MIRA

Orbana paradisuan

POINTE D'ESNY (MAURIZIO), 2020-08-09.- Airetik ateratako argazki honetan, Maurizioko kostan hondoratutako barku batek itsasoan isuritako petrolioa ageri da koral arrezife batean. PIERRE DALAIS/ EFE.
Aintzane Usandizaga.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Irudika ezazu itsaso berde gardena, harea zuria hondoan, gainazal perfektua bare, tinko, uhindura bakar bat ere ez. Ez dago haizerik, mugimendurik, ez dago inor inguruan...

Zer zara zu, bikaintasun hori begiratzen, erretratuan harrapatzen gozatuko duena ala ipurdiz salto egindazipriztinetan lehertu arte bakerik izango ez duena?

Badut lagun min bat, haurra zenean jostailuak bere plastikoetan gordetzen zituena, gaur arte. Tarteka soilik askatzen zituen kaxatik, kontu handiz, trapu batekin distira ateratzeko; amaitutakoan atzera bere lekuan utziz. Ez zuen bikaintasunik gal zezaten nahi. Oraindik ere ez.

Perfekzioa zer den pentsatzera narama horrek. Etimologikoki «erabat bukatua dagoena» esan nahi omen du. Ezer gehitu ezin zaiona, beraz.

Eta kendu?

Nire lagunarentzat, eskuratu berriak, bere zorroetan mailaturik gabe zirautenak ziren jostailu perfektuak. Bere begiradatik horixe zen bikaintasuna. Eta... ba ote da gure begiek behinola perfektu ikusi eta gerora hala izateari utzi diona baino gauza inperfektuagorik?

Baina... aldi berean... Ez al dago perfekzioa, hain justu, mantentze, eskuratze ezin horretantxe? Esan nahi dut: erabat bukatua, eternalki, zer izan daiteke, azken finean, heriotzaz gain? Heriotza da gauzarik perfektuena?

Sarri, iruditzen zait, hain zuzen, bikaintasuna zikindu duen orbanak aurreko perfekzio hori gehiago nabarmentzen duela. Gauza batzuk eraldatzen direnean soilik ikus dezakegula lehen nola ziren benetan. Orduan,ez al da orbana, akatsa, inperfekzioa beharrezko, bikaintasuna antzemateko?

Eman begiratu bat —orain, argazki edo bideo formatuan— eskaintzen zaizkigun paradisu-lekuen promesei: badakigu inoiz ez direla hain hutsik, hain garbi, hain geldi, hain aratz izango... Zer da ba paradisua, sekula zeureganatuko ez duzun bikaintasuna ez bada?

Ez naiz ikuspegirik neutralena, dena den. Laguna jostailuak garbitu eta gordetzen ari zen bitartean nik ezin bainion eutsi, behin eta berriro, paradisuko gainazal bikaina zipriztin zalapartatsutan leherrarazteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.