Ordu erdian amaitu dira Fermin Muguruzak Durangon emango duen kontzerturako sarrerak

40 Minutu Rock jaialdiaren atarian izango da kontzertua, otsailaren 13an, Durangoko Plateruena aretoan (Bizkaia).

Fermin Muguruza, joan den abenduan Bilbon eman zuen kontzertuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Fermin Muguruza, joan den abenduan Bilbon eman zuen kontzertuan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko otsailaren 4a
15:39
Entzun

Igandean iragarri zuen Fermin Muguruzak bere birak beste geltoki bat izango zuela Euskal Herrian: Durango (Bizkaia). 40 Minutu Rock jaialdia dela eta, antolatzaileekin batera kontzertu berezi bat prestatu dute festibalaren bezperarako: datorren otsailaren 13rako, hain zuzen. Plateruena kultur aterpean izango da, 20:00etan. Sarrerak gaur 09:00etan jarri dira salgai, eta ordu erdiren bueltan, jada ez zen bat bakarra ere geratzen.

Nazioarteko bira joan den urtarrilaren 17an hasi zuten, La Lagunan emandako kontzertuarekin, Tenerifen (Kanaria uharteak) . Bartzelonan izan zen urtarrilaren amaieran, eta, Durangoko emanaldiaren ostean, Madrilera joango da. Wizink-en emango du kontzertua. Orotara, —berririk jakinarazi ezean— beste hemezortzi saio izango dituzte Muguruzak eta haren lantaldeak, urriaren 4an Iruñean birako azken kontzertua eman aurretik.

Datorren ostegunerako sarrerak agortu diren arren, otsailaren 15ean egingo den festibalerako sarrerak eskuragarri daude oraindik. Ohikoa den moduan, Landako gunean egingo dute. Antolatzaileek iragarri dute bertan nor arituko den: Nakar, Sune, Tatta & Denso, Sukena, Pinpilinpussies, Kaleko Urdangak eta Dupla, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.