«Oraingoak, agian, garai egokiagoak dira niretzat, aurreiritzi gutxiagokoak»

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Angel Illarramendiren '9. Sinfonia' estreinatzen ari da asteon.Etorriari bere bidea egiten utzi dio musikagileak, «baina jolasa kontrolatuz»

Igor Susaeta.
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Garai batean, orain hogei urte gutxi gorabehera, artea eta musika, oro har, «oso intelektualizatuta» zeudela pentsatzen du Angel Illarramendi musikagileak (Zarautz, Gipuzkoa, 1958). Berak, ordea, ez zion melodiari uko egin. «Eta hori bekatu mortala zen orduan!», oroitu du. «Oraingoak, agian, garai egokiagoak da niretzat, aurreiritzi gutxiagokoak». Aproposagoak, esaterako, sinfonia bat ontzeko. Lehenengoa, Zelai urdin izenekoa, 1984an osatu zuen, eta azkenekoa, bederatzigarrena, izenbururik ez duena, 2012 eta 2014 artean idatzitakoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa EOS estreinatzen ari da asteon. «Etorriari bere lekua egin diot, eta gero bere bide propioa osa dezala».

Joan den ostiralean izan zen erabateko estreinaldia, Gasteizko Principal antzokian, EOSen denboraldi honetako bederatzigarren abonamendu programako aurreneko kontzertuan. Jose Miguel Perez-Sierra maisuaren zuzendaritzapean, Donostiako Kursaalean jo zuten herenegun, Iruñeko Baluarten atzo, Bilboko Euskaldunan interpretatuko dute gaur, eta bihar Kursaalean izango da azken emanaldia—20:00etan izango dira biak—.

Illarramendiri zaila egiten zaio sinfonia berria nolakoa den—25 minutu pasatxoko iraupena dauka—, zein ezaugarri dituen azaltzea, baina sekreturik ez dagoela dio. «Interesgarria iruditzen zitzaidan, eta aukerak eskainiko zizkidan musika esaldi bat egin nuen, eta gero hori zabalduzjoan naiz». Hori da sekretua, haren esanetan. «Besterik gabe». Prozesuan jolas egiteko asmoa zeukan. Badaki, dena den, jolastuaren jolastuz azken emaitza nahasia gerta daitekeela. «Bai, bai, argi dago. Jolas hori kontrolpean edukitzea, arkitektura, harmonia eta beste zaintzea komeni da obra freskoa izan dadin».

Egun ez da ohikoegia sinfoniak lantzea. Illarramendik nabarmendu du, halere, kontzeptua «oso askea» dela aspalditik. «Lehen osatzen ziren forma sonata gisa, eta estruktura zehatz bat zuten. Beethovenek azpiegitura hori zabaldu zuen, eta geroztik...». Eguneroko batekin konparatzen du sinfonia bat: «Horietan ikusi ahal delako nola ari den konpositore baten bizitza bideak zeharkatzen; nola sortzen duen musikak berak musika berria». Kontzeptua maite du, garatzeko zailena bezala askeena delako, «lokarririk ez daukazulako».

Lehen, hirugarren eta laugarren sinfoniei izena jarri zien. Orain, berriz, ez du horretarako beharrik ikusten. «Nahiago dut horrela, informazio gehigarririk eman gabe, ikusteko ea jendeak nola erreakzionatzen duen».

Kontzertua diskora

9. Sinfonia grabatuko dute kontzertuetan, eta diskoa 4. Sinfonia-rekin batera (1994) osatuko dute —EOSekoek orain aste batzuk erregistratu zuten, Miramonen—. Sonny Classics etxeak kaleratuko du lana. «Oraindik ere entzun gabe konfiantza hori adieraztea, bada, oso estimatzekoa da». Ez daki zein bide egingo duen diskoak gero —«ez dago nire esku»—, baina iruditzen zaio musika sinfonikoa «unibertsala» dela eta mundu osora hel daitekeela pixkanaka.

Bosgarren, seigarren eta zortzigarren sinfoniak estreinatu ere ez ditu egin oraindik. «Oso txarra naiz neure burua saltzeko, baina kristoren afizioa daukat gauzak egiteko». Ez du uste, beraz, alferrikako lanean dabilenik. «Gauza izango litzateke obra bat bukatu eta derrepentean estreinatzea, ezta?». Lan berria mugitzen jardun beharrean, beste batekin hasteko joera izan ohi du, ordea. «Orain argitaletxe on batekin nabil [Music Sales Group], eta haiek mugitzen dute dena».

Inoiz aitortu izan du, minduta, euskal konpositoreen lan gehiago estreinatu beharko lituzkeela EOSek. «Betiko arazoa da. Zertarako dago, bada, bestela? Brahms jotzeko? Horretarako ere bai, noski, baina batez ere hemengoen obrak interpretatzeko». Horretarako «dinamika aberatsak» sortu behar direlakoan dago. «Mundu guztiak jokatzen du hala. Zer egiten dute Errusiako orkestrek biran ateratzen direnean? Konpositore errusiar bat aukeratzen dute. Frantsesek, berdin. Guk ere hala jokatu beharko genuke; esfortzu bat egin beharko litzateke». Halere, azpimarratu nahi du azken urteotan EOSeko zuzendaritzan egon direnak ondo portatu direla berarekin.

Musika garaikidea osatzeagatik bezala — ez du, baina, garaikidea terminoa gogoko—, zinemarako musika egiteagatik nabarmendu da azkeneko hogeita hamar urteetan. Lan egin izan du, besteak beste, Gracia Querejetarekin, Juan Jose Campanellarekin, Manuel Gutierrez Aragonekin eta Pedro Olearekin. Helena Taberna El contenido del silencio pelikula filmatzen ari da, eta horri Illarramendik jarriko dio musika. Batean edo bestean aritu, ez dauka txipa gehiegi aldatu beharrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.