'Itzulerak'
Idazlea: Miren Agur Meabe.
Argitaletxea: Elkar.
Itzulera baten istorioa dakar Miren Agur Meabek Itzulerak izeneko azken eleberrian; zehazki, XXI. mende honetatik XVI. menderako bidaia bat. Baina ez Martin Ugaldek bere nobelan kontatu bezalako bidaia geografiko bat, Venezuelatik Euskal Herrira, adibidez, baizik eta ardatz kronologikoan zehar egindako bidaia literario bat, Euskal Herri modernotik, 1568ko eta ondorengo urteetako Euskal Herrira. Bi denbora horiek josteko eta nobela ardazteko, Meabek espazio fisiko bat bera darabil, Garraitzeta, fikziozko Lekeitio bat, zeinetan bi denborak ez ezik, hainbat sinbolo ere gurutzatzen diren: haizea, bizitzaren beraren metafora bezala; eguzki-loreak, akelarreak eta haritzak, euskal ohiturei eta kulturari keinu eginez; balada bat hemen eta eresi bat han, Laboaren kantuen oihartzunak, Sarrionandiaren poemen lorratzak eta Jean de Leizarragaren testamentua, ahozko eta idatzizko euskal literaturaren lekuko; eta bi pertsonaia femenino indartsu, emakumeok iraganean izan ginela eta egun oraindik bagarela erakusteko: batetik, Martija de Jauregi pertsonaia historiko erreala, emagina izan zena eta Nafarroatik egotzi zutena sorgintzat hartuta; eta, bestetik, Katalin, protagonista, Martin Ugalderen nobelako emakume ikarati eta zaurgarri harekin antzik ez duen nerabe indartsu eta ausarta.
Alderdi estetikoak, alegia, formak aipatu dudan unibertso literario horrekin guztiarekin egiten du bat. Batetik, nobelako kapituluak bi ardatz nagusik meneratzen dituzte, behin eta berriz errepikatzen direnak: denbora eta haizeak. Bestetik, narrazioko denborak ere, iragana eta oraina bezala, tartekatuta eta elkarrekin gurutzatuta datoz. Hala, orainak iraganaren historia osatzen du, paraleloki, bigarren planoan geratzen diren pertsonaiek egiten dituzten aurkikuntzekin, deskubrimenduekin, eta, alderantziz, irakurleak Katalinen eta enparauen bizitza zer-nolakoa den hobeto ulertuko du iraganeko gertaerek aurrera egin ahala. Azkenik, narratzaileak berak ere egiten dio keinurik dualismo kronologiko horri, Katalin iraganari lotzen zaion unean hirugarren pertsonatik lehenengora egiten baitu salto diskurtsoak. Antitetikoki, hortaz, hurbilagoa den eta «ni» dioen ahots batekin kontatzen zaigu iragana; oraina, berriz, urrunagoa zaigun batekin. Horra hor obraren balio literarioa.
Itzulerak eleberria gazte literatura bezala aurkeztu zuen idazleak berak, eta tonuan eta erritmoan nabari bada ere, seguru nago gazteei ez ezik helduei ere zer edo zer eragingo diela denborarik gabeko Garraitzeta horrek: orainetik iraganerako eta iraganetik orainerako bidegurutze bat gotortzen da orriz orri; itzulera baten istorioa ez ezik, itzuliz deskubritutako historia zati bat, euskal kulturaren lekukotasun txatal bat. Joseba Sarrionandiaren hitzak neure eginez: «Historiaren xedea ez da iragana epaitzea, baizik eta konprenitzea eta, konprenitu, geure aroa emendatzeko… Iragana ez badugu konprenitzen ez dugu egungoa konprenituko, eta egungoa ezagutzen ez den bitartean ezinezkoa da iragana entelegatzea».