Fantasiaren eta errealismoaren artean. Bidegurutze horretan sortu ditu bere azken ipuinak Amaia Iturbidek (1961, Bilbo). Aitortu du: «Surrealismoaren kaosa erakargarria egiten zait». Eta joera horri heltzen dio maiz idazteko orduan. Baina, dioenez, surrealismo goxatu bat da berea. «Surrealismo orekatu bat», zehaztu du. Azaldu duenez, zuzenketen garaian heldu zaio oreka hori: ipuin konkretuetatik apur bat urrundu, eta liburuaren osotasunean pentsatzen hastean. Izan ere, 2006tik 2013ra arte idatzitako ipuinak dira Kartografien eta mikrobio narratiboen artean liburuan (Maiatz) bildu dituenak. Eta ale guztiak batu beharra sentitu du orain Iturbidek. Ertzak orekatu beharra. «Uste ez badugu ere, une edo aro bakoitzean ezberdin idazten dugu».
Poeta, saiogile eta ipuin idazlea da Iturbide, eta hamabi liburu ditu kalean. Hamahiru orain. Baina, idazle izateaz gain, margolaria ere bada, eta harena da liburuaren azalean ageri den koadroa. Hain zuzen, haren literaturari darion «plastikotasuna» nabarmendu du Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko kideak. Eta Iturbidek ere ildo beretik: «Nik idazten dudanean eta pintatzen dudanean, bi munduak oso gertukoak zaizkit. Niretzat ia gauza bera dira biak. Alde horretatik, kultura primitiboekin oso ados nago».
Pertsonaia «galtzaile, bizi eta etsigaitzak» ageri dira ipuin askotan. Eta, azaldu duenez, «marjinalitatea» da behin eta berriz ageri den beste gaietariko bat. Bilbo ageri dela dio, baina ez postaletako Bilbo, ordea. «Periferian kokatu naiz», azpimarratu du Iturbidek. «Batzuetan marjinalitatea biktimismoarekin uztartu da, eta hori ez zait laket. Aitzitik, marjinalitate sortzaile eta errebeldea bai». Eta, hain zuzen ere, beren hautuz daude gizartearen bazterrean ipuinetako pertsonaietariko batzuk. «Mundu gero eta globalizatu eta uniformeago honetan benetako sorkuntza egin ahal izateko ia bide bakarra bide alternatiboa da; marjinazioarena».
Bost ataletan sailkatu ditu narrazioak. Gaika. Iturbideren alter ego moduko bat den Itziar Oiz pertsonaia da lehen ipuin sortako protagonista (Itziar Oizen urratsen atzetik). Mitologia eta esoterismotik gertukoak dira, berriz, Oihartzun urrunetatik ataleko kontakizunak. Xehetasunek bahiturik deitzen da hirugarrena; idazleak ezagututako lekuez eta bertan izandako esperientziez mintzo direnak daude Ibilbideak atalean; eta ukitu existentzialekoak Baldintza arrotzetan.
Galtzen ari den modu bat
Lekuek eta espazioek leku garrantzitsua hartzen dute ipuinetan. Eta artearekiko gertutasuna izan daiteke horren arrazoia, idazlearen hitzetan. «Kontu artistiko bat da, gehienbat. Niretzat garrantzitsuak dira lekuak, eta [Martin] Heideggerrek espazioari buruz esaten zuena ere hor dago. Hark esaten zuen lekuak bizitzea eta eraikitzea oso garrantzitsua dela, eta filosofia oso bat dago horren atzean, eta eskulturak ere kontuan hartu izan du hori». Eta bada liburuan behin baino gehiagotan ageri den leku bat ere: kartzela. «Gizakia, giltzapetuta».
45 ipuin biltzen ditu guztira liburuak, eta askotarikoak dira lantzen diren gaiak: zahartzaroa, ametsa, heriotza, porrota, mina, manipulazioa eta errugabeei ezarritako zigorrak. Horiek, besteak beste. «Gai beraren bariazioak ere egin ditut», azaldu du.
Idazleak egiten dituen deskribapenak goraipatu ditu Etxezaharretak. «Testu hauetan badago idazle izatearen atsegina. Deskripzioarena. Gauzen kontatzeko plazer hori». Eta, Etxezarretaren hitzetan, galduz doan arte bat da hori: «Beharbada euskaraz galtzen ari den modu baten azalpena da Iturbideren lana».
Orekatutako surrealismo bat
Amaia Iturbidek bere azken ipuinak bildu ditu 'Kartografien eta mikrobio narratiboen artean' liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu