Igor Ijurra. Iruñeko Orfeoiko zuzendaria

«Orfeoiak kultura eraman behar du herrietara, doan»

150 urte bete ditu Iruñeko Orfeoiak, eta hamar Ijurrak hura gidatzen. Tarte horretan, nazioartera egin du jauzi koruak. Baina Nafarroako «ikur» izanda, ez ditu erroak ahazten.

Ander Perez Argote
Iruñea
2015eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Londresen emandako kontzertutik bueltan hartu du BERRIA Igor Ijurrak, Iruñeko Orfeoiko zuzendariak (Etxarri Aranatz, 1973). Abesbatzak 150. urteurrena ospatzeko egingo dituen kontzertuetako bat izan zen Londreskoa. Sei minutuko txalo zaparradaz erantzun zuen Royal Festival Halleko publikoak.

«Ikusgarria, bikaina...». Halako hitzak agertzen dira The Times-ek egin dizuen kritikan.

Bai, kristoren kritika egin digu. Londresko kontzertuaren zailtasun nagusia bi koru elkartzea zen, guk enpastea deitzen diogun hori. Hau da, soinua koru bakar batena izatea. Eta, egia esanda, guk hasieratik lortu genuen. Hain zuzen ere, kritikaren arabera korua eta orkestra izan ziren kontzertuko onena.

Ez da modu txarra 150. urteurreneko birari hasiera emateko.

Bai, gainera 150. urteurrena ospatzea garrantzitsua da. Lehenik eta behin, 150 urte betetzeak esan nahi du aurretik jende aunitz izan dela momentu on eta txarretan lanean, eta beharbada momentu txarretan ibili diren horiek dute meriturik handiena.

Ze arrasto utzi du Orfeoiak, 150 urteko ibilbidean?

Hastapenak ez ziren batere errazak izan, baina Remigio Mujika bergarar gazteak zuzendaritza hartzean [1891. urtean], bultzada handia izan zuen orfeoiak. Hor urrezko garai bat hasi zen. Tira, zein den garairik urrezkoena? Zein den onena? Ez dakigu, ez baitugu grabaketarik. Zer esan nahi zuen 1906an Alfontso XIII.aren ezteietara abestera joateak? Bada, gaur Ameriketara joateak esan nahi duena. Beraz, ezin da konparatu. Koro guztietan bezala, gorabeherak izan dira, beti daude. Edonola, aipatuko nuke Iruñeko orfeoiaren gabeziarik handiena grabaketa gutxi izatea izan dela.

Zer pisu du orfeoiak Iruñean?

Nik sentitzen dut Iruñean beti izan dela maitatua, baita geroz eta maitatuagoa ere. Eta ez bakarrik Iruñean, baizik eta Nafarroa osoan. Bisitatu ditugun herri guztietan, elizak —elizak izaten baitira— beti lepo hezurreraino beteta egoten dira. Nafarroan instituzio maitatuak badaude, orfeoiak beharbada tokitxo bat lortu du horien artean eta zenbait nafarren bihotzean. Eta hori gu gutxiengo bat izanik, kasu! Musika klasikoan —eta niri ez zait gustatzen klasikoa esatea, The Beatles eta Bruce Springsteen ere klasikoak baitira niretzat—, tamalez gutxi gara. Eta, hala ere, uste dut orfeoiak musika klasikoaren zalearen mundu hori gainditzea lortu duela. Sentimendu bat da, eta Nafarroan zerbait garrantzitsua.

Gazteen partetik ere bai?

Bai, baita ere. Tira, beti izango da zailagoa gazteengana musika honekin iristea. Musika klasikoa ez da kontsumorako musika. Konparaziorako, Verdi entzuteko lasaitasuna behar da, musika klasikoa ez baita sortu disko batean entzuteko.

Badu, ez bakarrik orfeoiak, baizik eta musika klasikoak oro har, halako irudi elitista bat.

Elitista izan daiteke, baina ez zentzu txarrean. Musika klasikoa sakona da. Horregatik ez dut esaten hobea denik; ni oso rockzalea naiz, eta oso rock ona egin izan da. Baina, tira, beste gauza bat da; hor utz dezagun. Musika klasikoak sakontasuna behar du, lasaitasuna, eta askotan adinak ematen du lasaitasun hori. Beharbada egia da badagoela zentzu txarrean elitismo zentzu hori ere, divo izaera hori...baina, tira, hori ez al dago aktore eta futbol munduan ere?

Musika klasikoa gerturatu behar zaie gazteei, edo alderantziz, errepertoriotan musika garaikidea sartu?

Egia da orfeoiak eta orkestrak batez ere musika klasikoa egiteko daudela, baina bestelako ekimen pila bat ere badago. Kontua da ez dutela oihartzunik. Baina faktore asko dago. Zenbat irauten dute gaur egungo kantek? Bi edo hiru minutu. 1970eko hamarkadan, sei edo zazpi minutu, baita pop-rock arloan ere. Horrek gure gizarteak izan dituen aldaketetara garamatza. Ez gaude bi edo hiru ordu zerbaitetan emateko entrenatuta. Hala da. Beraz, alde batetik, bai, errepertorioak egokitu behar dira. Baina ez da hori bakarrik.

Kantua da orfeoiaren oinarria. Euskal Herriak badu horretan tradiziorik.

Bai, baina asko galtzen ari da kantatzeko ohitura, eta esango nuke ahozko tradizioa galduta dagoela. Nik beti esaten dut hitz egitearekin batera hasi nintzela abesten. Etxarri Aranatzen duela hainbat urtera arte entzun izan ditut aitona kuadrillak abesten, baina geroz eta gutxiago... Garaiak aldatzen dira, garaiak eta teknologiak. 60ko hamarkadan nork zuen binilo disko bat edo irratikasete bat? Berrikuntza teknologikoek eta pop-rock musikak aldaketa ekarri dute. Aisialdi aukerak ere asko dira egun. Bestalde, duela hogei urtera arte jende pila bat joaten zen elizetara, eta hor asko kantatzen zen. Kantu eskola handi bat zen eliza. Baina orain jendea ez da joaten, eta belaunaldiak hil ahala kantua galdu da. Edonola, euskal mugimendu koralari eta konpositoreei esker, errepertorio izugarria dago, eta horrek laguntzen du euskaldunok ez dezagun ahaztu gure historia eta gure tradizioa zein izan den.

Orfeoiak 150 urte, eta zuk hamar bete dituzu hura gidatzen. Abesbatza nazioartekotu izana goraipatu dizute zuri.

Duela hamar urte esango balidate «hurrengo hamar urteetan hi Ameriketara hiru aldiz joango haiz hire koroarekin», eta esango balidate halako eta halako zuzendarirekin, Rafael Fruehbeck, Juanjo Mena edota Valery Gergievekin, besteak beste, zuzenduko nuela, alegia, nik diskoetan entzuten ditudan zuzendari horiekin... ez nuke sinetsiko. Uste dut zenbait arlotan pausoak eman beharrean jauziak egin ditugula. Lan asko egin dugu arlo guztietan. Bestalde, nazioartekotasuna aipatu duzu, baina ni batez ere pozik nago Nafarroan ematen ditugun kontzertuekin, herrietara joatearekin. Orfeoiak, Nafarroako ikur gisa, herrietara eraman behar du kultura, eta doan. Guk hori egiten dugu, eta ni oso harro nago horretaz. Hau da, ez gara elite bat zentzu txarrean. Orfeoia koro amateur bat da, meritu handia daukana orkestra profesionalekin uztartzen garelako. Hori egitea zaila da, eta horrek lan asko dakar, eta, hala ere, maila polita ematen dugu. Baina orfeoiak ez du ahaztu zer garen.

Abesbatza amateurra da, baina zirkuitu profesionalean dabilena. Egoera bitxiak sortuko ditu horrek.

Bai, oso bitxiak. Guk unibertsitateko katedradunak ditugu orfeoian, eta baita zurginak, igeltseroak, abokatuak, medikuak, etxekoandreak, erretiratuak, unibertsitatea bukatzen ari direnak eta langabeak ere.

Giro polita sortuko da denen artean.

Bai, handia. Iruñea Nafarroaren argazkia da. Izaera aldetik, ideia politiko aldetik, gustu aldetik, denetatik...

Eta hori orfeoian islatzen da?

Bai, erabat. Zer dute polita koruek? Bada, hemen balio handiak lantzen direla zuzenean: elkar jasan beharra, elkarlanaren balioa, eta denok elkarturik gehiago garela bakarka baino. Balio horiek jorratzen dira.

150 urte bete dituzue. Hemendik aurrera zer?

Ez nuke nahi aurten jendea hustu eta datorren urtean sekulako jaitsiera izatea. Lan handia dugu, noski, baina zenbait proiekturi ezezkoa eman behar izan diegu hasieratik. Hau zera da, bidaia luze batean trenak geltoki batean egiten duen geldialdia. Gero, bideak jarraitu behar du. Trenbidea luzea da, eta jarraitu beharra dago, dena hustu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.