Antzerkia

Orakulu bat Basterretxearen zirrikituetan

‘Munstro baten etxean solasean’ antzezlana ondu du Josune Velez de Mendizabalek. Loraldia jaialdian aurkeztuko du artistari eta sorkuntzari buruzko pieza performatibo hori, igandean.

Josune Velez de Mendizabal, antzezlanaren entsegu batean, Baratza aretoan. MIREN FERNANDEZ DE BETOÑO
Josune Velez de Mendizabal, antzezlanaren entsegu batean, Baratza aretoan. MIREN FERNANDEZ DE BETOÑO
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko martxoaren 14a
04:05
Entzun 00:00:0000:00:00

2008ko otsailean, artean kazetari jarduten zuela, Nestor Basterretxea elkarrizketatu zuen Josune Velez de Mendizabalek. Bermeoko (Bizkaia) artistak idatzitako Crónica errante y una miscelánea (Kronika erraria eta miszelanea bat) liburuaren aitzakian egin zion elkarrizketa Idurmendieta baserrian (Hondarribia, Gipuzkoa). Solasaldi haren emaitza Geu aldizkarian argitaratu zen, zabal, eta audioa, ohiko moduan, kasete batean grabatua geratu zen, betirako. Duela gutxi, hamazazpi urtez tiradera batean altxor gisa gorderik egondako grabazio hura berreskuratu, eta zerbait kontatzeko beharra sortu zitzaion Velez de Mendizabali. «Gogoa nuen ez bakarrik haren bizitzaz gehiago jakiteko, baizik eta baita neure buruaren berrikusketa bat egiteko ere: nire ibilbideaz aritzeko, bai kazetaritzan ibili nintzenekoaz, bai gaur egun arte eszenikoetan egin dudanaz».

Kasete zaharra entzun ondotik buruan zirika hasi zitzaion galdera mordoa abiapuntu hartuta ondu du Munstro baten etxean solasean antzerki performatiboa, Marina Suarezen zuzendaritzapean. Igande arratsaldean estreinatuko du pieza, Fundicion aretoan, Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan —Makur Teatrok Kabia obra taulatuko du aurretik—. Garai bateko «Josune kazetari gazte hura» eta «gaur egungo Josune sortzailea» ikusteko aukera egongo da oholtza gainean, eta baita duela hamazazpi urte elkarrizketatutako «Basterretxea hura» ere, zeinak, gaur egun, bizirik balego, sortzaile baten galderak entzungo lituzkeen. Eta, hala, ikusleak bidaia antzeko bat egin ahal izango du denboran zehar, gogoetagai nagusi bati helduta: «Sortzaileok bizi dugun krisi garaiotan, artista bat zerk egiten du artista?».

«Gogoa nuen ez bakarrik haren bizitzaz gehiago jakiteko, baizik eta baita neure buruaren berrikusketa bat egiteko ere: nire ibilbideaz aritzeko, bai kazetaritzan ibili nintzenekoaz, bai gaur egun arte eszenikoetan egin dudanaz»JOSUNE VELEZ DE MENDIZABALSortzailea

Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenaren karietara, haren ibilbidea eta obra ezagutzeko sortutako webgunea elikatzeko enkargua jaso zuen iaz Velez de Mendizabalek, eta zeregin horretan ari zela akordatu zen hamazazpi urte lehenago egindako elkarrizketa hartaz. Zinta zaharra entzun, Basterretxeak oparitutako grabatu bat berreskuratu, orduko argazki eta elkarrizketei hautsa kendu, eta erabaki zuen elkarrizketa haren ingurukoak oholtza gainera eramatea. 

Elkarrizketa hartan, Basterretxeak gogora ekarri zuen 1952an Arantzazuko basilikako horma irudiak egiteko lehiaketa irabazi eta margolanak egin ondoren gauetik goizera ezabatu zizkiotela, eta 1984an berriro margotzeko aukera eman ziotenean «beste zerbait» pintatzeko beharra sentitu zuela. Eta Basterretxearen esaldi bat aipatu du: «Obrek zure nortasun aldakorra erregistratzen dute denboraren joanean, eta, horiei esker, hobeto ezagutuko duzu zure bizitza». 

Basterretxearen «eskutik»

Esaldi horri helduta, eta Basterretxearen «zirrikituetan» arakatuz, iraganari eta orainari so egingo dion prozesu bat eramango du oholtzara Velez de Mendizabalek. Batetik, iragana: «30 urteko kazetari bat, erabat kikilduta, 84 urteko artista handi baten aurrean». Kasetean grabatuta geratu zen elkarrizketa haren «atmosfera» taula gainera eramango du: isiluneak, urduritasuna, amaitu gabeko galderak... Bere burua «biluztu» egingo du sortzaileak, eta ikusleen aurrean «hauskor» agertu. «Lehen nintzen hura eta egun naizen hau aztertzeko modua eman dit, eta baita gaur egun elkarrizketa hura nola egingo nukeen pentsatzeko aukera ere». 

«Sorkuntza zuen hark etengabeko ilusio, eta sorkuntzak ekarri nau ni oholtzara»

JOSUNE VELEZ DE MENDIZABALSortzailea

Bestetik, oraina: gaur egun Basterretxeari egingo lizkiokeen galderez hausnartzeko parada eskainiko du, Basterretxea bera bidelagun hartuta. «Arte eszenikoek gaur egun duten egoera zail honetan, haren eskutik ariko naiz». Izan ere, Velez de Mendizabalen iritziz, gaur egungo sortzaileentzat «arnasgune» moduko bat izan da Bermeoko artista, sorkuntza gorenera eraman eta errekonozimendua lortu baitzuen, nahiz eta oztopoz beteriko bidaia luze bat ere egin behar izan zuen. «Sorkuntza zuen hark etengabeko ilusio, eta sorkuntzak ekarri nau ni oholtzara». Bi sortzaileren arteko solasaldi bat ikusiko da, beraz, taula gainean, non Velez de Mendizabal «orakulu» baten moduan ariko zaion galdezka Basterretxeari.

Oholtzaratuko duen piezaren izenburuan munstro da, ziur asko, arreta handiena ematen duen hitza. Ez da nolanahi aukeratutakoa, ordea. Sormen prozesuan, Itziar Rekalde izan du aholkulari, eta hark bultzatu zuen hitz hori erabiltzera, duen karga sinbolikogatik: «Munstroak iruditeriarekin du zerikusia; halaxe irudikatzen nuen nik Basterretxea, neure burua txiki ikusten bainuen halako artista baten ondoan». 

Pieza performatiboaren ideia mamitzen ari zela, gainera, Basterretxearen Euskal Serie Kosmogonikoa erakusketa ikusi zuen, eta artistak euskal mitologian inspiratuta egindako haritz egurrezko eskultura handiek ere «munstroak» ekarri zizkioten gogora. «Eta, nik, orain, zirrikituetatik begiratu nahi diot munstro horri».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.