Ordu txikietako kantu eta kontuei tartea

Harkaitz Canok, Joxan Goikoetxeak eta Pettik 'Gau-Beranduan' ikuskizuna eskainiko dute, gaur, Usurbilen

Joxan Goikoetxea, Harkaitz Cano eta Petti, ikuskizunerako promozio argazki batean. DANI BLANCO.
Igor Susaeta.
2013ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Harkaitz Canok badaki gaua festarako «aproposa» dela. «Baina hausnarketarako ere tarte egokia dira ordu txikiak». Hainbat alderdi gordetzen ditu gauaren iluntasunak, idazlearen ustez: «Insomnioa, amesgaiztoa, gozotasuna eta gure baitako piztia...». Horiek guztiak «present» edukitzeko ahalegina egin dute Canok, Joxan Goikoetxeak eta Pettik, «gau giroko» testuz eta kantuz ondutako Gau-Beranduan ikuskizunean. Usurbilgo Sutegiko auditoriumean estreinatuko dute, gaur (22:00).

«Gautxoriek gautxorientzat» egindako emanaldia da, idazlearen iritziz, eta tarte atsegin bat, giro bildu bat, «eta larunbat gauari hasiera emateko lehen puntua» eskaini nahi diote ikusleari. Horretarako, poemak errezitatuko ditu Canok, Goikoetxeak akordeoia joko du, eta Pettik, gitarra. «Kantuak eta poemak dira, baina baita gauza hibridoagoak ere. Goikoetxeak teklatua ere joko du, eta, zorte apur batekin, Petti ezusteko poemaren bat errezitatzen entzungo dugu agian...», azaldu du 2012ko Literaturako Euskadi Sariaren garaileak.

Errezitatuko ditu ale zaharrak eta baita «ineditoak» ere, eta iragarri du Charles Bukowskiren poema batekin abiatuko dela emanaldia: «Duela hogei urte irakurtzen genuen jendearen aurrean, eta oraindik ere nire kutunenetakoa da. Ezin izan diot berriz irakurtzeko apetari eutsi». Doinuei dagokionez, kantu zaharren moldaketak egingo dituzte Gau-Beranduan-en, «eta baita kantari amerikar oso ezagun baten euskarazko bertsioa ere, lehen aldiz entzungo dena Usurbilen».

Canorentzat, beti da «gozamena» musikariekin aritzea, eta, hain zuzen, hirurak elkartu eta gutxira, musikaren bueltan «zenbait afinitate» zituztela konturatu ziren: «Soinu amerikarra edo Tom Waits, kasurako...». Hortik aurrera, «oso erraza» izan da hirurentzat elkarrekin moldatzea. Canok, gainera, aitorpen bat egin du: «Nire aldetik, inbidia handia ere sortu da: giltzurrun eta erdi emango nuke Pettiren ahotsa edo Joxan Goikoetxearen intuizio musikala edukitzeagatik». Joxeanjel Arbelaitzek egin zuen hirurak «mahai beraren bueltan» biltzeko ahalegina. «Euskal sortzaileak lotsati mortalak gara...», esan du Canok.

Entseguetan «oso ongi» pasatu dute idazleak eta musikariek, «eta emanaldian ere hala izatea espero dut». Oraingoz, ez dituzte gehiago egingo, ezer lotuta ez daukatelako, baina haiek, behintzat, prest daude ordu txikietako kontu eta kantuei hitzez eta musikaz jantzitako tarteak eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.