«Ez gara ezkonduko, ez ditugu seme-alabak edukiko; agian bi bikote izango ditut, edo hiru, baina nola egingo dugu hori?, ze oraindik sentimendu zaharrak dauzkagu». Bi munduren arteko argiantzaz mintzo da Lizar Begoña (Sopela, Bizkaia, 1996). Berez, ekainean hasi eta abuztura artean, Benidormeko prentsa kiosko batean lan egiten duten bi emakumeren ahotsak biltzen ditu Mundu zitalaren kontra eleberriak (Elkar). Kioskoaren jabea da bata, adinekoa, nolabait bizitzaren ilunabarrerantz doana, eta udan hara lan egitera joan den Arte Ederretako ikasle gaztea da bestea, egunsentitik ateratzen dirudiena. Mundu digitalaren eta prentsa idatziaren arteko kontrastea izan zuen lehen pizgarria, dioenez, baina kontakizuna hazten joan ahala, liburuaren hondoan geratu da lehen printza hori, eta, aldiz, bi emakume horien hitzen artean, azaleratuz joan da maitatzeko ereduei buruzko kezka. Bere belaunaldiaren lekukotasuna eman nahi izan duela dio, eta horregatik agian. Presente zegoen gaia bere aurreko bi poema liburuetan —Aro beilegia (Balea zuria, 2020) eta Gepardo japoniarrak (Susa, 2022)— eta paragrafo esanguratsu batzuk ere hartu dizkio bere lehen nobelaren kasuan ere, ilunabarraren eta egunsentiaren arteko argi zalantzati horretan, betiere.
Gaurkotasuna da prentsa kiosko baten lehengaia, baina, paradoxikoki, garaiz kanpo geratuz doa. Bere heriotzaren notiziari ez ikusiarena egin nahi dion espazio bat da.
Kioskoek beste garai bateko zerbait dirudite. Horrek ere erakarri ninduen. Sentitu nuen hor bazegoela zerbait kontatzeko; garaikidea ere izan zitekeen zerbait. Boom ikaragarria izan delako pantailena, eta gaur egun nire belaunaldiko gero eta gutxiagok irakurtzen dugu prentsa paperean. Eta liburuak ere gero eta gutxiago kontsumitzen dira. Kioskoak eskaintzen duen kontraste horretan, ekarri nahi nuen apur bat neure inguruan ikusten dudana, eta nire belaunaldiaren lekukotasun bat eman.
Zure belaunaldiaren zer edo zer kontatzea izan da motor nagusia, hortaz?
Bai, hori da.
Eta zama egin zaizu lekukotza eman behar hori?
Ez. Justu hori gustura egiten dut, eta nahiko neurez egiten dut. Gehiago sufritu dut beste pertsonaia hori sortzen [kioskoaren jabea den adineko emakumea]. Gainera, lehen aldia izan dut fikzioan, eta apur bat errespetuz hitz egin nahi nuen ahots horretatik. Kontuz ibili kontatzen dudanarekin. Bere belaunaldia ekarri, baina niretik. Baina kostatu zait hori apur bat. Momentu batzuetan zalantza izan dut zer protagonismo mota eman ere. Pertsonaia bat oso gertukoa nuen, eta bestea...
Horregatik bihurtu duzu pixka bat punk?
Bai! [Barreak].
Belaunaldi ezberdinetakoak izanik ere, biak dira kontestatario xamarrak.
Ez nuen hirugarren adineko emakumearen klixe bat ekarri nahi. Kutsu punkago bat eman diot, eta horrela, bai, ekarri ahal izan dut apur bat nirera. Gero, kontakizunean bi pertsonaien ahotsak tartekatzen dira etengabe. Kontrastea sortzen du horrek. Eta, gainera, nahi izan dut bi istorioak izatea apur bat simetrikoak. Adibidez, pertsonaia gazteak badauka bigarren mailako pertsonaia bat, eta beste emakumeak ere badauka berea.
«Ez nuen hirugarren adineko emakumearen klixe bat ekarri nahi. Kutsu punkago bat eman diot, eta horrela, bai, ekarri ahal izan dut apur bat nirera».
Benidormen kokatu duzu nobela. Pertsonaietako batek harridura adierazten du orain hotelek eta turismoak hartzen duten herri hori inoiz arrantzale herri bat izan zelako. Abisu bat da Benidorm?
Abisu bat zerena?
Arrantzaren mundua azpian harrapatu duen turismoarena. Hemen agian lehen eta bigarren sektorearen desagerpenarena izan daitekeena, zerbitzuen sektorearen azpian. Alegia, Benidorm izan daitekeela modu bat Bilboz ere aritzeko.
Edo Donostiaz edo Bakioz [Bizkaia]... Kokalekuak sinbologia itzela dauka. Denok daukagu iritzi bat Benidormen inguruan. Uste dut apur bat goitik begiratzen dugun leku bat dela. Turismo itzela dago. Bilbotik turismo itzela dago hara, gehienbat jende nagusiarena. Ez nuen lekua ezagutzen, baina bai sortzen zidan iruditeria bat oso konkretua, nortasun handikoa, anti-literarioa ere badena apur bat, eta horregatik erabaki nuen. Gainera, ezagutzen nuen Martin Parr argazkilariaren lana ere. Berak argazki serie bat dauka Benidormen egindakoa, eta pilo bat erakarri ninduen, zeren turismo masiboaren detaileak erretratatzen ditu, eta nahiko ironikoa da. Umoretsua. Bizia. Koloretsua. Hortik heldu nintzen kokalekura, eta, gero, haren historia ikusi nuen, eta horrek are gehiago erakarri ninduen. Hor nola sortu den Disneyland antzeko kartoizko hiri bat. Nobelako eszenografia da.
Baina oporraldiaren eta, beraz, salbuespenaren neurrira eraikitako herri horretan, zuk, justu, eguneroko inurri lanetan dabiltzan bi pertsonaiarengan jarri duzu arreta.
Bai. Eta, Pau izeneko pertsonaiaren bidez, hoteletan egiten den lana erakusten du nobelak. Ez dut askorik sakontzen horretan, baina bertako ekonomia guztia sostengatzeko sortzen diren lan horiek ekartzen ditut haren bidez; turismoaren atzean dagoen hori guztia.
«Kokalekuak sinbologia itzela dauka. Denok daukagu iritzi bat Benidormen inguruan. Uste dut apur bat goitik begiratzen dugun leku bat dela».
Zure aurreko poema liburuetan ere landua duzu gaia, eta orain ere, nobelan, leku nabarmena hartzen du maitasun forma berrien esplorazioak. Protagonista gazteak honela aitortzen du une batean: «Ez dut (zu) maitatzeko molderik ezagutzen. Eredu guztiak galdu nituen, ez dut nire desiora egokitzen den patroi prefabrikaturik aurkitzen. Eta ez dakit zer eta nola eskatu».
Maitasunarena da liburuan pisu handia hartu duen beste gaietako bat. Aurreko liburuan, eta lehenengoan ere, hala zen. Arduratzen nauen gai bat da. Uste dut denoi dagokiguna ere badela. Gure belaunaldiaren pintzelkada txiki bat ekarri nahi izan dut horrekin. Protagonista honek aurreko belaunaldien egiteko moduekin apurtzeko nahia dauka, baina oraindik ere erreferentzia zaharrekin dabil, historikoki ditugun irudiekin, eta modu berriak bilatzen saiatzen dabil maitatzeko. Pertsonaia horrek ezinegon hori dauka maitasunaren aurrean.
Pertsonaia horrek, bai, eta, luzapenez, baita belaunaldi oso batek ere?
Noraez bat dago. Gure belaunaldian badago aurreko belaunaldien moldeak apurtzeko saiakera bat. Hori agian belaunaldi guztiek egiten duten zerbait da, eta kontatzen dena da zehazki nik nola bizi dudan. Oso niretik ekarrita dago hori, eta nire errealitatea da, baina badago kezka kolektibo bat ere.
Aurrekoan, adibidez, irakurle klub batean aritu ginen maitasunari buruz hitz egiten, eta bi bandoko elkarrizketa bat izan zen. Alde batean bost, sei, zazpi bat adineko pertsona, eta, gero, nire bost lagun, denak irakurle talde berean, denak liburuaz berbetan, eta irten zen gai hau. Hasi ginen queertasunaz hitz egiten eta hor jada apurketa bat dago. Kontzeptuak ere ezberdinak dira. Eurek esaten zuten eurek ere apurtu egin zutela aurreko belaunaldiaren moduekin; dibortziatu asko daude, homosexualak... Baina gure kasuan hor badago salto bat, eta horretaz hitz egin nahi izan dut: noraez horretaz. Ez gara ezkonduko, ez ditugu seme-alabak edukiko, agian bi bikote izango ditut, edo hiru, baina nola egingo dugu hori?, ze oraindik sentimendu zaharrak dauzkagu. Hori errealitate bat da, eta horren zantzuren bat agertzen da.
«Protagonista gazteak aurreko belaunaldien egiteko moduekin apurtzeko nahia dauka, baina oraindik ere erreferentzia zaharrekin dabil, historikoki ditugun irudiekin, eta modu berriak bilatzen saiatzen dabil maitatzeko».
Maiz agertzen da literatura ere liburuan. Protagonista gaztea Miren Agur Meaberen Hezurren erretura liburua irakurtzen ari da. Protagonista zaharrak aitarenak izandako liburuak jartzen ditu salgai. Eta, kasualitatez, bi pertsonaiek aipatzen dute Jorge Luis Borges idazlearen liburutegiaren ipuina.
Borgesen liburutegiaren ipuinean Interneten alegoria bat ikusten dut nik, eta uste dut erabilia izan dela zentzu horretan. Izan dezake liburu honekin lotura bat.
Eta zer da literatura zuretzat? Nola bizi duzu zuk?
Bi zentzutan erantzun ahal dizut. Alde batetik, idazle modura, ardura apur batekin bizi dut, ikusten dudalako gero eta irakurzaletasun gutxiago dagoela. Ez dakit pesimistegia naizen edo ez, baina ni ibiltzen naizen irakurle taldeetan nire belaunaldiaren presentzia nahiko urria da, eta nik idatzi dudan liburu hau, adibidez, denontzat da, noski, baina bertan dagoen hizkuntza nire belaunaldiarena da, eta ematen dit pena ez heltzea belarri horietara. Niretzat, errealitatea azaltzeko modu bat da. Hori alde batetik, eta, beste alde batetik, irakurle modura, denok daukagu ahotan gauza bera, baina, frenesi garai honetan, beti gaude pantaila artean, eta oso zaila da tarte bat aurkitzea irakurketa luzerako eta geldorako. Arduraz bizi dut hori guztia.
Protagonista gazteak arte ikasketak egin ditu, eta gero eta gehiago doa eskultura atzean uzten eta hizkuntzarantz jotzen. Erabat zurea den bilakaera bat kontatu duzu pertsonaia horren bitartez.
Guztiz. Gustatzen zait liburua hornitzea irudi bisualez, igual ni hortik natorrelako, eta horregatik da pertsonaia Arte Ederretako ikaslea ere. Eta, bestetik, aitortu behar dut nahiko autobiografikoa dela pasarte hori, bai; ez naizelako moldatzen arte plastikoetan, eta nirea igual hizkuntza da, edo neure buruari hori sinetsarazi diot, testua dela nire materia prima eta hortik sortzen dudala.
«Zalantza nahiko potolo bat izan dut hizkuntza paisaia txertatzeko moduarekin. Benidormen girotuta dago liburua, eta horrela irten zait. Baina gaur egun neure buruari kritikatzen diodan zerbait da. Euskaraz idatzitako liburu bat da, eta euskaratik, baina, irakurle naizenean, gustatzen zait hizkuntza aniztasun hori».
Benidormeko hizkuntza paisaia ere islatu duzu liburuan. Euskaraz idatzi duzu liburua, baina badira katalanezko, gaztelerazko zein ingelesezko pasarteak ere.
Zalantza nahiko potolo bat izan da. Benidormen girotuta dago liburua, eta horrela irten zait. Baina gaur egun neure buruari kritikatzen diodan zerbait da. Euskaraz idatzitako liburu bat da, eta euskaratik; eta hori aldarrikatzen dut, bestela idatzi ahalko nukeelako beste hizkuntza batean, baina, irakurle naizenean, gustatzen zait hizkuntza aniztasun hori, eta valentziera ere hor egotea, apur bat lurreratzen duelako istorioa.
Eta orain damutu egin zaizu?
Neure burua zigortzen nabil orain horrekin, bai. Igual hurrengoa euskara puruan idatziko dut [irribarrez].
Orain arte bi poesia liburu idatzi dituzu, denbora eperik gabe idatziko zenituenak, eta eleberri hau, aldiz, Igartza sariari esker eman duzu argitara, sariak eskatzen duen urtebeteko epearen barruan. Erlojua martxan dela idatzitako liburua da, beraz. Zer moduzkoa izan da hori?
Banekien urtebeteko epea izango nuela, eta...
... eta, beraz, ongi planifikatu zenuen?
Ez. [Barreak]. Gainera, nire aurretik sari horrekin kaleratutako liburuen maila ikusita, eta haietako hainbat irakurri ditudanez eta apreziatzen ditudanez, ardura sentitu dut, eta maila horren presio puntu bat ere bai. Saiatu naiz oso serio hartzen. Amaitu nuenean, sentitu nuen jarraituko nukeela, baina entregatu behar zela, epe bat zegoelako, eta agian neure buruari ere on egin dio horrek. Agian, hasi eta bukatzeko modu bat izan da, neure buruarekin ez daukadalako diziplina oso-oso gogorra ere. Mesede egin dit. Bultzada bat ere bada argitaratzea bera, eta Elkar argitaletxearekin argitaratu ahal izatea ere bada leiho bat eskertu dudana, igual hurrengo lanetarako. Ikusiko dut nora noan, baina...
Eta nora zoaz? Badakizu?
Ez. Oraintxe bertan hau utzi dut, eta ez nabil asko irakurtzen, ez gauza asko kontsumitzen. Apur bat geldi nabil. Uste dut errespetatu nahi dudala garai hau ere, isilik, geldi.