Oreka oholtza gainean

Euskal Herriko bederatzi konpainia ariko dira dFerian, arte eszenikoen Donostiako jaialdian. Hilaren 14tik 17ra egingo dute festibala, baina asteburu honetan ere izango dira emanaldiak

Euskal Herriko bederatzi konpainien aurkezpena, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Oreka izango da dFeria arte eszenikoen Donostiako jaialdiaren aurtengo ardatza. Horretan oinarrituta ondu dute programazioa. Hala esan du Norka Chiapusso dFeriako zuzendariak: «dFeria oreka da: dantzaren eta antzerkiaren artean, bertakoaren eta kanpokoaren, abangoardiaren eta ortodoxiaren, txikiaren eta handiaren, segurtasunaren eta arriskuaren, estetika desberdinen, kontzeptu diferenteen, era askotako errealitateen artean». Hilaren 14tik 17ra egingo dute festibala, baina jaialdia abiatu baino bi egun lehenago ere, asteburuan, izango dira zenbait ikuskizun; tartean, Aukeran dantza konpainiaren Migratzaileak lana.

Euskal Herriko bederatzi konpainiak parte hartuko dute dFerian. Atzo aurkeztu zituzten, Viktoria Eugenia antzokian.

AUKERAN DANTZA
'MIGRATZAILEAK'

Noiz: Martxoak 12 eta 13 (19:30).
Non: Viktoria Eugenia antzokian.

Izenburuak berak dioen bezala, migratzaileen auzia jorratuko du lanak. Migrazioaren izaera unibertsalean murgilduko da, dantza eta performance kutsuko baliabideen bitartez. Migrazioaren inguruko beldurrak eta aurreiritziak arintzeko saiakera da obra, eta, horretarako, Euskal Herriko migrazioaren historia propioari begiratuko dio. 60 minutuko ikuskizuna da, euskaraz.

«Gai delikatua da, ezin da diskurtso handietatik hitz egin. Saiatu gara zintzotasunez eta umiltasunez murgiltzen horrelako gai potolo batean. Emaitza da gazte dantzari belaunaldi batek migrazioaren inguruan egiten dituen galderak. Ez ditu erantzunak edo diskurtsoak eskaintzen, baina bai kuriositate sakon eta zintzo bat. Horiek mugimendu bilakatu dituzte», azaldu zuen Oier Guillan gidoilari eta eszena zuzendariak. Funtsean, migrazioa «mugimendua» dela esan zuten. Zortzi dantzari izango dira oholtzan.

HIKA TEATROA
'LA TARARA'

Noiz: Martxoak 15 (13:00).
Non: Gazteszenan.

70eko hamarkadan, Bilbon, San Frantzisko auzoan girotuta dago La tarara obra. Urtarrilean estreinatu zuten, eta bidea egiten ari da. Josi Alvaradok idatzitako testua da. «Sanfran auzoko giro bohemio eta marjinal hartara ekarri nahi izan dugu lana», azaldu zuen atzo Agurtzane Intxaurraga zuzendariak. Rosa da istorioko protagonista, auzoan hazitako haur biolin-jotzaile bat: «Bide ilun batean dago». Bertan, lagun izango du Yasmin, prostituta gautar bat, eta Rosak dituen «mamuei» aurre egiten lagunduko dio. Azpimarratu zuten lanak askotariko gaiak lantzen dituela , modu kontzeptualean. Bestalde, narrazioa ez da lineala: «Bi Rosa ditugu: oraingoa eta iraganekoa. Rosak bere memoria berreskuratzen duen heinean, publikoak aukera izango du istorioa osatzeko eta ulertzeko zer gertatu zitzaion». Musikak ere garrantzia izango du; zuzenean joko dute. Gaztelerazko bertsioa eskainiko dute dFerian.

KULUNKA TEATRO
'HEGOAK'

Noiz: Martxoak 14 (16:45).
Non: Viktoria Eugenia antzokian.

Musikal bat da Hegoak, eta Garbiñe Insausti kantari eta aktorearen arabera, ez da izango kontzertu hutsa: «Oso proposamen teatrala da. Gure asmoa da publikoarekin batera bidaia musikal eta emozional bat partekatzea». Entzungai izango dira euskal kanta batzuk; besteak beste, Mikel Laboaren Kantuz, Nao es tu, faculdade de sentir eta Txoria txori. Baita atzerriko autore batzuen melodiak ere: Edith Piafen La vie en rose, Hymne a l'amour eta Je ne regrette rien tartean; Jacques Brellen eta Kurt Weillen abestiak ere izango dira. Hiru artistak hartuko dute oholtza: Iñaki Salvador pianoan ariko da, Maider Zapirain biolontxeloan, eta Garbiñe Insausti aktore eta abeslari lanetan. «Lorca eta Pessoa idazleen testu laburrak ere lekua izango dute, besteak beste».

TANTTAKA TEATROA
'MI HIJO SOLO CAMINA UN POCO MáS LENTO'
Noiz:
Martxoak 14, 15, 16 eta 17 (19:30).
Non: Viktoria Eugenia antzokian.

dFeriak irauten duen egun guztietan taularatuko dute Mi hijo sólo camina un poco más lento antzerki ikuskizuna. Familia baten istorioa kontatzen du, seme baten gaixotasunak markatuta. Garrantzitsua da emakumeen rola, eta haiek eusten diote familiari. Fernando Bernues zuzendariaren esanetan, tonu ironikoa erabiltzen dute lanean, umorea baliatuta. «Drama bizitza bezalakoa da. Dramaren eta komediaren arteko nahasketa da». Antzezlanean familia giroko hainbat kontu eta egoera jorratzen dira, eta, azaldu zutenez, errealitatearen isla ere bada obra. Zortzi pertsonak interpretatuko dute. Gazteleraz egingo dute.

ORGANIK
'ARNASA'
Noiz: Martxoak 16 (13:00).
Non: Gazteszenan.


«Bulkada pertsonal» batetik sortutako proiektua da Arnasa, nahiz eta lana modu kolektiboan egin. Hala aitortu zuen Natalia Monge zuzendari eta sortzaileak. Itxialdian bi une «kritiko» pasatu zituela esplikatu zuen, antsietate atakeak direla eta. Hortik tiraka, arnasketaren inguruan arakatzen hasi zen, eta arnasketak sortzen dituen sentipenak landu dituzte obran, baita emozioek nola eragiten duten ere. Dantza inklusiboko pieza gisa definitu zuten. Beste hiru kiderekin batera, dibertsitate funtzionala duen pertsona bat ariko da interprete lanetan: Carlos Alonso. «Badaude momentuak non interprete batek ezin duen lo egin, estutasun uneak dituen... Carlos hor egongo da dena orekatzen saiatzen».

ERRE PRODUKZIOAK
'FAKE BEGIARI TRANPA'

Noiz: Martxoak 14 (18:30) eta 15 (11:15).
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean.

Astelehenean euskaraz emango dute ikuskizuna, eta gazteleraz asteartean. Gabon Zaharreko familiako afari batean oinarritzen da antzerkia. Bi linea lantzen ditu. Batetik, fake-a: «Begiari tranpa, itxurak, gauza bat iruditu arren gero beste bat izatea...». Eta, bestetik, familia barruan ematen den genero indarkeria. Maribel Salasaktorearen arabera, abusuak familia harremanetan sortzen edo eragiten duena kontatzen dute. Denboran jauziak emanez osatu dute istorioa, eta ikusleak apurka joan beharko du puzzlea egiten. «Alde horretatik, apur bat exijentea da, baina baita bizigarria ere», esan zuen Gorka Minguez zuzendariak. Lorea Intxausti aktoreak adierazi zuen obra «gizartearen ispilu» dela.

ADRIANA BILBAO
'ZARRA 9.0'
Noiz: Martxoak 14 (13:30).
Non: Tabakaleran, Kutxa Kultur plazan.


Sormen prozesuan dagoen lana da Zarra 9.0. Azaroan estreinatuko dute, eta ikuskizunaren pieza koreografiko bat aurkeztuko dute dFerian. Adriana Bilbaok, Telmo Zarra futbol jokalari ohiaren ilobak, abiatu du proiektua: «Beti nahi izan dut haren inguruko zerbait egin. Niretzat erreferente bat izan da, eta izaten jarraitzen du». Omenaldi moduko bat izango da. Bi partida hartu dituzte oinarri: horietan, atezainaren aurrean bakarrik geratzen da Zarra, baina baloia kanpora botatzea erabakitzen du, aurkari batek min hartu duelako; galtzen ari ziren batean, berdinduta zeuden bestean.

LA DRAMATICA ERRANTE
'ALTSASU'

Noiz: Martxoak 16 (18:30).
Non: Antzoki Zaharrean.

Benetako gertaera bat du abiapuntu: hain zuzen, 2016an, Altsasuko (Nafarroa) Koxka taberna parean gazte batzuek eta bi guardia zibilek izandako liskarra eta horrek eragindako guztia. Errealitatean oinarritutako fikzioa da, Egoitz Sanchez aktoreak azaldu zuenez. «Altsasu kasura hurbilketa zorrotza eta zintzoa den arren, fikziozko obra baten aurrean gaude, eta, beraz, genero dramatikora egokitzeko lana behar izan du. Hala ere, epaiketako lekukotza baten transkripzioak, eta komunikabide eta sare sozialetako edukiak erabili dira». Altsasuko auzia «berrikusi eta eszenaratzea» beharrezkotzat jo dute.

INEXTREMIS
'EL REY TUERTO'

Noiz: Martxoak 15 (18:30).
Non: Antzoki Zaharrean.

Afari baten bueltan girotuta dago El rey tuerto antzerkia. Aspaldi egon gabeko bi lagunek antolatzen dute juntadizoa, bikotekideekin. Bata, istiluen aurkako polizia da; besteak, berriz, begi bat galdua du manifestazio batean gomazko pilota batek jota. Politikari bat ere badago afarian. Komedia «garratz» gisa definitu zuten. «Ispilu baten aurrean jartzen gaitu. Zer gertatzen den gure konbikzio politikoekin, gure balioekin... horrelako gertakari latz baten aurrean gaudenean». Euskal Herrian «ezagunak» diren egoeretan kokatzen dela azaldu zuten, eta hainbat gai jorratzen dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.