fidelizazio horri. Masa kritikoarekin dugun komunikazio lana marrazkien bidez azaldu izan dut. Tira, hitzekin azaltzen saiatuko naiz.
Begira: gure lana ia zirkulu zentrokide batzuekin azal genezake. Erdiguneko nukleoan nukleo txiki bat egongo litzateke. Diamanteak direla esaten dut nik. Diamante horiek abonatutako pertsonak izango lirateke, orkestraren proiektua bultzatu eta defendatu nahi dutenak. Sentitzen dute beren herrialdeak nahitaez izan behar duenaren parte dela orkestra.
Gero, nukleo sendoago bat egongo litzateke, oso garrantzitsua eta zabala dena. Nukleo hori orkestrarekin harreman egonkorra duten abonatuak izango lirateke. Sentitzen dugu konfiantza handia dutela egiten dugun programazioan. Esploratzeko aukera ematen digute, gauza berrietan arakatzekoa. Baina, era berean, eskertzen dute Mahlerren edo Haydnen sinfonia bat eskaintzen diegunean ere.
Eta zer egongo litzateke nukleo solido horretatik harago?
Bada, nukleo likidoago bat, beren bizitza partikularraren dinamikak kontzertu guztietarako abonatzeko edo fidelizazio bat mantentzeko aukerarik ematen ez dien pertsona horiek osatuko luketena. Beren ahalmenaren eta beharren arabera erosten dituzte sarrerak. Horrek asko lotzen gaitu gaurko munduarekin. Horregatik handitu dugu sarrera askeko salmenta. Beraz, sarrerak aldizka erosten dituzten entzuleek nukleo garrantzitsu eta nahiko ugaria osatzen dute.
Gero, azken nukleo bat egongo litzateke, gaseosoa-edo. Oso gutxitan erosiko ditu sarrerak entzule mota horrek; inoiz ez, akaso. Baina ezagun dute orkestraren proiektua, eta pozik daude euren herrialdean horrelako talde sinfoniko bat dagoelako. Agian Bruce Springsteenen edo Zea Maysen kontzertu baten zain egongo dira, baina orkestra ezagutzen dute, eta eskertzen dute egiten duen lana.
Kontatu berri dudana talde osoak helburu hori betetzeko duen arduraren panorama da, horrek justifikatzen baitu Euskadiko Orkestra bezalako proiektu bat.
Polonian izan zineten martxoaren amaieran. Lau kontzertu jo zenituzten han. Handik «orkestra hobeago bat» itzuliko zela jakinarazi zenion orduan BERRIAri. Nola itzuli da?
Zoriontsu itzuli da orkestra, pilak jarrita, motibatuta. Baina, era berean, pentsatu behar da oso ahalegin garrantzitsua izan dela. Azken denboraldi honetan proiektu oso handiak egin ditugu, eta, hori oso ederra den arren, nekagarria ere bada. Uste dut ezinbestekoa dela hori azpimarratzea.
Beraz, denboraldi gogor baten amaiera da hau, obra oso indartsuekin gauzatu duguna: Xostakovitxen 15. sinfoniarekin amaituko dugu denboraldia, eta baita pianorako kontzerturik ezagunenetako batekin ere: Chopinen 2. sinfoniarekin, Yulianna Avdeeva piano jotzailearen eskutik.
Denboraldia horrela amaitzea izugarria da taldearentzat. Mugetatik kanpo publikoarekin beste harreman mota bat dagoela baieztatuta itzuli da orkestra. Poloniako publikoa izugarria da; besaulki guztiak bete zituen kontzertu denetan, eta gogotik jo zuen txalo aldiro. Pentsa: kontzerturen batek bi ordu eta erdi inguru ere iraun zuen bis bat bestearen atzetik eskatzen zigutelako. Hori motibagarria da taldearentzat, baina ahaztu gabe, noski, ahalegin handia ere badela. Nolanahi ere, esan nahiko nuke orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio dela nazioartean egindako bira.
Datorren urteko abuztuan hamar urte beteko dituzu orkestrako zuzendari nagusi gisa. Nola baloratzen duzu ordutik gaurdainoko bidea?
Oso pertsona baikorra naiz, baina egia da hobeki gogoratzen ditudala bidean zehar estropezu eginarazi didaten harriak, ibilbidean zehar izandako arrakasta uneak baino. Nirea bezalako lanpostu batean, baliabideak kudeatu behar izaten dira, baina esan behar dut lan hori oso erraza dela enpresa honen zuzendaritza taldearen laguntzarekin; profesional talde handi bat dut alboan. Positiboa da egiten dudan balorazioa, nahiz eta oraindik gorriz markatuta dauzkadan orain hamar urte ere gorriz markatuta neuzkan eginbeharrak.
Adibidez?
Bada, barne antolaketari dagozkio batzuk, eta beste batzuk, berriz, gehiago dagozkio esparru ekonomikoari. Uste dut ez naizela izan enpresa publikoentzat izan nahi nukeen bezain erakargarria. Esan beharra daukat Eusko Jaurlaritzak, esaterako, inoiz ez duela zalantzan jarri orkestraren existentzia; beti defendatu du gure lana, gainera. Nolanahi ere, gustatuko litzaidake Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzez gain bestelako baliabideak ere lortzea.
Horri dagokionez, anbizio handia nuen orain hamar urte, eta handiagoa gaur egun. Halere, orduan baino indartsuago sentitzen naiz orain.
2023-2024ko denboraldia aurkeztu berri duzue. Nola begiratzen diozu horri? Zein dira helburuak?
Denboraldi honetan, orkestra asko haziko da, seguru. Handia da [Robert Treviño] gure zuzendari titularraren inplikazioa; egingo ditugun hamar programetatik lau zuzenduko baititu. Eta gainera, Treviñoz gain, batutadun handiak izango ditugu.
Nik, adibidez, atsegin handiz hartuko dut Juanjo Menaren parte hartzea. Beste zuzendari garrantzitsu bat ere izango dugu gurekin: Juraj Valchua eslovakiarra. Besteak beste, Ricardo Frizza eta Pablo Gonzalez zuzendari handiak ere gurekin izango dira, eta hori oso garrantzitsua da gurea bezalako orkestra batentzat.
Denboraldi berriak, beraz, balantze egokia duela uste dut. Musikazaleek eskertuko duten denboraldi bat izango da. Esaterako, Ratxmaninoven 3. sinfonia garrantzitsua eskainiko dugu, pianoa maite dutenentzat funtsezko lana dena; Brahmsen biolin kontzertua ere gure programaren barruan sartu dugu, Sergei Khatxatri biolin jotzaile armeniarraren eskutik entzun ahal izango duguna. Alban Gerhardt biolontxelo jotzaile alemaniarra ere gurekin izango da. Tira, jendeak gozatzeko moduko osagaiak ditu datorren denboraldirako prestatu dugun menuak
Publikoak zerbaiten falta sumatuko du?
Ziur baten batek esango duela: «Jo, zurezko musika instrumenturen baten falta sumatzen dut, edo klarinete bakarlari batena...». Jakina. Eta ez pentsa ikaragarri larritzen ez nauenik ahalik eta errepertorio zabalena eskaini nahi izan eta dena ezin eskaintzeak. Baina horrexek egiten du, hain justu, gizarte bat aberats; deskubritzea eta ezagutzea posible den abaniko hori edukitzeak.
Polonian egindako biraren ondoren, Austriara bidaiatuko duzue datorren urtean. Austria bezalako toki batera bidaiatzea zer da Euskadiko Orkestrarentzat?
Nazioarteko fokua Europaren erdigunean jarri izan dugu beti. Nazioartean egiten diren birak beti dira oso garrantzitsuak orkestra batentzat. Gure ustez, Salzburgoko programazioak dakarren fokuaren ikuspuntutik, garrantzitsua bezain pozgarria da han hiru kontzertu lortu izana.
Oso entzule garrantzitsua da guretzat; bai alemaniarra, bai austriarra, eta noski, Salzburgoko publiko zorrotza, Mozarten eta beste hainbat musikagile handiren sehaska berekoak direla baitiote. Eta, jakina, asko gustatuko litzaiguke gure abonatu guztiek, ahal duen orok, noski, bere sentitzen duten orkestra Euskal Herritik kanpo ikusteko aukera izatea.
Oriol Roch. Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia
«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»
Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu