Orixeren hitzei doinua jartzen, ahanzturan eror ez daitezen

Donosti Ereski Gregoriar Scholak doinuz josi ditu Orixeren hitzak, eta disko-liburu batean jaso ditu, «herriak kanta ditzan»

Donosti Ereskiko kideak, atzo, Donostiako kaiko San Pedro elizan. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Denboraren poderioz «baztertuta» utzi diren bi funtsezko elementu ekarri ditu gogora Donosti Ereski Gregoriar Scholak: Nicolas Ormaetxea Orixe eta musika gregorianoa. Baita biak uztartu ere, «Orixeren itzulpenek gregorianoan izan duten eraginagatik». Izan ere, guraso literariotzat daukate abesbatzako kideek. Horrenbestez, disko-liburu batez eskertu nahi izan diote euskal kulturari egindako ekarpena: Orixeren oparia: gregorianoa euskaraz izenburupean.

Bi efemeride ospatzen ditu elkarteak argitara eman berri duen proiektuak. Batetik, Donosti Ereski elkartearen sorreraren 50. urteurrena, eta, bestetik, Orixeren heriotzaren 60. urteurrena. Hala, poeta esker onez omendu nahi izan dute disko-liburuan: «Ez dugu zalantzarik Orixeren itzulpenak gregorianoz kantatzean bizi berri bat hartuko dutela zaletuen artean».

«Donosti Ereskik herriari oinordetzan utzitako altxor bat da, denon gozamenerako». Hala definitu dute kideek proiektua. Izan ere, 212 orrialdeko partitura liburu bat argitaratu du abesbatzak, eurek landutako ehun pieza baino gehiagorekin, «notazio gregorianoan eta notazio modernoan». Horietatik, 50 abesti aukeratu dituzte, eta bi CD osatu dituzte aukeratutako kantuekin, «herriak erabil ditzan».

Elkarteko kideek azaldu dutenez, Orixek 1949an Urte guziko meza bezperak liburuan urteko meza eta bezperak itzuli zituen latinetik euskarara, Euskal Elizak eta, bide batez, euskal gizarteak erabil zitzan. Lan hori gaitzat hartu ez dela iritzita, azaleratzea eta gizarteratzea da Donosti Ereski elkarteak proiektu horren bidez bete nahi duen helburua: «Musika gregorianoan kantatzen ziren hitzak, poesiak, Orixek euskarara zoragarri itzuli zituenak, euskaraz kantatu nahi ditugu». Izan ere, kideek uste dute haren lanek ez dutela parekorikharen garaikideen artean.

Hitzak, doinuetara

Orixeren zenbait idatzi aurkitu ostean, forma eman nahi izan zioten hark idatzita utzitako horri. «Lan zail samar bat genuen, ordea: horietatik partiturak ateratzea», azaldu du Juanjo Iturriozek, elkarteko koordinatzaileak. Baita atera ere. 37 bat partiturari eman zieten forma pandemiak harrapatu aurretik, eta koaderno bat osatu zuten horiekin guztiekin. Jarraipena eman diote gerora, eta partitura gehiago egitera iritsi ziren. Horiekin sortu dituzte, beraz, partitura liburua eta bi CDak. «Beharrezkoa ikusten genuen partiturak ateratzea, ez bakarrik edukitzeko, baizik eta herriak kanta ditzan».

Garbi utzi dute kide guztiek herriari zuzendutako proiektu bat dela. Are gehiago, elkarteko aholkularia den Joxe Manuel Balerdik azaldu duenez, «Euskal Herriko koruetan eta elizetan erabil daitezkeen kantuak dira, perfektuki kanta baitaitezke». Horrekin batera, Orixeren lana ahaztu ez dadila nahi dute kideek: «Ez dugu soilik argitaratu eta aitortza nahi, bizirik iraun dezala eta haren hitzak gogora daitezela baizik».

Jokin Otamendi abesbatzako zuzendariak argi du kantatu egin behar direla gogora daitezen: «Azken urte hauetan ahaztuta utzi ditugu gai eta kantu zaharrak, eta berritu egin behar dira gogoratzeko». Horren adibide da, hain zuzen, argitara eman duten disko-liburua. «Uste dut jendeak ahaztuta duela, baina ezin dugu ahaztu lehenago ere oso gauza onak egin zirela gure herrian, eta horietako bat da Orixek euskaldunoi utzitako altxorra».

Gainera, gregorianoa euskaraz ere kanta daitekeela erakutsi nahi izan dutela baieztatu du abesbatzako zuzendariak: «Askok uste dute gregorianoa latinez kantatzeko dela soilik, baina kanta liteke euskaraz, eta hori erakutsi nahi dugu».

Orixek euskara «zorrotzean» egindako lanari balioa eman behar zaiola azaldu du, eta gaineratu haren euskara musikarako egina zegoela. Horretarako, Koldo Mitxelenak Orixeren gainean esandako hitz batzuk ekarri ditu gogora: «Musika dario haren euskarari». Bat datoz elkarteko kideak Mitxelenaren hitz horiekin. Eta, horregatik, hain zuzen, uztartu nahi izan dituzte olerkariaren hitzak eta musika gregorianoa.

Ilusio betez hartu du disko-liburua esku artean Orixeren familiak. Hala azaldu du, behintzat, Luis Aranaldek, olerkariaren ilobak. «Gure amona zenaren anaia zen Orixe, amaren amarena». Aipatu du berandu estutu zuela osabarekin harremana, baina, azkenerako, oso gertukoak izan zirela. Miresten du osabak euskarari egindako ekarpena Aranaldek, eta uste du hura gogoratzeak mesede egingo diola euskal kulturari. Beraz, esker oneko hitzak eskaini dizkie Donosti Ereski elkarteko kideei: «Eskerrik asko gure osabaren lana aitortzeagatik, balioa emateagatik eta jendeari gogora ekartzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.