Oraindik bizi da Shane MacGowan?

Bihar estreinatuko dute, Bilbon, The Pogueseko kantaria ardatz hartuta Gibelurdinek taldeak eta Unai Elorriagak sortutako ikuskizun hibridoa

Unai Elorriaga idazlea, atzean Gibelurdinek taldeko musikariak dituela. LORALDIA.
Inigo Astiz
2016ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Is Shane MacGowan still alive?. Berez, Tim Bradfor idazleak Irlandari eta irlandar kulturari buruz idatzitako umorezko liburu baten titulua da esaldia: Oraindik bizi da Shane MacGowan?. Baina balio dezake galderak The Pogues taldeko abeslari eta kanta idazleak duen mitotik gertuko estatusa ulertzeko, zeren jarraitu, jarraitzen du bizirik eta musika eta literatura sortzen, baina aspaldi da kondairen aura hori eskuratu zuela. Gustuko zuten abeslaria aurrez ere Unai Elorriaga idazleak eta Gibelurdinek taldeko kideek, baina MacGowanek Euskal Herriarekin lotura berezia zuela jakitean piztu zitzaien harra; hiru urte eman dituzte geroztik elkarlanean, eta abeslariaren figura oinarri hartuta sortu dute Shane MacGowanen gibela ikuskizuna. Musika, literatura, bertsoak eta bideoak uztartzen ditu emanaldiak, eta bihar estreinatuko dute, Bilboko Kafe Antzokian, Loraldia jaialdiaren barruan.

Aspalditik zetorkion MacGowanekiko miresmena Elorriagari, baina abeslaria Euskal Herrian zebilela zioen arrastoak piztu zion jakin-mina. «Flipatu egiten genuen The Pogues taldearen kantekin, eta tipoa ere berezia da. Desastrea, alkoholikoa, drogazalea, baina oso tipo inteligentea. Berak idazten ditu hitzak, eta musika berak egiten du. Jeinu hutsa zen gaztetan. Londresko eliteko eskola baterako beka bat ere eman zioten. Gero bota egin zuten. Ertz asko dituen pertsona bat da, eta beti eduki dut gogoan harekin zerbait egitea, baina halako batean zurrumurru bat heldu zitzaigun esaten zuena Euskal Herrian zebilela. Euskal Herriarekiko halako lotura berezi bat zeukala jakin, eta horri tiraka erabaki genuen kontatu beharra genuela istorioa, baina kontatu ganoraz». Eta horretarako jo zuen Gibelurdinek taldekoengana.

Istorioa bazuen, baina duda egin zuen hasieran Elorriagak. Ez zekien ipuina idatzi, saiakera idatzi, edo kontakizunari beste ukitu bat ematen saiatu. Eta azken aukeraren alde lerratu zen azkenean. Istorioari «MacGowanen punk ukitu hori» ematen saiatu dela dio. Horregatik egin zien proposamena Gibelurdinek taldeko kideei, eta horregatik erabaki zuen azkenean egindako lan hori zuzeneko ikuskizunaren formatura eramatea. Elkarrekin aritu dira geroztik musikariak eta idazlea, eta, zehaztu dutenez, badira hiru urte saioa lantzen dabiltzala.

Dokumental transmedia bat

Denborarekin, haziz joan da proiektua, gainera. Musika eta literatura uztartzea zen hasieran ideia, baina bideoa ere txertatu dute azkenean. Izan ere, elkarrizketa sorta bat egin eta hainbat artxibo bisitatu dituzte MacGowan Euskal Herriarekin lotzen duen motiboaren bila, eta bideoan grabatu dituzte urrats horiek guztiak. Emanaldian, ordea, MacGowanen kontzertuen eta elkarrizketen irudiak ere ikusi ahalko dira bilaketa kontatzen duten irudi horiekin batera.

«Dokumental transmedia bat da». Fredi Paia bertsolari eta Gibelurdinek taldeko kideak onartu duenez, bere arrebari hartu dio emanaldiaren definizioa, baina, dioenez, funtsean horixe da emanaldia: musika, literatura, bideoa eta bertsoak uztartuz sortutako zuzeneko dokumental hibrido moduko bat. The Poguesen bertsioak joko ditu taldeak, botako dituzte bat-bateko koplak, abeslariaren pasarte biografikoak irakurriko dituzte, ikusiko dira bideoak, irakurriko dituzte poemak, entzungo dira nazioarteko prentsatik hartutako pasarteak... Eta hari guztiak batzea izan da Elorriagaren eta Gibelurdinek taldekoen lana. Zailtasun berezirik ez, ordea, horrekin, Paiak dioenez. «Unaik [Elorriagak] dauka literatura bat nahiko cortazartarra, eta nahiko era naturalean egin dugu lotura. Ez zaigu gehiegizko ahalegin bat iruditu».

Ohituta daude Gibelurdinek taldeko kideak ere artxibo eta ikerketa lanetara, eta eroso, beraz, proiektuarekin. Paiak dioenez, kanta bakoitzarekin ikerketa lan handia egin zuten 2012an kaleratutako diskoan, eta beti egin zaie gertuko musikaren inguruan informazioa ematea. Orain, ikerketa lan hori figura bakarrean ardaztu dutela da kontua.

Ezagun da MacGowanen mozkor fama, eta emanaldian ere etengabea izango dira alkoholari buruzko erreferentziak. Horregatik saioaren izenburua ere: Shane MacGowanen gibela. Paiak eman du azalpena: «MacGowanek dio bera ez dela mozkorra, bera hedonista dela. Baina emanaldian aipatzen dugun Glasgow Spectator egunkariari eskainitako elkarrizketan hitzez hitz esaten dio kazetariari bera hedonista dela, baina hedonista hitza esaten duen aldiro berak idatz dezakeela mozkor hitza nahi badu». Badu tragediatik kontakizunak, baina, Paiak zehaztu duenez, umoretsua da tonu orokorra. «Dramatikoa da kontakizuna puntu batzuetan, baina nagusiki umoretik begiratzen diogu guk».

MacGowan da ikuskizuneko hari nagusia, baina bestelako ildoak ere txertatu dituzte kontakizun orokorrean. Karismari buruzko gogoetak, Algortako organoari buruzkoak, herriko artista baten ingurukoak, Hitlerri buruzkoak... Argia da ideia, Elorriagaren hitzetan: «Ipuintxo bat entzutea, eta entzutea musika ederraz hornitua».

Bihar egingo dute estreinaldia, baina aurreragorako ere saio gehiago dituzte lotuta.

'SHANE MACGOWANEN GIBELA'

Bihar. Bilboko Kafe Antzokiko goiko gelan, 21:00etan. Prezioa: 5€.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.