Oraingo izateko hiru modu

Iñaki Garmendia, Erlea Maneros Zabala eta Xabier Salaberria euskal artisten lanak erakutsiko ditu Guggenheim museoakErakusketan nahi zuen pieza bat kanpoan gelditu delako, haserre azaldu da Garmendia

Inigo Astiz
Bilbo
2013ko urriaren 31
00:00
Entzun
Orainari begiratzea eta bertakoari erreparatzea. Hori ere bada Bilboko Guggenheim museoaren egitekoetariko bat. Eta horregatik elkartu dituzte 70eko hamarkadan hazitako hiru euskal sortzaile. Erlea Maneros Zabala (Bilbo, 1977), Xabier Salaberria (Donostia, 1969) eta Iñaki Garmendia (Ordizia, 1972). Sona badute hiru artistek nazioartean ere, eta hirugarren solairua osorik eskaini diote Prozesua eta metodoa erakusketari. Gune bana eskaini diote bertan bakoitzari. Oraingo izateko hiru moduri. Baina sortzaileen arteko puntu komunak nabarmendu dituzte Lucia Agirre eta Alvaro Rodriguez erakusketako komisarioek. «Historiaren gaineko interesa dute hirurek». Museorako espresuki obra bat sortzeko eskatu diete, eta pieza zaharragoekin jarri dituzte ikusgai. «Lan zaila proposatu diegu artistei», aitortu du Rodriguezek. «Beren orain arteko lanari begira jarri ditugu, baina baita zerbait berri egiten ere», hots, aldi berean jarri dituztela atzera eta aurrera begira. Emaitza «bikaina» izan dela adierazi dute museoko arduradunek. Baina hor sortu da polemika.

Beste sortzaileen obren interpretazioak egiten ditu maiz Garmendiak. Hori da, adibidez, 2004an Kolpez kolpe piezarekin egin zuena. Kortatu eta Zarama taldeen kantak jotzen jarri zituen Taiwango musika talde bateko kideak. Testuinguruz eta garaiz aldatu zituen kantuak, eta horrek sortzen duen deskonexioa erakusten du piezak. Gure Artea saria jaso zuen orduan pieza horrengatik, eta hori da Bilbon ikus daitezkeen lanetariko bat. Baina, hain zuzen ere, antzerako zerbait egiten saiatu da oraingoan Jorge Oteizaren eskultura batekin, eta horrek piztu du polemika. Museoaren ustez Garmendiaren lanak egiletza eskubideak urra zitzakeelako. Eta, horren ondorioz, artistak piezako parte zen buruetariko bat kentzea erabaki duelako. Eta haserre azaldu da.

Oteizaren busto bat hartu du oinarritzat Guggenheimerako propio egindako sormen lanerako Garmendiak. Museoak egile eskubideengatik arazoak egon zitezkeela abisua eman zion hasieratik. Oteizaren oinordekoen baimenik gabe lege aldetik arazoak izan zitzakeela azaldu zioten Ordiziako sortzaileari. Azkenean, bustoa kendu egin du erakusketatik,baina erabakiarekin ez da pozik gelditu. Dioenez, berea ez da Oteizaren lanaren kopia bat, interpretazio bat baizik. Nolabait ere, museoak pieza hori kentzera bultzatu duela sentitu du. Baina hori ukatu egin dute museoko arduradunek. «Guk ezin dugu legez kanpoko ekintzarik egin», esan dute.

Historia, gordin emanda

Maiz egiten du lan artxiboekin Maneros Zabalak. Eta argi ikusten da hori erakusketarako sortu duen piezan. Los Angelesen bizi da azken urteetan, eta AEBetako hedabideetako irudiekin lanak egina da aurrez. Oraingoan sustraietara jotzea erabaki du, ordea. Lazkaora jo du, bertan aurkitutako aldizkari lokal batera. Pelix izeneko aldizkarira, zehazki. 1961. eta 1967. urteen artean argitaratu zuten herriko zenbait elizgizonek publikazio hura, euskaraz eta erdi ezkutuan, eta lan hori berreskuratu du Maneros Zabalak erakusketarako. Aldizkariaren zenbaki bakoitzeko kobrezko plantxa bat sortu du, eta hori da museoan ikusgai jarri duena. Ez da hor amaitu haren berreskurapen lana, ordea. Aldizkari guztia ere digitalizatu, eta sarean jarri du denen eskura, www.pelix.us orrian.

«Historia idazteko lehengaia da artxiboko materiala. Eta niri interesatzen zait material hori jendeari ematea, historialarien eskuetatik pasatu aurretik». Historia aurkezten duela, alegia, baina gordin. Historia bilakatu aitzin.

Hori da pieza berria, baina haren ibilbideko lan esanguratsuenetariko batzuk ere ikus daitezke Guggenheimen. Bertan dira, adibidez, 2011n Los Angeles Times eta New York Times egunkarietan agertutako gerra irudiekin egindako lanak. Hedabideok erakusten dituzten Afganistanen aurkako erasoaren irudiak hartzen ditu oinarri gisa artistak pieza horietan, eta akuarelak sortzen ditu irudi horietatik abiatuta. Lazturaren irudi ederrak, alegia. Eta hori da kritika. «Ez da kasualitatea hedabide horiek irudi horiek hautatu izana».

Xabier Salaberriak uko egin dio erakusketa atzera begirako gisa antolatzeari. Azaldu duenez, «errepikapen estrategia bat» baliatu du erakusketa antolatzeko. Eta, horregatik, eraldatuta erakutsi ditu orain arte egindako lanak Guggenheimen. Lekura eta garaira moldatuta, nolabait ere. Arkitektura, diseinu eta artearen artean mugitzen da donostiarra, eta hori ikus daiteke erakusketan. «Niretzat berdina da arte pieza eta pieza hori erakusteko erabiltzen den bidea. Erakusteko moduak asko eragiten du erakusten den horretan, eta, horregatik, maila berean lantzen ditut koadroa eta markoa». Eta nabarmena da joera hori Hondamendia izeneko piezan, adibidez. Jorge Oteizak Sao Paoloko biurtekoan bere eskulturak erakusteko eramandako idulkiak dira artelan horren oinarria. Hain zuzen ere, eskultura bilakatzen ditu Oteizak eskulturei eusteko sortutako idulki horiek. Eta hor daude haren erakusketako bigarren aretoan. Pilatuta.

Orain arte landutako bidea jorratu du erakusketarako propio sortutako piezan ere Salaberriak. Areto osoa hartzen du A.T.M.O.T.W. izeneko instalazioak. All the materials of the world esaldiaren akronimoa da titulua. Munduko material guztiak esaldiarena, euskaraz. Geri Rietveld arkitektoaren lana hartu du obraren abiapuntu gisa, eta komisarioen hitzetan «arkitektura, diseinuaren eta artearen bidegurutzean» dago pieza. «Gure eskultura publikoa hartu dut kontuan».

Aretorik bihurrienak suertatu zaizkio Salaberriari. Hormarik okerrenak. Ez da kexatu, ordea. Hori ahazten saiatu dela dio. «Abstrakzio bat egin dut. Ez diot utzi Gehryren arkitekturari gailendu dadin». Ederra da, ordea, erakusketa ixten duen pieza txikiaren eta museoaren neurriaren arteko kontrastea. Balkoi moduko batean dago, egon ere, Martello izeneko lana. Museoaren sabaia eta zorua ikusi daitezke bertatik, eta hor 25 zentimetro luze den eskultura lana. Metro erdiko altuera izango duen idulki baten gainean. Txiki, museoaren handitasunaren aurrean.

Otsailaren 16ra arte izango da zabalik erakusketa.

Erakusketarekin egindako bideoa ikusteko, bisitatu gure orria:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.